Ikaskuntzarako eremu nagusi moduan, agora izeneko hiru hausnarketa-gune proposatzen ditugu: Autokudeaketaren eta Herri Ondasunaren Agora,SmartCitizen Agora eta Entzunaldi eta Komunikazio Digitalaren Agora.

Agora bakoitzeko arduradunak eta proiektua koordinatzeko taldeak bi astean behin emandako on line plataforman erkatzea izango da eduki horiek sakon aztertzeko dinamika nagusia. Horrez gain, amaieran, zuzeneko topaketa erdi irekia ere egingo dugu BHERRIAn aztergai izango ditugun esperientzia adierazgarrietako bateko lokaletan.

Hiru agorak amaitutakoan, parte-hartzaile guztiekin garatuko dugun zuzeneko amaiera-saiorako deia egingo dugu, esperientziak trukatzeko eta prozesuari buruzko baterako azterketa egiteko.

Saio horretan azaldutako ideiek ikaskuntza honetako giltzarri garrantzitsuenei buruzko agiria prestatzen lagunduko digute. Inspiraziorako testua sortu nahi dugu, ikuspegi publikotik zein pribatutik horrelako ekimenetan inplikatuta dauden beste pertsona batzuek erabili dezaten eta hurrengo hilabete zein urteetan lan egiten jarraitu dadin.

Hona hemen eremu horien aurkezpena:

Autokudeaketa eta herri-ondasuna

Krisian, trantsizioan, dagoen gizartean, bertan nagusi diren paradigmak biziaren eta ekosistemaren euspen tekniko hutsari begira bidegabeak bezain baliogabeak direla kontuan hartuta, alternatibak, eredu berriak, sortzen dira. Hasiera batean, gainera, txikiak bezain ahulak badira ere, oso ahaltsuak eta gero eta egiazkoagoak dira alternatiba egingarri moduan. Eredu horietan, ordea, ZER barik NOLA da gehien aldatzen dena.

BHERRIAko lehenengo bloke honetan, honako hauxe izango dugu hizpide nagusi: lehiatzeko paradigmatik elkarrekin lan egiteko eta arlo publikoaren, pribatuaren nahiz bateratuaren arteko harreman berriak proposatzeko paradigmarako urratsa taldean ematea; garapen-bidean eta autoantolatuta dauden ereduak eta parte hartzeko, elkarrekin lan egiteko eta batera sortzeko modu berriak ezartzea; eta erkidegoan bizitzeko eta ekoizteko beste modu batzuk sustatzea, pertsonak zein haien gurariak eta gaitasunak, prozesua bera, afektuak eta zainketak kontuan hartuta.

Bloke honetan, jarduera berri horiekin lotutako zenbait oinarri filosofiko eta prozedurazko oinarri ezagutuko ditugu lehendabizi. Bigarrenez, ekimen zehatzak abian jartzeko edota administrazio publikotik babestu eta laguntzeko orduan garrantzitsuak diren gai praktikoak aztertzen eta balioesten saiatuko gara.

Herritarrekin bat egiteko komunikazio digitala

Urritasunaren logikatik oparotasunaren beste logika batera goaz. Jakintza bera sarean dago, eta modu sozialean eratzen da. Edozein pertsonak/erakundek gaurkotasun handia eman ahal die beretzat kezkagarriak diren, oso gustuko dituen edo deserosoak diren gaiei. Komunikazio banatuak eta antzeko kontzeptuek komunikazioko ekintza zuzena suspertzen dute, hain zuzen ere.

Internetek joko-arauak aldatu ditu. Komunikazioko jarduna demokratizatu egin denez, harreman-eredu berria sortu da, eta eragin zuzena dauka herritarren partaidetza-moduetan.

Bloke honetan, ‘aro digitalak’ herritarren arteko eta herritarren zein administrazio publikoen arteko harreman-ereduan daukan eraginaren zenbait giltzarri aztertuko ditugu. Era berean, tresnek eta komunikazio digitalak topaketa horretan nola lagunduko diguten ere jakingo dugu.

SmartCitizen, gizarte konektatuko herritartasun berrirantz

Neurri handiagoan edo txikiagoan, azken aspaldion guztiok entzun dugu zerbait hiri adimendunei buruz. Hiri-eredu hori, hain zuzen ere, hiriko bizimoduaren eta teknologia digitalen arteko bidegurutzea da. Badirudi kontakizun itxaropentsua dela: agerikoak eta iradokigarriak omen diren proposamenak egiten ditu… Hala ere, baliteke hain kontakizun baketsua ez izatea, baliteke zerbait ahaztea, baliteke uko gehiegi egiten ibiltzea,…

Moduluan bertan, bizi ditugun kontraesanetan zehar egingo dugu ibilbidea, bertan etengabe agertuko delako teknologia. Smart citizeni buruz hitz egitea aitzakia baino ez da, oraindik ere eskura ditugun teknologien eraldaketa sozialak ulertzen ez dituen kontakizun hegemonikotik harago pentsatzeko. Beraz, seguruenik, askoz gehiago hitz egingo dugu partaidetzaz, herritartasunaz, mobilizazioaz,… teknologiaz baino.