Artekoen artekoa

Bherria garai manieristetan sortu da: ziklo-amaiera baten eta zer den oraindik ondo ez dakigun zerbaiten hasieraren artean; lehendik dagoena aldatzeko beharraren eta aukerak behar bezala zehaztuta ez izatearen artean. Euskadin sortu da Bherria, ongizatearen estatu deiturikoan, Europako sozialdemokraziaren gainbehera betean, eta krisiaren erdi-erdian (krisi ekonomikoa, baina, batez ere, eredu, balio eta identitateen krisia). Bherria sortu den une honetan, hein handi batean oraindik ere nolabaiteko autokonplazentziaz jokatzen dugu, baina gero eta maizago geratzen da agerian «hemen zerbait gaizki doala». Ustez arketipo dikotomikoak diren esparru publikoaren eta pribatuaren artean sortu da Bherria; esparru publikoa instituzionalizatuta dago, burokratizatuta, eta murrizketaz josia; eta pribatuak, berriz, itxurazko aukera bakar gisa naturalizatu du kapitalismoa. Motelaldian sortu da Bherria: erronka eta aukeren motelaldian, saiakera, ekimen, ibilbide, prototipo eta hackeoen motelaldian; ezarrita dagoenaren eta ezartzeko dagoenaren artean, finkatuta dagoenaren eta sortzen ari denaren artean, orain arte izan denaren eta oraindik izateko dagoenaren artean. O-tik Y-ra pasatzeko sortu da Bherria, ko- eta trans- den guztitik abiatuta. Artekoen artetik datorkigu Bherria.

Aldaketari kolektiboki aurre egin ahal izateko elkargunea

Bherria elkargune bat da, egoerak, jarrerak, aukerak eta artekoak elkarri lotzeko. Zubia izan nahi du, mintza, elkarrizketagunea, plaza; edo, are hobeto, eraikitze bidean dagoen plaza, urbanizatzeko dagoen orubea, auzoen arteko jokalekua. Bertan elkar gaitezke, elkarri harriak botatzeko eta jokalekuaz nor jabetuko den ikusteko, edo elkarrekin ikasteko nahi genukeen gizartea kolektiboki eta erantzukidetasunez eraikitzen. Gizarte horretan berriro definitu behar dira, ezinbestean, HELBURUAK, eta, horretarako, TRESNAK eraldatu behar dira. Gizarte hori trantsiziokoa izango da, eta, bertan nagusi den logika indibidualista, lehiakorra eta neoliberala gainditzea lortzen badu, berriro definitu beharko ditu bizimoduak, eta komunitate gisa ekoiztu; horretarako, pertsonak eta haien nahiak eta gaitasunak izan behar ditu ardatz, prozesuari, afektuei eta zainketei arreta emanez. Gizarte horrek askoz ere gehiago zaindu beharko ditu ingurunea eta baliabideak, ikuspegi prokomunal eta permakultural batetik. Gizarte horrek onartu egin behar du, nahiagatik edo beharragatik, aldatu egin behar duela, eta berehala hasi behar duela aldatzen.

Trantsizioko gizartea

Egin behar diren aldaketak, lortu nahi ditugunak, aldaketa konplexuak dira, eta eraldaketa txiki eta handiak dakartzate. Ez da makillajea, ezta lehendik dagoenaren bertsio eraberritu bat ere. Paradigma aldatu behar da (bai, hain maiz errepikatzen den hitz bitxi hori, eta eredu, sistema, baldintza multzo… esan nahi duena); erosotasun-eremutik irten behar da; aldaketa kulturalei eta subjektibotasun-aldaketei aurre egin behar zaie; eta gauzak beste era batera egin behar dira. Eraldaketa horiek bi motatakoak izan daitezke: erabatekoak (krisi edo iraultza batek eragindakoak, bizi-baldintzak drastikoki aldatzearen ondoriozkoak), edo pixkanakakoak (gaur egun garenetik izan nahi genukeenera joanez; gizarte-egiturak, ekoizpen-ereduak, ohiturak eta errutinak apurka-apurka aldatuz). Trantsizioko ereduek hori proposatzen dute; alegia, hurbilen dagoenetik (auzoa, komunitatea) urratsez urrats aldatzea. Berritzea, bai, baina baita iraganeko ezagutzak berreskuratzea eta haiek gaur egungo teknologia eta prototipoekin uztartzea ere, etorkizun posible eta desiragarrirantz proiektatzeko. Hori izan nahi du Bherriak; alegia, etorkizun horretarantz elkarrekin joateko behar besteko segurtasuna emango digun birus mutante bat.

Etorkizuna eraikitzea, publikotik komunera

Trantsizio hori egiteko, Bherriak esparru publikoan oinarritu nahi du, ez bakarrik galdu ezin dugun zerbait gisa, baizik eta baita indartu egin behar dugun zerbait gisa ere. Esparru publikoa gutxietsi egin da, zuhurtziarik gabe; mehatxatuta dago, eta alderdi askotatik jasotzen ditu erasoak. Esparru publikoa azpiegitura-ondare garrantzitsu gisa ikusten dugu, eta ez zaharkituta dagoen zerbait gisa, baizik eta bizirik dagoen organismo gisa, egoera berrietara egokitzen dena. Zerbitzu multzo gisa ikusten dugu, bitartekaritza- eta laguntza-tresnen multzo gisa, eta haiek guztiek berdintasuna eta erabateko irisgarritasuna bermatzen dute, aniztasunaren ikuspegitik. Dauden baliabideak eraginkortasun eta efizientzia handiagoz eta, orobat, afektibotasun handiagoz kudeatzeko modu gisa ikusten dugu esparru publikoa. Berrituz doan sistema gisa ulertzen dugu; sistema horrek badaki sareko ekosistema baten parte dela, elkarlanean, subsidiariotasunean, autonomian eta interdependentzian oinarritutako ekosistema baten parte, eta ekosistema hori komuna den guztiaren instituzionaltasun berri baterantz proiektatzen da, gobernantza-eredu irekien bidez.

Instituzionaltasun berri hori kolektiboki definitu behar dugu, konfiantza-, aintzatespen- eta elkarrekikotasun-harremanen esparruan, askotariko eragileen laguntzarekin, eta abiapuntu gisa polinizazio gurutzatua, trukea, hibridazioa eta rol eta jardun-eremu berrien sorrera hartuta. Instituzionaltasun berri hori neurri handi batean kanpotik eraikitzen da, gizarte zibilari esker, haren ekimenek administrazioaren mugak mugitzen laguntzen baitute; baina baita barrutik ere, zerbitzari publikoen eraldaketa-konpromisotik, zerbitzari horiek ezagutzen baitute ongien sistemaren funtzionamendua. Nagusiki zerbitzari publiko horietxei (alegia, udal teknikari eta politikariei) dago zuzenduta Bherriaren lehenengo edizio hau, haiekin batera ikuspegi berriak izateko, esperientziak partekatzeko eta jolasean hasteko.

Hiru gai Bherriarekin lanean hasteko:

> La gent, Maria Arnal eta Marcel Bagés.

> Busco en la basura, Eskorbuto.

> Disfraz de tigre, Hidrogenesse.

Ricardo Antón. «Nahiago dut halakorik ez egin» eta «Ezin dut gelditu!» artean. Arte Ederretan lizentziatu nintzen UPV/EHUn, eta Marketineko Masterra ere egin nuen. Tailerrak ematen ditut Artelekun, eta maisu ezjakina eta des-artista naiz. Beste batzuekin batera, ColaBoraBora-n bizi naiz. Nire ezaugarrietako bat da oso gaizki ikusten dudala, baina (beharbada horretxegatik) nire gaitasun nagusietako batek ikuspegi kritikoa, sintetikoa eta sistemikoa ematearekin du zerikusia.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude