Bherria, kutsatze-fasean dagoen birusa

Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean -abenduak 5, gizarte-partaidetzarako egun seinalatua- ospatu da ‘Bherria Hiritargo berri baterako agora’ proiektuaren lehen edizioaren itxiera-saioa. Topaketa hori baliatu dugu egunero mundu justu, jasangarri eta solidario baten eraikuntzaren alde lan egiten duten pertsonen berariazko aintzatespena egiteko. Boluntariotzaren Euskal Kontseiluko lehendakaria den José Alberto Vicentek gogoratu bezala, “esfortzua emanez egiten dute, baina saririk onena lortuz: bere inguruan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea”.

Bherria bide eta proiektu berriak aztertzeko aukera gisa sortu zen, partaidetza eta boluntariotzari lotutako balioak sendotuko dituztenak Euskadiko Administrazio Publikotik. Hamabi aste bizi izan dira, modu kolektiboan hausnartu eta ezagutza eta esperientzia partekatzeko aukera eman digutenak, eta baita gizarte-berrikuntzan erreferentziakoak diren ekimenak ezagutu, sarea osatu eta, batez ere, ilusioa elkar kutsatzeko, elkarlan publiko-sozialerako formula berriak bilatzen jarraitzeko lanean segitzeko.

Inspirazio-iturri diren esperientziak erakusten jarraitzeko asmoz, Zawp Zorrozaurren egin dugu topo abenduaren 5ean; pertsona- eta agente-kolektibo baten kezkatik sortutako proiektu bat, auzoko gizarte-, ekonomia- eta kultura-suspertzean partaide direnak. Ekimen honen sustatzaile den Manu Gómez-Álvarezen eskutik -zeinari zinez eskertu nahi diogun egindako harrera-, enpresa eta kolektibo desberdinek osatutako ekosistema oparo batek osatzen duen espazioa arakatu dugu; diseinua, moda, gastronomia, haurtzaroa, musika, arte eszenikoak edo plastikoak, literatura, kirola, teknologia eta kultura bezalako eremu desberdinetan garatzen dute beren jarduera enpresa eta kolektibo horiek.

Bisita gidatu horrek lagun eramandako pertsona askorentzako iradokitzaileak suertatu diren egiteko moduak eman dizkigu aditzera; kasu honetan, deialdi zabalago bat egin nahi izan dugu, hiru hilabeteko programan parte hartzeko aukerarik izan ez arren berau gertutik ezagutu eta Administrazio Publikoaren eta hiritarren arteko topaketa-espazioak aztertzeko interesa erakutsi duten pertsonei lekua egiteko.

Garabia pabiloira bueltan, Mursego (Maite Arroitajauregi) artista eibartarra izan dugu zain, egun osoan zehar lagun izan duguna, bere ahots zoragarria eta gaitasun paregabea baliatuz Bherrian gertatutakoa kontatzeko, musika-interpretaziotik abiatuta. Luxuzko konpainia bat, zinez!

Horrela eman diogu hasiera azken saioari, non Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuorde Lide Amilibiak bere ongietorrian gogoratu bezala, “elkarlan publiko-sozialaren eta hiritargo aktiboaren eta boluntariotzaren sustapenaren garapenerako ikaskuntzak eta giltzarri diren 10 puntuak” proposatu diren. Dekalogo bat”, gehitu du Sailburuordeak, “zeinarekin etorkizunean eragina izaten jarraitzeko asmoan konprometitzen garen”.

“Proiektu honek, Bherriak, tokiko administrazioetako egiteko moduan eragina izatea nahi dugu”, azpimarratu du José Alberto Vicentek. “Lehen edizio honetan parte hartu duzuen pertsona guztioi sarea mantentzera animatu nahi zaituztegu, konexioarekin jarraitu eta, ahal izanez gero, birus hau beste pertsona batzuei kutsatzeko”.

62 egun Bherria birusa inkubatzen

62 egun hauetan zehar topaketa presentzial eta digitalak bateratu ditugu, Bherria erronka hiru ikuspuntu desberdinetatik jorratzeko bidea eman duen bide-orri batekin: elkarlana, hiritargo konektatua eta komunikazioa.

Hirikilabs-eko lehen saioak, alde batetik, teknologiak pertsonak harremanetan jartzeko ematen dituen aukerekin konektatzeko bidea eman digu; bestalde, eta agian garrantzitsuena dena, Bherrian parte hartzen duten pertsonek elkar ezagutzen hasteko parada eman digu hasiera-puntu horrek, hitz egin, talde-lanean aritu eta, lankidetzan, une horretan bertan abiatu den programaren ebaluaziorako adierazleak ezartzeko.

Bi aste beranduago, esperientzien elkartrukea errazten duten formatuak ikertu nahi izan ditugu, bideokonferentzia bitartez Arabako hiritarren partaidetzarako bi ekimen ezagutuz:  %100 Oion eta Arabako Udalbatzen Gobernua. Preseski, Mursegok interpretatutako lehen konposizioa, ‘Tala al badru alayna’, %100 Oion proiektuan grabatutako diskoan jasotzen diren zortzi piezetako bat da, non herriko biztanleen %80 inguruk parte hartu duen, Idoia Zabaleta artista eta Mursego musikariarekin batera.

Urriko azken egunean Wikitoki bisitatu dugu eta agente desberdinen arteko kolaborazio iraunkorreko formulak esperimentatzen diren toki bat ezagutzeko aukera izan dugu; gainera, horietako batzuk in situ ezagutzeko aukera ere luzatu zaigu. Wikitokin egindako bigarren topaketa presentzialean, Bherriako parte-hartzaileen proiektuek protagonismo handiagoa bereganatu dute. Proiektu desberdinak partekatu eta harremanetan jartzeko momentua iritsi da eta, horren ondoren, proiektu horien talde bideratzailearen aholkularitza-faseari ekin zaio. Babes hori oso modu positiboan baloratu dute laguntza-prozesua bukatu duten pertsonek.

Azaroaren 14ean Etxebarriko San Antonioko Mugarri Gaztegunea ezagutu dugu, eta baita Bizkaiko udalerri horretako komunitate-garapenerako eredua ere, hiritarren partaidetza, helburu baino gehiago, bitarteko gisa jorratzen duena. Etxebarriko komunitate-energiaren parte handi bat aisialdiko taldeen lanari lotuta dago, zeinen baitan haurrak beren ingurunearekin modu naturalean nahasten hasten diren.

Elkarlanetik eraikitako dekalogoa

Bherria Jardunaldiak hiru hilabetetan egindako bidearen berrikuspen batekin eta partaidetzari buruzko datuekin egin du aurrera; ez bakarrik lehen edizio honetan parte hartu duten hogeita hamar pertsonen datuekin, baina baita programak kanpo-mailan izandako eragin eta aintzatespenari buruzko datuekin ere. Hala, ekintzen eta topaketa profesionalen berri eman dugu, eta bai trebakuntzarako plataforma digitalaren erabilera-datuen eta komunikazioaren eraginaren berri ere. Zentzu horretan, nabarmentzekoak dira 12 aste hauetan zehar zabaldutako 29 bideoek izandako 16.000tik gorako ikusteak eta #Bherria traolarekin etiketatutako 2.315 txioak (datu eguneratua).

Partaidetza-datuen lehen erakustaldi horren ondoren,  ‘Elkarlan publiko-sozialaren eta hiritargo aktiboaren eta boluntariotzaren garapenerako 10 giltzarriak’ partekatzeko ordua iritsi da, Bherrian gauzatu diren ekintzetatik berreskuratu ahal izan ditugun ikaskuntza esanguratsuenak laburbiltzeko asmoa duen dekalogoa. Hauek dira tituluak:

1. Ateak ireki eta elkarrizketan jarraitu. 6. Gure errealitateetara lotutako erremintak.
2. Prozesua, interakzioa eta zalantza. 7. Entzun, konfiantza lortu eta kontakizuna osatu.
3. Botila erdi beteta: ahalmenetatik abiatuta jardun. 8. Prozedura zerbitzura: garantia eta esperimentazioa.
4. Antzinako berrikuntza. Berria eta zaharra. 9. Parte hartzeko garaiak: zaintza eta pedagogia.
5. Gizarte-interakziorako aukerak maximizatzeko teknologiak. 10. Artxipelago bat osatzen duten irlak gara.

 

10 ideia horiek Bherrian parte hartu duten pertsonen ahotsen batura eta elkarlanetik sortu dira; 10 giltzarri, topaketa honetan 10 parte-hartzaileren ahotik etorri direnak, ideia bakoitza hiritarren partaidetzako eta boluntariotzako esperientzia bat gehituz azalduta, ideia hori argitzen laguntzeko. Modu horretan, ekimen desberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen zaigu, gazteria, diru-laguntzen kudeaketa, etorkinekin lana, bizilagunen elkarteak, euskararen sustapena, herritarren arreta, pertsona helduak, aurrekontu partizipatiboak, hirigintza eta diru-bankua bezalako gaiak jorratuz.

Bateratze-lanera igaro baino lehen, pieza paregabe baten zati bat entzuteko gonbita luzatu nahi dizugu, Mursegok  Bherria dekalogorako berariaz sortua: ‘Denbora da oraina + Borobil’. Aurrera!

Interpretazio zirraragarri horren ondoren, partekatu berri dugun dekalogoaren inguruko elkarrizketarako eta eztabaidarako tartea ireki da, elkarlan publiko-sozialari buruzko ikuspuntu berriekin aberasten dena. Ibili beharreko bideen ekarpen itxaropentsuak dira; hiritargoa jada gertarazten ari den hori ezagutu, kanalizatu eta babesteaz ari gara; giza baliabideen eskasia gainditzeaz, lan berdinetan aritzeko erakunde antolatzaile desberdinetako pertsonak harremanetan jartzeko hazkunde horizontalerako formuletatik abiatuta; tokiko administrazioetan funtzio teknikoetan lanean ari diren pertsona gisa, kode burokratikoaren irekieraren papera hartzeaz, lege eta araudi propioek eskaintzen dituzten aukerak bilatuz. Aztertu beharreko bideak ere gelditzen dira; horietako bat da Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Legea, eta baita, Eusko Jaurlaritza mailan, bertako eskuduntza-eremutik abia daitezkeen politika berriak ere.

Bherria birusa kutsatzeko ardura

Programari amaiera emateko, egiaztagiriak entregatu dira; “dokumentu horrek hiritarrekin harremanetan jartzeko formula berriak bilatzeko konpromisoa ziurtatzeko ere balio dezan nahi dugu, euskal gizartean publikoa dena hobetzeko”, azpimarratu du Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak. “Eusko Jaurlaritzatik”, bukatu du Sailburuak “gaur partekatu ditugun 10 giltzarriak sustatu, zehaztu eta babesteko bideak aztertzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Esperientzia horren ondoren, berriz eseriko gara. Zuen proposamenak entzungo ditugu, gure saileko lantalde teknikotik eta pertsonengandik ikasi dugunari erreparatuko diogu eta Bherria izpiritua daramaten ekimenak ezarriz jarraituko dugu”.

62 egun igaro dira. Bherria birusa behar bezala transmititu da. Modu sinbolikoan, edizio honetako lehen komunitatea gorpuztu duten pertsona berritzaile eta geldiezinen sarea kutsatu eta indartzeko pilula gozo batzuk eman ditugu. Ideia eta esperientzia horiek pertsona gehiagorengana iristen jarraitzea nahi dugu, denon artean gizarte justu eta solidario bat eraikitzen jarraitzeko, administrazioaren eta hiritargo aktiboaren arteko elkarlanean.

Kutsa dezagun Bherria birusa!