Nola egokitu zerbitzu publikoak COVID-19ak sortutako egungo errealitatera herritarrekin elkarlanean?

Galdera eta erantzuna Manu Narvaezen eskutik datoz. Donostiako Udaleko Lehendakaritzako zuzendaria da, Udala eta herritarren arteko erlazioaz arduratzen den sailarena, Parte-hartze eta Herritarren Arretarako Zerbitzuen bitartez; halaber, dokumentuen kudeaketaz, datuez eta erakundearentzako baliabideak hornitzeaz, nahiz udal-erakundearen antolaketa-arloko estrategiaz eta kudeaketaz arduratzen da.

Erakunde-mailako kulturan integritatea eta gardentasuna nagusitu behar direla defendatzen du. Horrela, ustekabeko egoeretan jarduteko eredua ezarri nahi duen proiektu berria aurkeztu du, herritarrek bizi dituzten egoera ezberdinak barrutik eta komunitatetik hobeto ezagutu ahal izateko, zerbitzu publikoak egoera berri horretara egokitzearren.

Zaila da pandemiaren benetako eragina neurtzea, eta bizi izandako beste une historiko batzuekin konparatzeko modukoa edo handiagoa den ikustea; hori, ezbairik gabe, denboraren perspektibak emango digu. Gaur egun, zalantza handirik gabe berretsi daiteke COVID-19tik eratorritako ondorioek goitik behera aldatu dutela herritarren errealitatea, eta, ondorioz, instituzioen eta haien gobernu-planen lehentasunen agenda egokitu beharra dago. Distopia honen aurrean, erakundeek erreakzionatu eta erabakiak hartu behar izan dituzte inoiz ezagutu gabeko eszenatokietan, aldez aurretik aztertu gabeko horren ondorioak ezezagunak baitira.

Abiapuntu horrek eraman gaitu, OGP Euskadi programaren barruan, irismen eta helburu ezberdineko proiektu bat planteatzera. Lehenik eta behin, ikuspegi zabaleko adierazle batzuk definitu nahi ditugu, populazioen eta herritarren egoera eta bilakaera ezagutu eta monitorizatu ahal izateko (jarduera ekonomikoa, soziala, ahultasun-egoerak, kolektibo espezifikoen egoera, e.a.), erakunde ezberdinek hartutako neurriak ahalik eta modu zehatzenean identifikatzeko (toki-mailan, autonomikoan, estatuan eta Europan), egoera arintzeko arlo ezberdinetan hartzen ari diren neurri desberdinen efektua aldi berean aztertuta. Puntu horretan, funtsezkoa da anbizio handieneko jardueren efektua kontuan hartzea, Next Generation Europako proiektuen barnean planteaturikoak, gure gizarteko egitura produktibo, sozial eta kulturalen erabateko berrikuntza bilatzen baitute.

Azterketa honen ondorioz, gogoeta egin eta erakundeen lehentasunen agenda birpentsatzeaz gain, zerbitzuak egoera berrira egokitu beharko dira: edozein kasutan ziurtatu beharreko funtsezko zerbitzuak definitzea; Gobernu-planetan aldez aurretik aurreikusitako beste jarduera batzuen gainean horiek indartzea eta lehenestea; herritarren arreta eta erakundea-herritarra harremanak birplanteatzea; zerbitzuak emateko paradigma berria; entzute aktiborako mekanismoak, herritarren benetako sentimendua ezagutu ahal izateko; edo entzute hori jarduera zehatzak gauzatuaz itzultzeko sistemak eratzea, besteak beste.

Eta hori guztia erakundeen kulturan nagusi izan behar duten bi baliorekin: integritatea eta gardentasuna; osotasuna burutu beharreko jarduera-sorta definitzerakoan, eta gardentasuna horiei dagokienez eta, batez ere, horiek lortzeak ingurunean eragiten duen benetako eraginari erreparatuta. Ondorioz, ustekabeko egoeren aurrean jarduteko eredua sortu behar da, herritarrek bizi dituzten egoera ezberdinak barrutik eta modu komunitarioan gehiago ezagutu ahal izateko, informazio gardena sortzeko eta konpontzeko hartutako neurrien gainean egiazta daitezkeen sistema eraginkorrak identifikatuta. Nolabait, ondasun publikoa kudeatzeko modua modelizatu behar da, Gobernu irekia lortzeko funtsezko elementua izanik.

Ikuspegi teknikoagotik, proiektuaren egituraren helburua da mekanismo egokiak, objektiboak eta neurgarriak ezartzea, COVID-19ak gizartean sortutako inpaktuari dagokionean, eta egoera berri horretara (pandemian zehar eta ondoren) zerbitzu publikoak egokitzeko modua identifikatu eta gauzatzea fase ezberdinetan:

  • Lurralde-eremu zehatzean pandemiaren inpaktuaren informazio zehatza eskaini ahal izateko adierazle espezifikoak identifikatzea.
  • Adierazleak elikatzen dituzten datu-iturriak bilatzea.
  • Aginte-koadroa sortzea (hautaketa, bilketa-aldia, e.a.).
  • Erabakiak hartzeko datuak aztertzea.
  • Hartutako ezohiko neurriak eta gizartean duten eragina monitorizatzea.
  • Gardentasun-politiketara, datu irekietara eta Gobernu Planen kontuak emateko dinamikara sartzea.
  • Lan-egitura modelizatzea, erakundearen gobernu-jardueren barruan ezartzeko.
  • Eredua egiaztatzea eta baliozkotzea.
  • Hori hedatzea eta sustatzea.

Modu horretan, erronka da zerbitzuak egungo errealitatera egokitzen ditugunean gertatzen denari buruzko informazio erreala lortzea, hartutako neurrien inpaktua ezagutzea eta bizitakoak erakutsi behar dizkigun irakaskuntzak eta paradigma-aldaketak eskuratzea. Hori guztia gizarte zibilarekin eta komunitatea osatzen dugun pertsonekin elkarlanean, kontrastatuta eta batera sortuta egin behar da. Hori guztia garatu dezakegu, konpromiso horri herritarren eremuko bi ikuspegi batu baitzaizkio: Donostiako Mestiza Elkartea, proiektu artistiko-soziokulturalak sustatzeko eta garatzeko eta gure inguruneko aniztasun kulturala islatzeko helburua duena, eta Bilboko Emakumearen Kontseilua, Bilboko hiriko herritarren partaidetzarako organoa, Bilboko hiriburuko emakumeen parte-hartze demokratikoa bermatzeko asmoarekin sortua, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren printzipioaren garapen eta sustapenean, bizitzako arlo ezberdinetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude