Kudeaketa komunitarioaren tentsio, istorio eta erronkak

Erronka: erabilerarik gabeko ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioa. Helburua: harreman publiko-sozialetik, proiektu berriak errazago garatu ahal izateko, politika publikoetan sar daitezkeen proposamenak —protokoloak, jarraibideak edo gidak— egitea. Horixe da BherriLab Bherriaren herri-laborategiaren proposamena. Azaroaren 30ean, 80 pertsonatik gora bildu zituen proiektu-mota horietan izaten diren arazo eta kezka nagusiak entzuteko eta laborategiaren hurrengo fasean landu ahal izateko.

BherriLab-en lehen topaketarako Plateruena Kafe Antzokia hautatu genuen, gure ustez espazioek helburuetara gerturatzen gaituztelako. Plateruena Durangon dagoen kultur gunea da; Berbaro Elkarteak proposatuta, 2004an ateak ireki zituen baliabide publikoa, euskal kultura bultzatzeko leku bilakatzearren. Ostalaritza-zerbitzua eskaintzeaz gain (eguneko menua, taberna, askariak edo ospakizun bereziak), jarduerak antolatzen dituzte; hau da, musika, hitzaldiak, erakusketak, antzerkia edo bertso-saioak. Web orrialdean esaten duten moduan, urte hauen guztien ondoren, proiektua indartu egin da, besteak beste, “herri-ekimenean eta administrazioan aurrez aurre hitz egin eta elkarrekin lan egin behar dugula eta dezakegula uste dugulako”.

Aurreratu egin gara. Bherrian parte hartu zuten pertsonak eta, herri-administraziotik edo herritarren ekimenetik espazio publikoen kudeaketa komunitarioko proiektuak egun bultzatzen dituzten beste asko, eta adituak zein akademiako profesionalak bildu ginen gelan, besteak beste. Saioa hasteko, Lide Amilibiak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, ongietorria egin eta “Bherria harreman publiko-sozialeko modu berriak sustatzeko apustu berritzailea dela” gogoratu zuen, deialdiari emandako erantzuna eskertzearekin batera, “horrek argi uzten baitu espazio publikoen kudeaketa komunitarioa kezkatzen gaituen gaia dela”. Ondoren, Emilio Solak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako zuzendariak ondorengoa azpimarratu zuen: “kudeaketa komunitarioko espazioak gizarte-ehun bizia eta lurraldeari lotua izatearen ondorio dira”. Espazio horietan, “harreman pertsonalak ezinbestekoak dira, eta zaintza-lanak mota horretako proiektuen egitura-ardatz bilakatzen dira” gehitu zuen Solak.

Aurrera, BherriLab!

Talde bideratzailearen azalpen egokien ondoren, dinamika lantzen hasi ginen. Espazioaren barruko mugimenduak elkar ezagutzen, izotzaldia urtzen laguntzen du. Nor aurreratu da gehiago? Zerk bultzatzen nau laborategi honetara etortzea? Nondik nator?

Laborategiaren printzipioek kokatzen laguntzen dute denen arteko zerbait eraikitzeko, gauza zehatzak lortzeko, proaktibitatera irekitzeko eta norberaren esperientziaren ezagutzatik ekarpenak egiteko. Horrela, lanean hasi ginen!

Lehen topaketaren helburua da kudeaketa komunitarioarekin lotutako kezkak eta arazoak partekatzen dituzten agenteak ezagutzea eta horiekin konektatzea, eta, gero, BherriLab-en ondorengo faseetan lantzeko ikuspegien mapa ezartzea. Lana lau eremutan antolatzen da: esparru juridikoa, lankidetza publiko-soziala, lagatzeko eta esleitzeko irizpideak eta kudeaketa komunitarioaren inpaktua ebaluatzeko adierazleak. Guztietan egitura bera partekatzen da kudeaketa komunitarioaren inguruko galderak, tentsioak historiak eta ikaskuntzak jasotzeko.

Lehenik eta behin, banako hausnarketa bat eskatu genuen, galdera egokiak jartzen joateko panel/eremu bakoitzean, koloretako postiten bitartez. 178 galdera egin eta partekatu zituzten BherriLab-en bildutako pertsonek.

Jarraian, beste urrats bat eman genuen. Espazioan, pertsona bakoitza gehien kezkatzen duen eremura hurbiltzen da. Begiratu batean, lankidetza publiko-sozialaren eremuan parte-hartzaile gehiago bildu da. Euskadin, era horretako proiektuekin lotura duten pertsonek gehienbat dituzten kezken adierazpen esanguratsua ote den galdetu diogu geure buruari.

Lan-talde bakoitzaren lehen egitekoa banako lanean bildutako galderak multzokatzea izan zen. Une horretatik aurrera, elkarrizketa hasi zen, historiak entzun eta kontatu genituen, dagoeneko abian diren eta kontuan hartu beharko genituzkeen esperientziez hitz egin genuen; baita, sortzen diren tentsioez eta proiektu hauetan daudenez ere. Asko dago kontatzeko eta partekatzeko.

Eremu bakoitzeko ondorio nagusiak

BherriLab-ean zintzotasunez partekatzera animatzen dugu, denborak errespetatzera, enpatiaz jokatzera, esku hartzera eta saioaz gozatzera. Jarrera horrekin, zenbait esaldi zehaztera iritsi ginen, ia tuit formatuan, oinarriak eraikitzen joateko, laborategiko lana jarraitzeko denon zorua. Ideia horiek lehen hurbiltze bat erakusten dute; badakigu hori partziala, eztabaidagarria, ñabardurak egiteko modukoa edo hedagarria dela, eta, aldi berean, saioan izandako eztabaidak laburtu eta berriro ekartzen dituztela:

Legezko esparru juridikoa

  • Sormen-kudeaketa ez da kudeaketa komunitarioaren irtenbidea. Hori gaitzeko legezko esparru berria behar da.
  • Araudiak konplexua izan behar du, gizartearen arazo konplexuak jorratzen dituelako, baina horrek ez du esan nahi horrek eskuragarria izan behar ez duenik.
  • Ondasun erkidearen erabilera pribatibotik banandu egin behar da erabilera erkidea, okertzerik ez sortzeko.
  • Ikasitakoek eragina izan behar dute araudian, tokiko errealitatea aldatu ahal izatearren.

Lankidetza publiko-soziala                         

  • Gatazka aldatzeko iturri bezala hartu behar da, eszenatoki berriak diseinatu ahal izateko, saihestu beharreko zerbait izan ordez.
  • Leku askotan, espazioen kudeaketa komunitarioko proiektuak egiten ari dira. Administrazioen eta herritarren erakundeen arteko errespetu-printzipioa lehen urrats bikaina da aurrera egiten jarraitzeko.
  • Politika-jokoak eragin zuzena du espazioen kudeaketa komunitarioko prozesuetan. Politika berriak diseinatu behar dira.
  • Esparru juridiko-administratiboaren ikuspegitik, badirudi errazagoa dela partekatzeko boterea lagatzea.
  • Inplikatutako agenteen arteko harremanerako konfiantzak izan behar du abiapuntua, esperimentazioa bideratzeko eta denon arteko hizkuntza eraikitzeko. Ildo horretan, konfiantzazko harremanak eraikitzen laguntzen duten pertsonak biltzea garrantzitsua da.

Lagatzeko eta esleitzeko irizpideak

  • Presio-taldeen eskaeren aurrean ‘ausazko’ esleipena edo lagapen instrumentala saihesten laguntzeko ebaluazio-irizpideak bilatu behar dira.
  • Eskaera bakoitza proiektu zabalago batekin babestu/adierazi behar da. Herritarren beharrarekin bat datorren proiektua.
  • Eskaera edo ideia bat izatetik nola igarotzen gara proiektua eraikitzera?
    Kasu batzuetan, eskaera ez da talde eratu edo antolatu batetik iristen. Edo, besterik gabe, proposamena ondo heldu gabe dago eta/edo proiektu bezala adierazteko behar adineko gaitasuna falta da. Kasu horietan, bitartekaritza-lana, laguntza eta mentorizazioa beharrezkoak, komenigarriak eta eraikitzaileak izaten dira gizartea indartzeko.

Ebaluazio-adierazleak

  • Herritarren erakundeek eta administrazioek erritmo eta lengoaia ezberdinak erabiltzen dituzte; beraz, errealitate hori onartu eta jarrerak hurbiltzeko neurriak ezarri behar dira.
  • Beharrezkoa da “herri-erabilera edo erabilera publikoa” hitzaren esanahiaren inguruan hausnarketa egitea; hausnarketa horretatik ebaluazio-adierazleak aterako ditugu.
  • Ebaluatzeko kudeaketa komunitarioko proiektuak denboraren aldagaia kontuan hartu behar den proiektuak dira, emaitzen berehalakotasuna gailendu ez dadin.

Orain, galderak, tentsioak eta ikasitakoak onartu eta ordenatu behar dira, laborategian lanean jarraitzeko. Historiak adibide eta inspirazio gisa balio izateaz gain, dagoeneko lantzen ari garen esperientzien eta erreferentzien fitxategia elikatuko dute.

Laborategiaren bigarren saioa abenduaren 18an egingo da, eta ziur bizia eta emankorra izango dela. Agente ezberdinek, profilen osagarritasunak eta adimen kolektiboak partekaturiko erronka eraikitzen lagunduko digute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude