Inplikatzeak konplizitatea sortzen du

Ondorioak baino gehiago,… ikaskuntzak, ñabardurak, galderak sofistikatzea, errealitateetan, arazoetan geure burua ezagutzea eta gainerako aurrerapenak. Argia eta fokua jartzea. Seinaleak identifikatzea. Beharbada esku artean duguna oraindik ere zerbait itxuragabea eta mutantea izatearen gaineko nolabaiteko sentsazioa, baina denon artean sortzen ari garela jakinda. Pentsatzen genuena (maila teknikoan, politikoan eta gizarte zibiletik) baino gehiago garela ohartzea. Ez gaude hain bakarrik. Horrek, nahiz eta eguneroko lanaren gorabehera asko ez konpondu, eramangarri egiten ditu. Erronka da irla bezala ez pentsatzea, baizik eta artxipelago moduan jakitea eta sentitzea.

Hori da, agian, Bherriaren lehen agoran zehar egindako ibilbidearen “emaitzarik” handiena. Ziur aski, gainerako agoren bide osoan lagunduko digun iritzia. Baina ez dezagun gertaerarik aurreratu. Etor daitekeenaren aurrean irekita egon gaitezen.

Eta jadanik gertaturikoa barneratzen ahalegindu behar dugu. Horretarako, denon ahotsak, egindako elkarrizketak, irudika ditzakeen testua osatu behar dugu. Jar dezagun arreta bideko seinaleetan, egindako bidea nabarmentzeko eta gogoratzeko. Identifika ditzagun indar gehiagorekin agertu diren edo kezka gehiago sortu dituzten zenbait gertaera edo gai nagusi.

Zer garen ulertzea, aldatu ahal izateko

Bherriaren edizio honetan, neurri handi batean, herri administrazioa gara, Udaletxetako langileak, bereziki maila teknikoan, baina batzuek baita maila politikoan ere. Pertsona kritikoak eta autokritikoak funtzio publikoa hedatzeko moduarekin, baina horren aurrerapenak ere ezagutzen eta onartzen ditugun pertsonak. Mugitzeko errazak ez diren egitura berme-emaile eta burokratizatuetako kideak, baina batzuetan iruditzen ez bazaigu ere (edo behar adina iruditu ez arren), aldatzen, egokitzen ahalegintzen direnak. Eta begiradari eusten badiogu eta arreta jartzen badugu, mugitu egiten direla ikusiko dugu. Aldaketak antzeman egiten dira: parte hartzeko aurrekontuak, kontrol sozialerako mekanismoak, gardentasuna, kontuak ematea, e.a. Aldaketa horiek, gainera, iraun egiten dute, jokamolde politikoa eta teknikoa modu (atzeraezinean?) aldatzen doaz, parte hartu gabeko politika publikoen diseinuak, segimenduak eta ebaluazioak herritarren aldetik ospe eta errekonozimendu gero eta gutxiago izatea bultzatuaz.

Baina oraindik asko dago egiteko: zenbait arrisku onartzea, hain zorrotza izan ordez, arinagoa eta malguagoa izatea, probatzea, egiten ikastea, sortzen ari denari erreparatzea, barru eta kanpo alderako elkarrekin loturiko forma eta modu zeharkakoagoetan lan egitea,… Instituzioak ez du hainbeste bideratu behar epe laburrerako emaitzara; balio gehiago eman behar die prozesuei eta horiek epe ertain eta luzera uzten joaten diren aztarnei (nola batu hori erritmo eta agenda politikoekin?). Halaber, instituzioak atzerapausoa eman behar du, herritarrek aurrera egin dezaten publikoaren eta denona denaren kudeaketan, aldeen erantzukidetasuna areagotuaz (instituzioa nola desinstituzionalizatu horrek bere desegitea ekarri gabe? eta, aldi berean, (nola berraktibatu eragiten dieten gai asko instituzioen esku uztera batez ere ohitu diren herritarrak?).

Parte hartzeak pertsona guztien beste eskubide zibil bat izan behar du (gero erabakiko dute erabili ala ez)

Beraz, instituzioek eskubide hori erabili ahal izatea bermatu beharko lukete, horretarako baldintza materialak eta ez materialak jarri (informazioa eman, baliabide eta tresna egokiak jarri, e.a.).

Eta, esparru instituzionalean, herritarren parte-hartzeaz hitz egiterakoan, instituzioek irekiera eta pedagogia prozesua egin behar dute, herritarrek hobeto ezagutu dezaten haien funtzionatzeko logika, arauak eta prozedurak, denborak, horren aurrean hobeto kokatzen jakiteko.

Horrez gain, jarduteko esparruak eta arau argiak eskatzen dira. Hortik aurrera, konfiantzazko giroa sortu behar da, prozesu berme-emaileak modulatzen joan ahal izateko esparru itxi eta helburu zehatzekin; era horretan, malgutasun handiagoko eta informaltasunerako marjina handiagoko akordioetara iritsi ahal izango gara, edota bidearen araberako emaitzak berriz definitzeko akordioetara.

Ordezkaritza kolektiboaren eta banako ordezkaritzaren artean

Gure udalerrietan, parte hartzeko, konpromisoa hartzeko, herritar aktibo izateko gogoa duten pertsona asko daude. Hortaz, indar hori, eskubide hori, parte hartzeko gogo hori bideratu egin behar da, eraginkor egin.

Funtsezkoena da dibertsitatea artatzea, eragindako agente ezberdinak prozesuetan egotea. Beti berdinek parte hartzen duen espazioetatik ihes egitea, gehiegi eta gutxiegi ordezkatuta dagoena arautzea, ordezkaritza kolektiboko agente formalak ez ezik, agente informalak ere onartzea, eta mendeko agenteei lekua ematea (denek dute parte hartzeko eskubidea, ez soilik instituzioak egokitzat jotakoak).

Halaber, kolektiboaren eta banakoaren arteko tentsioa maneiatu behar da, askotariko nortasunei probetxua atereaz (denok gauza ezberdin asko gara unearen arabera; izate eta ordezkaritza aniztasun hori modulatzen eta horri balioa ematen jakin behar da, alderdi eta berezitasun guztiak indartuaz, zapaldu gabe).

Agente horiek guztiek nolabaiteko arabazozo multzoa osatu behar lukete, portaera orokor konplexuak lortzeko funtsezkoak eta aldi berean oso sinpleak diren hiru arau hauetatik abiatuta: 1) bizilagunekin talka egitea saihesteko behar bezain urrun mantentzea; 2) bizilagunengandik ez urruntzeko behar bezain hurbil mantentzea; eta 3) gainerako taldeak ezarritako norabide bera jarraitzeko gai izatea. Baina, gizakiok arabazozoak bezala porta gaitezke denontzat helburu bat bilatzeko? Elkarlanean aritzeko borondate argia dugu? Prest gaude agente kolektibo bezala eta ez soilik banako talde bat bezala lan egiteko? Prest gaude munduan gure lekua bilatzeko, besteek ere horrela egin dezaten lagunduaz, ikasiaz, emozioak ulertzea, autokudeaketa, erresilientzia eta erabateko kontzientzia bezalako bizitzako trebetasunak garatuaz?

Interesen nahaspila

Helburu bat, denon interes bat, jarraitzeak ez du zertan albo batera utzi interes partikularrak; alderantziz, denon arteko interes bat bilatzeko modurik onena da aldi berean alde bakoitzaren interesak betetzea bilatzea. Garrantzitsua da prozesuetan norbanakoaren interesak landu ahal izatea, modu legitimoan tratatzea, era ezkutuan arriskuan jar ez daitezen.

Oro har, interesen kudeaketa ez dago gatazketatik libre. Ez diegu beldurrik izan behar. Tentsioak eta gai emergenteak erakusten dituzten aukera bezala ulertzen jakin behar dugu. Baina, orokorrean, instituzioek zerbait nahi ez badute, horrek gatazka sortzen du. Beraz, oso garrantzitsua da egon daitezkeen gatazkak bideratzen eta kudeatzen jakitea, era bortitzean sortu ordez, modu eraginkorrean sor daitezen; eta, horretarako, normalean ez dauzkagun eta/edo erabiltzen ez dakigun tresnak eskuratu behar dira (horietako asko adimen emozionalarekin lotuta daudenak).

(Gure ustez) gutxien ulertzen gaituztenekin elkartzea

Honen guztiaren tartean pertsonak daude, eta, bai, “ikuskatzaileak” ere pertsonak dira. Gurea ez den beste hizkuntza batean mintzatzen dira, baina horrek ez du esan nahi elkar ulertu ezin dugunik. Kontua da komunikatu nahi izatea, elkar entzuteko eta ulertzen saiatzeko denbora eskaintzea, itzultzea eta interpretatzea, alde biek enpatizatzea. Ikuskatzaileak eta administrazio-uhaleko beste maila gogorrak hor daude publikoa dena hedatzen laguntzeko. Helburuak bateratzeko, gai izan behar dugu haien tartean sartzeko, haiek konpromisoa hartzeko eta haiengan ere eragina izateko. Haiek gu uler gaitzaten ahalegindu behar dugu, baina gu haiei ulertzen ere bai. Haiengana ez iristea prozesuaren amaieran, baizik eta hasieratik haien parte-hartzea eta konplizitatea bilatzea. Horretarako, oso interesgarriak dira elkar ezagutzeko eta elkarrekin ikasteko espazioak, herritarren agenteek ere parte hartuta. Horren inguruan badugu erreferentzia oso ona; esate baterako, Zaragozan aurten egindako Cómo tramitar un unicornio jardunaldiak.

Denbora, gure etsairik okerrena?

Estresatutako gure gizarteetan, gutxien daukagun gauzetariko bat denbora da. Inork ez du denborarik, ez prozesuak deitzen dituztenek, ez aktibatu eta kudeatu behar dituztenek, ez haietan parte hartu behar dutenek. Paradoxikoki, ez dago betarik baina bai presa, presa izugarria. Edo are okerrago, hasieran dena oso motel doa, ez du aurrera egiten, eta, bat-batean, azkartzen da.

Oro har, ez da prozesu parte-hartzaileetarako behar den denbora eskaintzen; beti agenda-arazoak daude, baita ere epeak antolatzekoak eta arintasun-arazoak administrazio-prozesuetan. Bestalde, ezin dira agenda politikoak, teknikoak eta gizartearenak egokitu; zailtasunak daude erritmoak, ordutegiak, gogoak batzeko. Gainera, gertatu ohi da aparteko zerbait —egun, oro har, prozesu parte-hartzaileak— ez datorrela bat administrazioaren ohiko kudeaketan.

Era horretan, denbora arazo handienetarikoa izatera iristen da. Hortaz, jorratu beharreko funtsezko kontua da. Kudeaketa iraunkorra lortzeko ebazten den ekuazioak, zeharka ere  ebatzi ditzake bestelako gai asko (prozesuak eta erlazioak gehiago zaintzea, aldeen arteko komunikazioa eta elkar ulertzea hobetzea, agente ezberdinen arteko erantzukidetasuna,…).

Beharbada, alde guztiek egin beharreko ariketa litzateke denbora erlatibizatzen ikastea, eta, era horretan, kudeaketarekin, ordenarekin eta kontrolarekin zerikusia duten bestelako gaiak erlatibizatzen ikastea.

Gobernatzetik bizi izatera

Izan ere, instituzioa —administratzeko gehienok ezagutzen dugun instituzio-mota— plangintzan, araudian eta kontrol edo logika arrazionalean oinarritzen da erabat, eta badirudi eredu horrek ez gaituela asebetetzen; gainera, ez dago erabat ondo funtzionatzen duela agertzen duen aztarnarik, baina badirudi “ezagutu gabeko berria baino, ezagututako zaharra hobe” esaerak balio duela hemen. Besteak nahiko beldur ematen digu, eta beldur hori banaka nahiz taldean gainditu behar dugu, munstroak sortuaz, gure mugak eta ohiturak ulertzeko eta zeharkatzeko eta anomaliei balioa emateko.

Gainditze-prozesuak gobernatze paradigmak duen kortsetik askatu behar gaitu, Amador Fernández Savaterrek proposatzen duen moduan, bizi izatearen paradigmara aurreratzeko, eta, bide horretan, okupatzeko lekua bilatzea prozesuaren zatia izango da berez. Prozesuak instituzionaltasun berri baten harremanetarako bidea eskaini ahal izan behar du, informaltasun, malgutasun eta autonomia (gogorako) tolerantzia handiagoarekin. Prozesu horretan, (des)erregularizazio-mailak aztertu behar dira, eratu gabe dagoenarentzat tartea utzi behar da, inguruetako ordezkaritza-moduetarako lekua, mendekoa denarentzat. Prozesu horretan, parte hartzeko espazioak eta formatuak eratzen joan behar dira, arauak denon artean jarriaz eta aldatzeko aukera izanaz. Arauak itun bidez hartuko dira, kaiola izan gabe, eta isuria erraztuko dute, moztu ordez. Prozesu eta arau horientzat, ia gauza guztietan bezala, oreka aurkitu behar da, finkatu ezin daitekeen oreka, oreka dinamikoa.

Ildo horretan, agorako elkarrizketetan ondorengo ekuazioa egokia zen: ZER NORK markatzen du: lehena zenbat eta zehatzagoa izan, bigarrena hobeto identifikatzen duzu, eta errazagoa da estrategiak (NOLA) finkatzea. Egia da pertsonek eginkizun zehatz (ZER) baten inguruan batzeko ohitura dutela, baina oso kontuan izan behar da eginkizun hori neurri handi batean apeua dela, ez xedea (edo soilik xedeetariko bat, ziur aski finalistena), eta aukera handi bat ere bada beste ate asko irekitzeko. Errezetarik gabeko formula da, soilik testuinguruan eta kokapenean aplikatu beharrekoa, formala dena informala, hitzartua eta emergentea denarekin konbinatuaz. Prozesua fase bakoitzean entzun behar da, une bakoitzean premiak artatzeko eta helburuak eta metodologiak egokitzeko. Formulak arriskuan jartzen ditu teknologia bigunak, gu antolatzeko, portatzeko, komunikatzeko eta, azken finean, erlazionatzeko moduarekin zerikusia dutenak, eta maiz gutxiesten direnak parte hartzeko bestelako teknologien aurrean.

Praktikako komunitatea izatea

Baina gobernatzetik bizi izatera igarotzea ez da erraza. Urte asko daramatzagu araudiaren paradigman kokatuta. Beste alderako bidea hartzeko, guztioi (instituzioak, herritarrak, teknikak, politikak, herritarren mugimenduak) ibilbidea egitea eta ikastea falta zaigu, esperimentatzeko kultura falta zaigu.

Instituzioetatik (orain Bherrian okupatzen gaituen posizioa) atzerapausoak ematea  beharrezkoa da, soka askatzea beste agente batzuek nagusi daitezen; atarikoak askoz ere gehiago landu behar dira eta erritmoak ulertzen jakin, norberaren erritmotik haratago. Eta batez ere sinesgarritasuna irabazi behar da, herritarren konfiantza, erantzukidetasunaren inguruan benetako sentimendua sortu dadin, ondasun erkidea eta auzolana eslogana baino askoz handiagoa den zerbait bezala hartu daitezen.

Kontu honetan aurrera egiteko modu praktikoa da feminismotik ikastea (beste behin) eta politikoa dena pertsonalean errekonozitzea. Eta hortik aurrera, banako aldaketa horiei taldean aurre egiteko moduak bilatu behar dira, aldaketa prozesuetan lagunduaz eta indarguneak eta ahuleziak partekatuaz.

Aldaketa praktikatuaz bizi izatea. Bherrian jada sentitzen denaren zerbait izatea, prototipo germinala (indar handiagoarekin ere zabal daitekeena); hots, Praktikarako Komunitatea izan daiteke. Ikasteko ingurune partekatua, pertsona ezberdinek —elkar ezagutu eta konfiantza-sareak egitearekin batera— interesatzen zaizkien gai zehatzak ikertzeko eta esperimentatzeko, modu informalean, elkarreraginaz eta jakintzak trukatuaz, adimen  kolektiboa sortuaz, esperientziak sozializatuaz eta gardentasuna sortuaz.

Jolastea eta hizkuntza erabiltzea

Amaitzeko, ez da ahaztu behar ludikoa dena aintzat hartzeaz. Jolasteak ateak irekitzen dizkigu, urrats konbentzionalak uzten laguntzen digu. Jolasteak askatu egiten gaitu, eta irudimenari ateratzen uzten dio. Halaber, jolasteak erkidegoa izaten laguntzen digu. Jolastea eta hitzekin ere jolas egitea. Izan ere, elkar ulertzeko, ez dago hizkuntzaren joritasuna albo batera utzi beharrik. Jolastuaz unibertsoak irekitzen dituzten hitzak agertzen dira, trantsizio-bide berria osatzen dutenak. Jolastuaz era honetako hitzak topatzen ditugu: “cuidadanía”, “participasión”, “atrabesarse”, “vulnerhabilidad”, “sostevidabilidad”, “fallondizaje”,… Eta ekonomiaz behar adina ari ez garela pentsatzen dutenentzat, jolastuaz “ecosinuestra” hitzarekin aurkituko gara.

Ricardo Antón. «Nahiago dut halakorik ez egin» eta «Ezin dut gelditu!» artean. Arte Ederretan lizentziatu nintzen UPV/EHUn, eta Marketineko Masterra ere egin nuen. Tailerrak ematen ditut Artelekun, eta maisu ezjakina eta des-artista naiz. Beste batzuekin batera, ColaBoraBora-n bizi naiz. Nire ezaugarrietako bat da oso gaizki ikusten dudala, baina (beharbada horretxegatik) nire gaitasun nagusietako batek ikuspegi kritikoa, sintetikoa eta sistemikoa ematearekin du zerikusia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude