Ongi Etorri BHERRIARA. Lankidetzatik eraikitzen ari garen gunea

Duela zenbait hilabete proiektu hau diseinatzen hasi ginen, eta, gaur, azkenik, publiko egin eta ongietorria egiten dizuegu. ‘BHERRIA. Herritartasun berrirako agora’ deitzen da, eta Bherria izena BERRIA eta HERRIA euskal hitzak batuta osatu da, herritartasun berrietan oinarrituta.

Proiektuaren ideia sortu zen inoiz baino gehiago entzutea eta baterako lankidetza eskatzen den unean. Baina, nola egin aurre errealitate berri horri? Zer-nolako erremintak ditugu eta daude gure esku? Zer da egun sarean lan egitea? Gure tokiko errealitatea hobetu daiteke sare sozialetan zer esaten den entzunaz edo aplikazio mugikorra erabilita? Zein bide hartzen ari da herritarren, Herri Administrazioaren eta erakunde sozialen arteko harremana?

Galdera horiei erantzuna emateko asmoarekin, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Zerbitzuen Saila eta Boluntarioen Euskal Kontseilua jarduera baten bila hasiko dira, udal-ekintza indartu nahian herritarren aktibazioa sustatzeari, lankidetza publiko-sozialeko espazioak eraikitzeari eta boluntarioen esperientziak eta balioak bultzatzeari dagokienean.

Horrela, BHERRIA sortuko da, agora baten antzera, hots, topaketa presentzialerako zein digitalerako gunea. Asmo handiko proiektua da, berritzailea, gure gizartea tokiko botereetatik hobetzen laguntzeko erabilitako estrategien inguruko hausnarketa egin eta horiek egiaztatu nahi dituena, herritar aktiboekin batera lan eginaz, eta boluntarioen adierazpen klasikoenak ez ezik, berrienak eta disruptiboenak ere kontuan izanik.

Edizio honetan, ekimenak tokiko administrazioan erantzukizun politikoa edo teknikoa duten pertsonak ditu helburu, proiektu publiko-soziala abian dutenak (edo herritarrekin elkarlana egiteko esperientziaren bat ezartzea aztertzen ari direnak) eta beste prozesu batzuekin (abian edo amaituta daudenak) egiaztatu nahi dutenak, adituen laguntzaren bitartez.

Zaindutako prozesua eta prozesu osoa

BHERRIAn parte hartzen duten pertsonek prozesu zaindu batean parte hartu ahal izango dute, konfiantzako giroan zalantzak partekatu eta giltzarri berriekin esperimentatu ahal izateko. Programa urritik abendura bitarte garatuko da, eta ikasteko ardatz nagusiak izango dira Agora izeneko hiru hausnarketa-gune: Autokudeaketaren eta Erabilera Publikoaren Agora, Smart Citizen Agora (Herritartasun Adimentsua) eta Entzute eta Komunikazio Digitalaren Agora.

Agora horietan, lehiatzeko paradigmatik lankidetzarako paradigmara igarotzearen gaineko hausnarketa egingo dugu, publikoa, pribatua eta arrunta denaren arteko harreman berriak proposatuaz. Eredu emergenteak eta norberak antolatuak, parte hartzeko modu berriak, lankidetza edo baterako sorkuntza ere aztergai izango ditugu; halaber, jadanik gure eskuetan ditugun teknologiek sortzen dituzten aldaketa sozialak edota komunikazioaren praktikaren demokratizazioak nola sortu duen herritarren parte-hartzean zuzeneko inpaktua izan duen harreman-modu berria.

Edukiak sakontzeko lanerako, berrikuntza sozial, herritartasun ireki eta komunikazioko proiektuetan urteetako esperientzia duten profesionalen taldeak emandako online prestakuntza-plataforma erabiliko dugu. Horrez gain, hiru elkargune presentzial eta bi bisita egitea aurreikusten dugu, landutako edukien aldetik esanguratsua den proiektua ezagutzeko. Azkenik, zeharka, pertsona bakoitzak mentoring pertsonalizatua izango du, prozesua errazten duen pertsona batekin.

Proiektuak espazio digital bat du, bizirik dagoen gunea, prozesuaren beraren jarduerak elikatua. Hemen, prozesuari buruzko gertaeren eta parte-hartzaileen bitartez eraikitako hausnarketa batzuen berri emango dugu. Agora bakoitzeko ibilbidea amaitu ondoren, esperientziak nahiz ikasitakoak partekatuko ditugu. Gainera, proiekturako sare sozialak abian jarri ditugu (Facebook eta Twitter); horietan, gaurkotasuna ez ezik, elkarrizketa, egiaztatzea eta hausnarketa ere jarraitu ahal izango dituzu.

BHERRIAn parte hartu nahi baduzu, talde teknikoarekin harremanetan jar zaitezke inprimaki honen bitartez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude