Axel Morenok, azken urteetan, Iruñeko Udaletxeko Herritarren Parte Hartze eta Ahalduntze Sozial eta Berdintasunaren eta LGTBIren sailen zuzendari gisa egin du lan. Lankidetza publiko sozialeko prozesuak ezagutzen ditu, eta kudeaketa komunitarioko prozesuen iraunkortasuna erakundeen konpromisoaren eta gizarteak proiektuari eusteko inplikazioa aztertzeko duen gaitasunaren mende egongo dela baieztatu du.
Axel, zure ustez, zeintzuk dira espazio publiko baten kudeaketa komunitarioko proiektua definitzen duten gakoak?
Kudeaketa komunitarioak baliabide publikoaren gobernantza tokiko komunitatearen esku jartzen du. Erakundeen kudeaketa publikoaren, ehun ekonomikoaren kudeaketa pribatuaren eta erakundeek zerbitzuen kudeaketarako enpresak eta erakundeak kontratatzerakoan egiten duten kudeaketa publiko-pribatuaren ordezko eredu bat da.
Kudeaketa hau harreman publiko-sozialean oinarritzen da, eta herritar talde bat eta komunitateko ehuna haien lurraldeko baliabide publikoaren edo ondasun erkidearen kudeaketaz arduratzen dira, komunitate osoari mesede eginaz.
Kudeaketa komunitarioak gobernantza demokratiko eta irekiko egituren bidez garatu behar du, parte-hartzean eta gardentasunean oinarrituta. Harreman aberatsagoa eta konplexuagoa da, lurraldeko agente ugari inplikatzen dituelako eta lankidetzaren eta gatazkaren artean etengabeko elkarreragiteak sortzen direlako.
Era horretako proiektuek zer-nolako itzulera eta onura sozialak ekartzen dituzte?
Kudeaketa komunitarioak hiri-politiken eredu berriak eraikitzen ditu, publikoa denaren inguruan kontzeptu berria garatzeagatik, esfera instituzionalera mugatu gabe; hiriaren eskubidea garatzera bideratutako politika publikoak, herritarren inplikazio eta parte-hartzearekin.
Harreman sozial berriak (babes informaleko sareak eta artikulazio kolektiboko guneak) eraikitzen dituzten pertsonen eta proiektuen arteko konexio-prozesuak sortzen ditu, kapital soziala sortuaz eta gizarte-kohesioa indartuaz.
Berrikuntza soziala, esperimentazioa eta praktika sozial emergente berriak erreplikatzeko aukera bultzatzen ditu; hala nola, hiri-baratzeak, zentro komunitarioak, ekipamenduak herritarrek kudeatzea, espazio publikoak aldatzea, e.a.
Tokiko arazo eta premietarako erantzun kolektiboak garatzen ditu, jabekuntza sozialetik, herritarren parte-hartzetik eta ekintza komunitariotik erreparatuta.
BherriLabek lanerako lau ardatz jorratzen ditu: esparru juridikoa, lankidetza, lagatzeko eta esleitzeko irizpideak eta itzulera sozialeko adierazleak. Zure esperientziaren arabera, non daude potentzialak? Zeintzuk dira arlo horietan aldaketak eragin ditzaketen palankak?
Oso garrantzitsua da esparru juridiko irekiak eta malguak garatzea, agenda instituzionalean lankidetza publiko sozialeko prozesuak sartzeko aukera eman eta hori errazten dutenak.
Horretarako, gure testuinguruan, elkartzeko eta elkarrizketa publiko-komunitariorako espazioak sortu behar dira. Horrek esan nahi du ikasteko prozesuak bultzatu behar direla, proiektu zehatzen bitartez, gizarteak eta erakundeek modu praktikoan esperimentatu ahal izate aldera kudeatzeko eredu berriak, eta, baita ere, prozesu horiek lehen etapetan erraztu, bultzatu eta bitartekari lanak egingo dituzten pertsonak tartean izatea.
Halaber, funtsezkoa da egun beste lurralde batzuetan garatzen ari diren esperientziak ezagutzea eta haiekin antolatzea adimen kolektiboa errentagarri egiteko praktika horien inguruan.
Ikaskuntzaren bat parteka zenezake abian diren edo hastear dauden proiektuei lagundu ahal izateko?
Konfiantza, onespena eta entzutea ezinbestekoak izango dira. Konfiantza hori parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiek eraiki eta zaindu behar dute, barne harremanetan (ehun sozialaren eta instituzionalaren barnean) nahiz haien arteko harremanean.
Proiektu horietan asko lagundu dezake prozesua babesten duten eta inplikatutako alde guztiekiko konfiantza duten pertsona edo erakunde adituen kanpoko laguntza izatea.
Kudeaketa komunitarioko prozesuak abian jartzeko eta iraunkorrak izateko, erakundeen konpromisoa beharko da, baliabideak ezarriaz eta kudeaketa-eredu hori indartuko duten ildo estrategikoak garatuaz. Aldi berean, gizarteak, proiektua garatzeko konpromisoa hartzerakoan, proiektuari eusteko duen gaitasuna neurtu behar du.
Azkenik, kudeaketa komunitarioa ikasteko eta esperimentatzeko prozesu bezala jorratzeko, esparru irekiagoak sortzeko aukera eduki behar da, erritmoak malgutu ahal izateko, aurretik sumatu ezin denari lekua uzteko eta lanari akatsetik edo porrotetik marjina emateko.