Gizarte konektatuan, herri administrazioetatik lankidetza Publiko-Sozialerako eta herritartasun aktiboa eta boluntariotza sustatzeko gakoak

2017ko urritik abendura bitartean, Euskadiko udalerri ezberdinetan erantzukizun teknikoa eta politikoa duten hogeita hamar pertsona erronka sozialen aurreko harreman publiko-soziala eta herritartasun aktiboa bultzatzeko eta indartzeko aukera jorratzen aritu dira.

Jarraian aurkeztuko dizkizuegun ideia hauek gako nagusiak izango dira; guk horiekin konektatu dugu eta horiekiko konpromisoa hartuko dugu etorkizunean eragina izaten jarraitzeko.

1. ATEAK IREKITZEA ETA HITZ EGITEN JARRAITZEA

Herri Administraziotik gero eta gehiago hurbiltzen ari gara herritarrengana parte hartzeko prozesuen bitartez. Hurbiltzeko era hori ikasten eta hobetzen dugu, baina egiturazko lan bat egin behar dugu, parte-hartzearen logika, prozesu zehatzetatik haratago, publikoa denaren funtzionamenduaren logika bihurtzeko. Horrek esan nahi du erosotasun-zonetatik irten behar dugula, elkarrizketak aktibatu, boterea partekatu eta zenbait arrisku hartu. Jada ez dago atzera egiterik, zerbait saihestezina da, eta, gainera, benetan merezi du.

2. PROZESUA, ELKARRERAGITEA ETA ZALANTZA. “EZ GERA BI. GERA GEHIAGO”.

Proiektuak guk diseinatu bezala ateratzen ez badira, haietan gertatzen dena soilik gure esku ez dagoelako da, besteak beste. Emaitzak prozesuaren eta elkarreragitearen ondorio dira beti. Hori dela-eta, zalantzari ausardiaz heldu behar diogu, ukiezinak zaindu behar ditugu, eta, batzuetan, hauskortasuna erakutsi. Horrek irekitzen ditu ateak benetako aldaketetara; izan ere, aurrez definituriko efektuak bilatzen baditugu soilik, inpaktu objektibo eta kuantitatiboekin, gako oso garrantzitsuak galtzen egon gaitezke.

3. BOTILA ERDI BETEA. POTENTZIETATIK LAN EGITEA

Pertsonak programatuta gaude ondo ez dabilena ikusteko, ondo dabilena ospatu eta horri probetxua atera ordez. Mugei aurre egiten, prozesuaren zailtasunetan arreta jartzen, falta denaz oroitzen,… nekatu ordez, arreta jar dezakegu jada gertatzen ari den eta guk gertatzea nahi genukeenaren antza duen horretan? Estrategiaz aldatzea beharrezkoa da, biderkatzeko batzea, proiektuetan eta udalerrietan aurkitutako pertsonen potentzialetatik lan egitea. Gure gizartea hobetzeko borondatez lan egiten duten hainbat pertsonaren gogoa eta izpiritua indartzea. Entzutea, hitz egitea, mapeatzea, prototipoak egitea, aktibatzea,…

4. VINTAGE BERRIKUNTZA. BERRIA ETA ZAHARRA

Batzuetan, berriaren tiraniak eragiten du lehendik existitzen diren proiektuak desagertzea zerbait hobearen zalantzazko promesarekin, eta beti ez da hori sortzen edo gertatzen. Ondorioz, ilusioa eta konfiantza galtzen dira, energiak eta aprobetxatu gabeko baliabideak ere bai, eta herritarrak desorientatuta geratzen dira. Berrikuntzarekiko berrikuntzatik haratago, aztarna markatzeko gogoa duten talde politikoak behar ditugu, helburuak  argi eta garbi partekatuko dituztenak, lehendik gertatzen ari dena elkarrekin hobetzen laguntzeko gogoz hurbiltzen direnak, gure udalerrien eta jadanik abian diren proiektuen jatorri eta historiarekin zuzenean konektatuaz, begirada eta esperientzia berriak sartzearekin batera.

Parte-hartzeko modu berriak ez dira soilik erremintetan oinarritzen. Mugimendu sozialen, militantzia politikoaren eta erakunde solidarioen oinordekoak dira.

5. ELKARRERAGITE SOZIALAREN AUKERAK MAXIMIZATZEKO TEKNOLOGIAK

Teknologia berriek duten indarrari bizkarra ematea etorkizuna ukatzea da; haiek gu liluratzen uztea, aldiz, gure gaitasun kritikoa alde batera uztea da. Teknologikoki jabekuntza hartu behar dugu eta ahalik eta etekin handiena ateratzen ikasi, jende ezberdinen arteko parte-hartzea, topaketa eta lankidetza erraztearren. Fisikoa eta birtuala dena konbinatu nahi ditugu, presentziala eta digitala elkarren osagarri egin eta elkar elikatu dezaten. Dauden baliabide teknologikoak aprobetxatzen dituzten proiektuak imajinatu eta abian jarri nahi ditugu, lehengo esku-hartze sozialeko moduak ureztatzeko aitzakia gisa, eta parte hartzeko eta boluntariotzarako bideak berritu.

6. ERREALITATE BERRIETARA EGOKITUTAKO ERREMINTAK

Arreta handiz jokatu behar da tokiz gorako eskalako instituzioek udalerrien eta tokiko erakunde publiko txikien gainean teknologia orokortzeko eta egokitzapen teknologikoaren presioa egiteko duten joerarekin, haien errealitateak eta mugak kontuan hartu gabe. Inertzia horien ondorioetariko bat da erakundeak, beste behin, gogoz kontra behartuta sentitzen direla hori egitera, eta egokitzapena ezarpena gehiago izaten dela aukera baino. Beraz, premiak eta intuizioak entzun behar ditugu eta, funtzionaltasuna kontuan hartuta, paradigma digitalaren aurrean positiboan kokatuko gaituzten esperientzia atseginak bultzatu.

7. ENTZUTEA, KONFIANTZA IRABAZTEA ETA KONTAKIZUNA ERAIKITZEA

Entzutea lantzen den eta elkarrizketak partekatzen diren prozesuetan, konfiantza sortzen da, eta norberaren ikuspegiak ikuspegi kolektiboetara eramaten laguntzen da. Herritarrak jada hitz egiten ari dira; informazioa bilatzen eta partekatzen dute, egiaztatzea eskatzen du eta tartean dauden agenteak interpelatzen ditu. Instituzioen erronka da kontakizun komunak eta balio publikoa sortzea, era horretako komunikaziotik abiatuta; hots, irekiagoa, alde anitzekoa, bat-batekoa eta ez hain gidatua.

8. PROZEDURA ZERBITZURA: BERMEA ETA ESPERIMENTAZIOA

Halaber, instituzioak herritarrengana irekitzea haien kode burokratikoa irekitzea da, funtzionamendu logika hori ezagutu ahal izateko, ulertzeko eta horren inguruan jarrera bat hartzeko. Publikotik ezartzen diren arauak eta prozedurak ezagutzea, bateratzea, babes, defentsa eta berme sistemak ulertzea. Zorroztasun formalaren eta lasaitasun informalaren arteko orekak bilatzea, denen onerako. Burokratikoa dena eta prozedura-arloa beste lekuetan nola jorratzen eta kudeatzen ari diren ikastea eta positiboak eta inspiratzaileak diren esperimentu eta aldaketa txikiak egitea.

9. PARTE HARTZEKO DENBORAK. ZAINTZA ETA PEDAGOGIA

Jakin badakigu gauzak ondo egiteko denbora behar dela. Badirudi, ordea, inork ez duela denborarik, ez prozesuak deitzen dituztenek, ez aktibatu eta kudeatu behar dituztenek, ez haietan parte hartu behar dutenek. Beraz, ezinbestekoa da ekuazio hori konpontzeko modua bilatzea: Gauza gutxiago egitea denbora eta zaintza gehiago eskainiaz horietako bakoitzari? Gauza gehiago egitea haietako bakoitzean pertsona gehiago inplikatuaz haien denbora-tarte txikiekin? Txanpon beraren bi aurpegi. Edonola ere, prozesuaz eta une bakoitzaz gozatzen ikasi behar dugu, egoera bakoitzerako tarte egokienak bilatuaz denon artean.

10. ARTXIPELAGOA OSATZEN DUTEN IRLAK GARA

Publikoa, soziala denaren eta parte-hartzearen eta herritartasunaren inguruan proiektuak, rolak, esperientziak eta galderak dituzten pertsonen arteko elkargunea da Bherria. Ezagutza eta esperientziak trukatzeko lekua, ilusioak eta konpromisoak berritzeko gunea, parte-hartzearen birusa kutsatzeko tartea. Aldaketa bizi izan dugu praktikatuaz, eta ia ohartu ere egin gabe ‘Praktika Komunitatearen’ hazi bilakatu gara. Ikasteko ingurune partekatua, pertsona ezberdinek —elkar ezagutu eta konfiantza-sareak egitearekin batera— interesatzen zaizkien gai zehatzak ikertzeko eta esperimentatzeko modu praktikoan, elkarreraginaz eta jakintzak trukatuaz, adimen  kolektiboa sortuaz, esperientziak sozializatuaz eta gardentasuna sortuaz.

 

Praktikatzen eta komunitatea handiago egiten jarraitzen dugu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude