Zaintzen komun baterantz

Iñaki Garcia osasun mentalean aditua den psikoterapeuta da, Erain Cooperativako koordinatzailea, eta urriaren 14an, Bherria Topaketan izango da publikoa eta soziala denaren arteko lankidetza-bideez aritzeko zaintzen eta bizitzari eustearen ikuspegitik. Iñakik azalduko digu PUBLIKOA eta SOZIALA DENAREN arteko elkarrizketa KOMUNAREN sortzaile indartsua dela.

COVID-19ak eragindako pandemiak bizitzaren zaurgarritasuna onartzearen gainean begirada berria sortu du espazio publikoan.

Mendebaldeko gizarte postindustrialen testuinguruan gutxienez, eta krisi ekonomikoaren eta berotze globalaren mehatxua hautemanda ere, erdi mailako klaseen iruditeria publikoa segurtasunaren ikuskerak eta norberaren eguneroko bizitzaren kontrolak baldintzatuta egon da, batez ere 2008ko krisiaren aurreko denboraldian.

Hala ere, birus txiki eta ikusezin batek mundua lehen ezagutzen genuen moduan hazkaz gora jarri du eta hain berria ez izaten hasten den “normaltasun berria” inauguratu dugu. Horrek, ordea, gure eguneroko bizimoduan, modu globalizatuan, egonezina, heriotza, ziurgabetasuna hor daudela konturatzera eraman gaitu, lehen ezagutu ez genuen moduan.

Bizitzaren kalteberatasuna agenda publikoan sartu da, eta, era horretan, garrantzia hartzen joan dira eguneroko bizimoduarekin eta zaintzekin loturiko alderdiak: osasun publikoaren aurreko kezka, adinekoen egoitzekikoa, osasun mentala, suizidioak, heriotza duina,… Ohartzen hasi gara zaurgarriak garela eta beste bizimodu bat bizi dezakegula.

Ildo horretan, eta Yaho Herrerok baieztatzen duen moduan (https://dialnet.unirioja.es/servlet/articulo?codigo=6292633):

(…) pertsona bakoitzak, jaiotzen denetik hiltzen den arte, beste izaki batzuk behar ditu gorputz ahul hori zaintzeko, batez ere bizi-zikloaren une batzuetan. Baina kultura nagusia mugetatik nahiz gorputz bakoitzak bakardadean dituen inmanentzia eta zaurgarritasunetik kanpo dago. Nolabaiteko transzendentzia-ideia bat eraiki du, gutariko bakoitzak naturatik eta geure gorputzetik emantzipatuta sortzeko aukera izango bagenu bezala. Baina ez da horrela. Naturan bizi gara eta geure gorputzean bizi gara; gorputza zahartu egiten da, gaixotu, eta zaindu behar da. Eta pertsona batzuek naturatik eta gorputzetik emantzipatuta bizi daitezkeela pentsatzen badute, beste leku batzuetan bizitza horri eusteko ardura duten mendeko subjektuak, ikusezinak, daudelako da.

Ildo horretan, birusak eta birusari eusteko politiken hedapenak osasun mentala eta zaintzak espazio publikoaren barruan kokatu dituzte, eta gure bizimoduaren eta bizi ditugun ondoezen arteko harremanaren inguruan gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari gara, Elkarrekiko Laguntza Taldeak bezalako mugimenduen eta mugimendu feministaren eskutik; izan ere, zeharkatzen gaituzten testuinguru sozialetan jarri dute arreta, ikuskera indibidualista edo medikalizatu hegemonikoa hautsiaz.

Zaintza Ongizatearen Estatuaren ardatz egituratzaile bezala hartzen badugu (laugarren zutabe ospetsua), badakigu zeintzuk diren zaintzaren kudeaketan logika neoliberalak ezartzearen arriskuak, horiek eremu pribatuaren barruan eskuordetuta, osasun-, gizarte- edo hezkuntza-eremu guztietan hauteman ahal izan dugun moduan, baliabide horien kudeaketa merkatu eta onura logiketan erori denean; izan ere, arretaren kalitatearen eta lan-prekarietatea orokortzearen estandarrak errukarri jaitsi dira.
Osasunak, beste ondasun batzuen antzera, David Harveyk itxitura-prozesu bezala deskribaturikoa jasaten du: guztiona denaren pribatizazio handiak, gutxi batzuek etekinak ateratzeko eta biderkatzeko. Itxitura-prozesu horiek ez dira soilik osasunaren arloan gertatzen eskaintza publikoan (ospitale-kudeaketa, baliabide publikoena,…), baizik eta baita osasunaren mugatzaile sozialei dagokienean ere: etxebizitza eskuratzea, gure hirien hirigintza-diseinua, lan-prekarizazioa edo desberdintasuna osasun komunitarioan eragiten duten faktore indartsuak dira.

Itxitura-prozesuez gain, komunen ikuspegia dela-eta, osasunak ordezkatua izateko arriskua du pandemia kudeatzeko politikek euskarri duten ikuskera sekuritarioa medio. Diskurtso belikoak eta nagusiki polizialak diren praktikak artikulatuta, susmo-esparru bat sortu da osasun publikoaren inguruan, bizilagunen artean zaintza-jarrerak sustatuz, osasuna Estatuari eta ez komunitateari dagokion kontua dela ulertuta. Ikuspegi horrekin alderatuta, zaintzen praktika komunitarioak eta osasuna sustatzekoak komunen ekoizpen-paradigma bat eskaini dute, eta, hor uste dugu komunitarioaren eta publikoaren arteko lankidetza-praktikak direla protagonista.
Raquel Martinez Bujanen hitzetan (https://investigacionesregionales.org/es/article/cuidados-con-sentido-comun-desafios-vacios-y-contradicciones/)

(…) “Estatuko esperientzia komunitarioak, familia edo sektore pribatua bereizten dituzten mugak ez daude argi, eta ertzak lausotuta agertzen dira. “Publikoa” eta “komuna” denaren arteko konbinazioak ugari direla dirudi: autokudeaketak berak eragin ditzake, gobernuz kanpoko erakundeetatik edo bestelako elkarteetatik sor daitezke, baina udak botere publikoak auzo eta herri sareekin lotzen direnean ere aktiba daitezke. Horrek guztiak erakusten du komunitatea ezinbesteko agenda bilakatu dela jada zaintzen antolaketa soziala ebaluatzeko”.
Izan ere, azken urteotan, eta bereziki pandemia sortu ondoren, hainbat sare komunitario zabaldu dira hiri askotan zaintzak emateko. Eremu oso ezberdinak hartzen dituzten ekimen kolektiboak dira (nahi ez diren bakardadeak prebenitzea, hazkuntza partekatuko espazioak edo elikadura osasungarria edo hurbilekoa sustatzea,…).

Horiei guztiei dagokienez, Bherrian proposatzen dugun ikerketa-lanaren helburua da lankidetza publiko-sozialak zein ondorio eragin dituen aztertzea, zaintza-ekimenak eta osasun mentala sustatzekoak ezagututa.

Alderdi publikoaren eta sozialaren arteko lankidetza-bideak garatzeko gakoak zein izango liratekeen kolektiboki birpentsatzen ahaleginduko gara, bizitzari eusteko ikuspegitik, PUBLIKOA eta SOZIALA denaren arteko elkarrizketa KOMUNA sortzeko sortzaile indartsua dela sumatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude