Bi gradu hirian, egunsenti hotza Gasteizen. Zorionez, berotasunez hartu gaituzte Rogelia de Alvaro Elkarteen Etxean; hau da, erakunde sozial, kultural edo hezkuntza-arloko eta irabazi asmorik gabeko erakundeen eskura jarritako ekipamendu publikoan; erakunde horiek interes orokorreko programak eta jarduerak garatzen dituzte udalerriarentzat.
BherriLab-en bigarren laborategia indartsua da: 30 pertsona, profil ezberdinekoak, herri administraziokoak, herritarrak eta adituak, guztiak partekaturiko erronka eraikitzeko asmoarekin; alegia, Euskadiko ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioan aurrera egitea.
Gonbidatu goiztiarrak iristen ari diren heinean, kafea eskertzen dute gorputza eta adimena indartzeko. Hasiera emateko, ongi etorri bilera batekin hasi gara, eta, bertan, dinamika interesgarria eta zorrotza aurkeztu da. Parte-hartzaile bakoitzak, kolore ezberdinetako post-itetan, laborategi-saioaren gainean dituen itxaropenak idazten ditu batetik eta jardunaldian zehar gertatuko denarekiko zer-nolako boikotak dituen, bestetik. Hausnarketa pertsonala kutxa batean utziko dugu.
Saioarekin jarraitzeko, taldea Bherria laborategi herritarraren lehenengo edizioa egituratzen duten lau eremutan zatitu da: lankidetza publiko-soziala, esparru juridiko-administratiboa, lagatzeko eta esleitzeko irizpideak eta kudeaketa komunitarioaren inpaktuaren ebaluazio-adierazleak. Abiapuntu ederra dugu; hau da, Durangoko Plateruenean egindako BherriLaben hasierako topaketan proposaturiko 178 galdera.
Legezko esparrua edo esparru juridikoa lantzen ari diren taldean behin baino gehiagotan ondorengoa entzun dugu: “aurrera egingo dugu”, eta hori bereziki esanguratsua da. Modu horretan, tentsioak, itxaropenak, esperientziak eta kezkak sortzen dira, eta mahai-inguruetan ez ezik, kafe-garaian eta bazkarian zehar ere eztabaidarekin jarraitzeko mintegia osatzen dute.
Denbora azkar doa. Arratsaldeko hirurak dira, eta egun osoan zehar landutakoa adosteko unea iritsi da. Laborategi honetan parte hartu duten 30 pertsona berriro elkartuko dira gela berean, talde bakoitzak ateratako ondorioak entzuteko.
Gatazka elementu errepikaria da lankidetza publiko-sozialean. Gainera, desadostasunetik eta iritzi eta esperientzia aniztasunetik abiatzeko ideia berretsi da, eszenatoki berrien diseinuan aurrera egin ahal izateko aldaketa-iturri gisa. Beste behin, BherriLab honetako leitmotiv aipatzen dugu: “Aurrera egingo dugu”. Lan-talde horren egiteko -konplexua- da lankidetza-oinarriak ezartzea, gatazkaren -zati bat- konpontzen laguntzeko.
Beste ondorio batzuen artean, erraza bezain lehentasunezkoa den zerbait adosten da: elkar ulertzeko beharrezkoa da kontrolak eta tutoretzak alde batera uztea. Gainera, gauza ez da esparru publiko-sozial hori ‘nork’ definitzen duen, ‘zertarako’ den pentsatzea baizik: kudeaketa komunitarioa.
Esparru juridikoari dagokionean, abiapuntutzat hartu da errealitate sozialaren konplexutasuna kudeaketa komunitarioan. Bi errealitate: soziala eta juridiko-administratiboa. Nola elkartu biak esparru juridiko eta lege-arlotik? Oinarrizko kontzeptuak argitu ditugu, oso garrantzitsuak direnak.
Bi ondasun-mota daude: ondare-ondasunak edo jabari publikokoak. Azkenei dagokienez, lagapen-mota izaera pribatiboaren arabera eraentzen da. Hain zuzen ere, espazio publiko bat elkarte bati edo hainbati era pribatiboan lagatzen bazaio, erregimena emakidarena izango da. Aldiz, erabilera berezia bada, zehatza baina ez pribatiboa (adibidez, zentro zibiko bateko gela bat elkarte bati uztea astean behin), erregimena baimenarena izango da. Gainera, gune bat erabilera publikorako uztean, bi eredu nagusi bereiztu behar dira: batetik, lehia, sarrera herritar guztientzat eta tratu-berdintasuna bermatzen duena; eta, bestetik, zuzeneko esleipenaren salbuespena, erabilera publikoko erakundeentzat edo interes orokorreko jarduera egiten duten erakundeentzat.
Baliabide publikoen lagapena edo baterako kudeaketa? Arazo konplexu hori ere jorratu dugu lagapen eta esleipen irizpideen taldean. Prestakuntza, lan-taldeak, e.a. hartzen dituzten pertsonen eta baliabideen multzoa bezala ulertzen dugu, lotura bat sortzeko dagoen beharrari erantzuten diona. Eztabaida berria sortu da -edo eztabaida-iturria- lurraldearekiko errotze-irizpideen eta hori inpaktu-eran baloratzeko komenigarritasunaren inguruan.
Taldearen mapa kontzeptuala oso adore-emailea da: gardentasuna, hizkuntza erraza, irekiera eta demokratizazioa,… Lehia bermatu behar da berdintasuna, aniztasuna, irabazi asmorik eza, e.a. bezalako funtsezko alderdiak errespetatuta. Hortik aurrera lehentasunezkoa da eraikitzea. Irekitzea, ixtea, berriro irekitzea, egokitzea,… Berriro ere, aurrera egitea.
Halaber, iritzi-desberdintasuna beste abiapuntu bat da kudeaketa komunitarioaren inpaktuaren ebaluazio-adierazleen taldean. Herritarren proiektuetatik erreparatuta, ebaluazioa kontuak ematea bezala ikusten da, eta, kasu gutxi batzutan, prozesuak hobetzeko laguntza gisa. Bestalde, administrazio publikotik, bete beharreko baldintza bezala ulertzen da, proiektuen inguruan ondorioak ateratzeko aukera ematen duelako.
Bi ikuspegiak gerturatzeko helburuarekin, a priori aurkakoak direnak, rolak trukatzeko ariketa egin da, eta, modu horretan, kudeaketa komunitarioan inplikaturiko agente bakoitzaren premiak eta berezitasunak ulertzeko ezinbestekoa den enpatia sortu da. Administrazioaren eta herritarren adierazleak desberdinak dira, baina beharrezkoa da tentsio tekniko-politikoa eta kontraesan guztiak gainditzea, ebaluazioaren helburua lortze aldera; alegia, kudeaketa hobetzea. Beste ideia eta irtenbide batzuen artean, inprimaki bat sortzea proposatu da, bi agenteen berezitasunetara egokituko dena.
Bigarren laborategi bizi hau lanordu askoko nekea nabarituaz amaitu dugu, baina, aldi berean, poztasun handiarekin. Burua ideiaz, kontzeptuz eta esperientziaz beteta dugu, eta, orain, horiek guztiak ordenatzea egokitzen da urtarrilaren 28an egingo den BherriLab-en hirugarren saioari begira. Zuen zain izango gara!