Donostiako Emakumeen Etxea, mugimendu feministaren aspaldiko aldarrikapena, duela zazpi urte sortu zen, prozesu luze baten ondoren. Bertan, eztabaidagai izan zen zein Emakumeen Etxe mota sustatu nahi zuten, Espainiako estatuan dauden kudeaketa eredu desberdinak kontuan hartuta. Aukeratu zuten eredua, urte hauen ondoren egokia iruditu zaiena, Udala eta ondorio horretarako sortutako Emakumeen Etxeko Elkartearen arteko kudeaketa da.
Emakumeen Etxea topaketa, eztabaida eta gogoetarako gune bat da, bi sexuen arteko berdintasuna xede duten politiketan, programetan eta proiektuetan eragiteko. Juana Arangurenekin egin dugu berba, kolektibo feminista honen esperientzia eta ikasketak parte-hartze publiko-sozialean ezagutzeko asmoz.
Juana, zuen ustez, zeintzuk dira gune publiko baten kudeaketa komunitarioko proiektu bat definitzen dituzten giltzarriak?
Mota honetako proiektu bat definitzeko giltzaria, gure ustez, parte-hartze demokraziaren aldeko apustua egitean datza. Hiritarrek, kasu honetan mugimendu feminista, gune publiko baten kudeaketan parte hartzen badute, gune hori benetan partaidetzan oinarrituko da, bizirik egongo da eta hiritarren interesak hobeto defendatuko ditu –gure kasuan, emakumeak, gune horren edukiei eta ibilaldiari buruzko erabakiak hartzeko aukera izango dutelako.
Zein onura sozial ekartzen dituzte ezaugarri hauetako proiektuek?
Kudeaketa komunitarioak gune publikoa bizitik egotearen eta gutxi erabiltzen den leku hotz bat ez izatearen alde egiten du. Hiritarrek gune publikoen proiektuen antolamenduan parte hartzen badute, bertako nahiekin eta premiekin lotura estuagoa izango dute.
BherriLabek lau lan eremuri heltzen die: eremu juridikoa, lankidetza, lagapen irizpideak eta esleipena eta gizarte itzulerarako adierazleak. Zuen esperientziaren arabera, non daude indar guneak? Zeintzuk dira eremu hauetan aldaketak eragin ditzaketen palankak?
Eremu juridikoari dagokionez, Udala eta Emakumeen Etxeko Elkartearen arteko gunea lagatzeko hitzarmen bat dago –behin eguneratuta-. Aipatutako elkartean emakume guztiok norberaren izenean parte hartzen dugu, beste taldekoak izan arren. Horrez gain, erabilera araubide bat egon badago, eta bi alderdiek hura arazorik gabe errespetatzen dute: Udala eta Elkartea, alegia. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmen bat dugu, halaber. Haren bidez, urtero diru-laguntza bat jasotzen dugu eta lau urtez behin errebisatzen da.
Hiritarren –ekimen honetan emakumezkoak- eta erakundeen artean ezarritako lankidetzari esker, proiektu hau errazago bideratu daiteke. Haren helburua emakumeak ahalduntzeko gune bat sustatzea da. Eta emakumeen ustez, Emakumeen Etxea gune propio bat da, non mota orotako ekimenak garatu ditzaketen, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko xedearekin.
Emakumeen Etxeko gunea lagatzeko eta adjudikatzeko irizpideei dagokien arloa nabarmen eztabaidatu da, udalean, zenbaitek uste zuelako ekipamendu hau lehiaketara atera behar zela. Azkenean, gailendu zen iritzia honakoa izan zen: gune hau benetan partaidetzazkoa izateko formularik demokratikoena gaur egungo Udalaren (Berdintasuna) eta ondorio horretarako sortutako emakumeen mugimendu asoziatiboaren arteko harremana mantentzea da.
Gure ikuspegiaren arabera, Emakumeen Etxeko Elkartearen bazkideen kopuruak gora egin duela adierazgarri garrantzitsuena da; hasieran 20 bazkide inguru ginen eta bere ibilaldian zehar 1.000 bazkideak gainditu ditugu. Beste adierazgarrietako bat egunero Emakumeen Etxea erabiltzen duten emakumeen kopuruaren igoera da. Hura zenbatzaile batekin erregistratzen dugu.
Twitter: @DSSEemakumeenEtx
Facebook: donostiako emakumeen etxea
Webgunea: www.donostiakoemakumeenetxea.org