Encarna Hernández kazetaritzan lizentziatua da eta Zientzia Politikoan eta Administrazio Publikoan doktorea Murtziako Unibertsitatean. Gaur egun, NovaGob Fundazioaren zuzendaria dugu, eta Iberoamerikako Administrazio Publikoetan berrikuntza garatzeko esku-hartze, ikerketa eta prestakuntzako proiektuak lantzen dituzte. Egilea, irakaslea eta aholku-emailea Gobernu Irekiaren arloan, bereziki komunikazioaren, teknologiarekin parte hartzearen eta aurrekontu irekiaren eremuetan; azken gai hori jorratu zuen bere doktorego-tesian.
Pandemiaren agerpenarekin, udalerrietan herritarrek parte hartzeko egiten ziren prozesu asko eta asko geratu egin ziren, aurrez aurre burutzeko aurreikusita zeuden ekitaldiak egiterik ez izateagatik edota, baita ere, begiradak eta indarrak birusaren eta haren ondorioen aurka borrokatzera bideratzeagatik. Aldi berean, ordea, beste ekimen batzuk sortu ziren alde publikotik eta alde sozialetik; hain zuzen ere, larrialdi sanitario, sozial eta ekonomikoari erantzuteko eta susperraldiari aurre egiteko. Ikuspegi ireki, parte-hartzaile eta lankidetzakoa duten esperientzia horiek honako hauek bezalako erakundeek bildu dituzte: Gobernu Irekirako Aliantza (OGP), Demokrazia Parte-hartzailearen Nazioarteko Behatokia (OIDP) eta, baita ere, Cities for Global Health bezalako ekimenen esparruan. Plataforma horiek nabarmen ahalegindu dira esperientzia horiek trukatzen eta hedatzen, eta informazio-iturri garrantzitsuak dira gertatutakoa aztertu eta ondorioak ateratzeko hurrengo gogoeta-faseari, beharrezkoa izanik, aurre egiteko.
Horixe da, hain zuzen, Bherria topaketaren helburua; datorren urriaren 14an egingo da, izenburu honekin: “Lankidetza publiko-soziala larrialdi-egoeretan: erronka berriei erantzuna emateko gakoak”. NovaGob Fundaziotik atsegin handiz parte hartuko dugu bertan, Erain eta La Hidrarekin batera. Jardunaldian zehar, uda aurretik garatzen ari garen lanaren ondorioak azaldu eta eztabaidatu nahi ditugu, lankidetzako jardunbide egokiak (edo praktika esanguratsuak) identifikatzeko, hainbat esparrutan indarrak batzea, benetan balio bat sortzea eta erronka komunei nola aurre egin jakiteko bidea irekitzea bultzatu baitute.
Larrialditik haratago begiratu ahal izatea funtsezkoa da. Lehen begiratu batean, ikerketak pentsarazten digu krisiaren aurrean sortutako ekimen gehienak berehalako erantzuna ematera bideratuta zeudela, eta, are gutxiago, OGPk ederki baieztatzen duen moduan, suspertze eta erreforma “ireki” bati aurre egitera, gardentasunez, parte hartuz eta kontuak emanez, eta, batik bat, epe luzera gehiago begiratuta eta 2030 Agendaren helburuekin bat eginda (garrantzitsuena dena premiazkoa denaren aurrean). Beraz, aztertu beharreko puntu garrantzitsuenetariko bat jarraitutasuna da, etorkizunerako ikuspegia (batzuk aurkitu ditugu, nahiz eta gutxi izan, hiriaren etorkizunari buruzko deliberazio-prozesu interesgarriak, Bristol enblematikoarena bezala, eta, asmo gutxiagokoak baina baliotsuak direnak, Bilboko balioen inkesta bezala), nahiz ekimenen eskalagarritasuna (adibidez, Frena la Curva). Halaber, lankidetza-mailak ikertu nahi ditugu. Alderdi hori funtsezkoa da, hortik aurrera hasten baitira inplikatutako aldeak eta haien lan egiteko moduak aldatzen dituzten sinergiak sortzen, eta, aldaketa kultural horri esker, lankidetzarako aukera berriak eta solidoagoak sortu ahal izango dira.
Esperientzien kapitalari beste begirada bat emateak Udalen partaidetzako plataforma digitaletaraino garamatza. Horietako batzuk jada abian ziren, eta parte hartzeko prozesu tradizionalen fase digitalak lantzen zituzten (esate baterako, parte hartzeko aurrekontuak), une horretan osasun-krisiak geldiaraziak. Teknologia jada protagonista zen herritarren tokiko parte-hartzearen eraldaketan, eta orain protagonismo are handiagoa du. Modu horretan, espazio horiek kanal izatera iritsi ziren informazioa, laguntza, baliabide nahiz ekimen publikoak zein herritarrak emateko eta partekatzeko, eta elkartasun-sareei lekua, hedapena eta euskarria eman zitzaien Madril, Bartzelona, Alcobendas edo Granollers bezalako hirietan. Merkataritza babesteko app-ak, laguntza emozionala, elikagaiak edo maskarak isolamendu- edo ahultasun-egoeran aurkitzen diren pertsonentzat, kultur jarduerak eta entrenamenduak etxetik, eta abar luze bat. Hemen, berriro, jarraipenik izango den galdetzen dugu eta lotura solidario horiek nolabait finkatu ote diren erakundeen babesarekin, oraindik amaitu ez den pandemian zehar. Ikuspegi hori dago, adibidez, La Laguna hirian garatutako proiektu komunitarioaren azpian; horretaz hitz egiteko aukera izango dugu.
Hain gogorra den krisi hau aukera handi bat ere izan daiteke. Askotan entzuten dugun zerbait da, baina egiazkoa. Egia da ikusi ditugun lankidetza- eta elkartasun-sareak, batez ere pandemiaren lehen asteetan, argi- eta itxaropen-izpi bat izan direla publikoa denarekiko (ez hainbeste, agian, komunarekiko) interesik eta konfiantzarik gabeko testuinguruan, denok dakigun moduan. Administrazio Publikoak aukera hau aprobetxatu behar du gizartearekin lankidetza-estrategiak ezartzeko eta horiek zintzoak eta egonkorrak izateko. Ez dugu beste aukerarik, aspalditik ziur baitakigu erakunde publikoek ezin dietela beren kabuz arazo gero eta konplexuagoei aurre egin. Eta pandemiarekin, berriz, are gutxiago.
🙋♀️@novagob-eko Encarna Hernándezek (@encarnahr – @novagob): “Pandemian sortutako lankidetza publiko sozialeko ekimenei buruz hausnartzeko eta ikasteko unea da”.
Doako izen-ematea:👉https://t.co/qNshoxCJSJ
🗓️14/10 #Bherria Topaketa pic.twitter.com/oB1BNrmHav— BHerria (@BHerria_) September 28, 2021
Hortaz, muskulua behar da (adimen kolektiboa) “erronka berriei erantzuna emateko”, parte hartzeko gonbita luzatzen dizuegun jardunaldiaren izenburuak proposatzen duen moduan. Herritarrak, gizarte zibileko kolektiboak eta erakundeak, enpresak, enplegatu publikoak eta ordezkari politikoak, guztiok sartu, inplikatu eta elkarrizketa egiten jarri behar ditugu. Hori lortzeko, gure ustez, funtsezkoa izango da beharrezko “porositatea” aurkitzea gure munduko alderdi eta esfera guztien artean, berrikuntza publiko eta sozial irekien artean batzeko eta elkartzeko guneak bilatuz, horiek, jakina, elkarrekin lotu behar dira-eta.