Bherria: Abentura eta bidaia-koadernoa

bherria asier 2

Ez dakit abentura- eta bidaia-istorioak atsegin dituzuen. Nik bidaia-koadernoenganako joera daukat. Bizitakoa atzeman nahian, tokiak eta sentsazioak zirriborratzeko baliatzen ditugun libreta txiki horiek, non paperezko argazkiak, museoetako sarrerak, tokiko salden etiketak itsasten ditugun, non lore bat lehortzen dugun, non perspektiba berdingabeak marrazten ditugun -abilezia gehiago edo gutxiago erakutsita, non orrialdeak zikintzen ditugun hatzekin, tokiko produktuak ukitu ondoren…

Bherriako edizio honetako bidaia-koadernoa nolakoa izan litekeen imajinatzen nuen. Hirikilabs-en urriaren 3an egindako lehen topaketa hartan banatu genuen koaderno marroi hura berreskuratu dut, tinta urdinez egindako zigilua daramana, eta betetzeke dauden orriak baliatzen ditut pentsatuz-sentitu ariketa txiki hau egiteko.

Txiki gelditu ziren eta azken egunean erabili ez genituen pegatinetako bat itsatsiz hasten naiz. Zuria eta urdina da, BHERRIAko logotipoa bezala. Izena bazen jada jolasteko gonbita bat, herriari, hiriari, auzoari maitasunez eta errespetuz begiratzeko gonbidapen bat, bere energia eta ahultasun guztiekin. Eta “H” mutu eta jostalari horrekin jolasten ginen, keinu egiten zuena beste forma, bide eta inspirazio batzuen bila. B+H Vudumediako Karrak diseinaturiko logotipo paregabe batean, proiektu honetan fin zaindu duenak forma, estetika, konektatzen gaituen lerro hori.

Inoiz ez dut asmatu musika hori bidaia-koadernoetan sartzen. Biolontxelo bat eta sintetizadore bat marraztu ditut. Azken topaketako bideo batzuk azkentzen ari gara eta berriz entzun dut Maite Arroitajauregi, denborari kantu eta oihuka, zirkuluen eta karratuen arteko elkarrizketa deskribatuz. Gauza berriak egiteko hizkuntza berriak behar ditugu. Marraztu, abestu eta dantza egin. Iraultzailea da, performancea ez bada. Gustura pentsatuko genuke izan dela arrarotik zerbait egin ditugun proposamenetako batzuetan. Ezagutzen zenuen leku horretatik atera zaituen “gauza arraro hori”, eta zure burua berriz pentsatu behar duzun.

Batzuetan gertatzen zait; paperak zikintzen ditut. Ez daramat guztiz ongi, baina badakit koaderno-mota hauetan “testura” bat bezala bizi daitekeela. Txokolatea izan da. Zenbait elkarrizketaren ondoren, esperientziaren ondoren mundura ateratzeko sinboloa aurkitu genuen: kutsatzeko pilulak. Badago partaidetza- eta elkarlan-prozesu hauetan kontrola ezin daitekeen zerbait, planifika ezin daitekeena, behar ezin daitekeena… Nola lagundu fluxu horiek? Zein momentutan sentitu dugu partaidetzarako gonbita? Zein momentutan egin dugu bazterrera? Zer gertatu da momentu horietan? Zeintzuk izan dira gakoak? Magia horren parte bat aurki dezakegu, baina beste parte bat uki eta ikus ezin daitekeenez dago osatua: pasioa, beharrak, harreman pertsonalak, konfiantza, itxaropena…

Hirikilabs-eko argazkia, Alicia eta Mirenekin egindako topaketa, Wikitoki, Sarean, Etxebarri, Astra eta Zawp. Proiektu honetan errealitateak eta abian dauden proiektuak bisitatu ditugu, abstraktuen zehaztapenak. Zirriborroetan, ideien munduan, dena da posible. Gerturatze horiek gorpuzten dituzten espazioak, jarduerak eta pertsonak bisitatzea izan da gakoetako bat. Irudietatik hiru dimentsioetara salto egiten duzunean, denak hartzen du esfortzuaren dimentsioa, akordioena, kontratuena, txandena, prozedurena, martxan dauden pasioen dentsitateena, ate irekiena, zaporeena, usainena…

QR bat ere itsatsiko dut. Zertxobait zaharkitua eta gailendua gelditu den gailu bat, baina aurkikuntza dena oraindik ere jende askorentzat. Ez dut gogoratzen nora eramango nauen kodea eskaneatuz gero, baina irudi honek teknologiaren erabilera potentzialari buruzko elkarrizketa harekin konektatzen laguntzen dit. Proiektu honek sare sozialei esker eta gizarte konektatu batetara egokitutako komunikazio- eta entzute-estrategia bati esker egin du durunda eta horri esker iritsi da pertsona askorengana. Esperientzia hau gure proiektuetara ere badaramagu.

bherria asier 3.pngAldizkari zahar batetik ebaki dut bi borrokalari mexikarren irudia, maskarek aurpegiak estalita. Keinu bat bidaia kolektibo bati. Proiektu honetako asko prozesuan dago jokoan. Prozesuen prozesu bat izan da, edo prozesuei buruzkoa. Bherria diseinatu eta bideratu bitartean, konfiantza, eskuordetzea eta autogestioa nola eraikitzen diren esperimentatu dugu, ematen dugunaren eta jasotzen dugunaren arteko oreka, gatazka erregulatzen ikasi dugu, laguntza eskatzen, elkar heltzen, korrika egiten, gelditzen, zarata sortu eta zarata hori garbitzen…

Mapa txiki bat zirriborratzen hasi naiz, bere muga, erliebe, ibai eta itsasoekin. Bherriako banderei dagokienez, bandera bera eta jasotzen duten besoak desberdintzen hasi gara. Geure buruei batera pentsatu eta lubakietatik ateratzeko denbora ematen. Gure adierazpen propioa marraztu nahi izan dugu. Mapa/testu bat, edizio honetan parte hartu dugun pertsonen arteko elkarrizketa-multzoaren emaitza dena. Hitz egiten jarraitzeko dekalogo bat. Zer sartuko zenuke? Zer argituko zenuke? Zer gehituko zenuke? Nola lagundu egunero gako horietatik abiatuta?

Itxi egingo dut koadernoa momentuz. Atsegin dut irudiek bata bestearen aldamenean hartzen duten forma. Ziur nago marjinetan ideiak idazten jarraituko dudala, eta zirriborro baino ez diren irudi batzuk akuarelaz margotzen. Hitzekin jolasten den proiektu bat, gauza berriak sortzeko, dantzan eta kantuan ari dena, korala, interindependentea, analogikoa eta digitala, kutsatzailea, inspiratzailea…

Mila esker konfiantzagatik eta elkarlanagatik. Elkar aurkituz eta eraikiz jarraituko dugu.

Asier Gallastegi. Banakako prozesuetarako laguntza ematen du: erakundeetan nahiz taldeetan. Honako esparru hauetako prestakuntza du: gizarte-hezitzailea, familiako psikoterapeuta eta jarduketa sistemikoetako aditua. Ikuskaria/coacha eta erakundearen garapena. PNLko eta erakundeetako konstelazioetako practitionerra. Ikuspegi sistemikoan oinarritutako lanean dago espezializatuta gerentziaren, ekintza sozial zein bateratuaren, berrikuntza-prozesuen eta teknologia berrien erabileraren munduan. Deustuko Unibertsitateko irakaslea ere bada.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude