Bherria 5 urte: elkarrekin konektatzea, ikastea eta lankidetza publiko-sozialeko etorkizunak bizitzea


Bherriaren 5. urteurreneko topaketa planifikatzen hasi ginenean, lehenik eta behin erabaki genuen hori indartzea ospakizunerako gune gisa, eta hori, batik bat, bi arrazoirengatik: lehena bistakoa da, bost urte igaro dira, eta, horregatik, topa egin nahi dugu; bigarrena, berriz, erronkatik erronkara gabiltzala uste izatea da, geure buruari lorpen eta mugarri garrantzitsuez gozatzeko denborarik eman gabe.

Unea arina eta aldi berean sakona izatea nola egin genezakeen galdetzen genuen; era horretan, elkarrizketen zati bat aurreko asteetara aurreratzea erabaki genuen. Biltzeko eta hitz egiteko gune txikiak bultzatu nahi genituen urte hauetan zehar programan parte hartu duten hainbat pertsonarekin. Bherriarekin zer-nolako lotura zuten galdetu nahi genien, nola iritsi ziren, zerk eraman zituen hurbiltzera, eta baita ere jakin nahi genuen Bherrian igarotzeak zer-nolako eragin txikiak sortu zituen haiengan, haien proiektuetan nahiz rolean.

Hiru lurraldeetan grabatzeko espazio bila ibili ginen, bost urte hauekin konektatuko gintuztenak (baina ez zen beti posible izan). Garrantzitsuena da elkarrizketa horiek, solasaldi kolektibo horiek, indartu egin gintuztela topaketa bakoitzaren alde esanguratsuan, egiten ari ginen lanaren egokitasunean eta, batez ere, elkarrizketen boterean. Elkarrizketak kontu handiz landu genituen, eta azken hilabete hauetan partekatzen aritu gara.

Aldi berean, denbora honetan antolatu ditugun jardunaldiak edo topaketak berrikusi ditugu, lankidetza publiko-soziala lantzeko erabilitako ikuspegi ezberdinak eta hausnarketa- eta ikerketa-ariketa horietako bakoitzean sortutako galderak kontuan hartuta, oraindik buruan zebiltzan-eta.

Topaketa ekoiztea zorrotza izan zen (adjektibo hori maiz erabiltzen dugu bideratze-taldean). Ilustrazioen bidez bost urte horien laburpena proiektatu genuen, lana jardunaldian zehar joko serioaren mahai-tapiz gisa erabili ahal izan genuen alfonbra batean inprimatzearekin batera. Lankidetza publiko-soziala sakontzen jarraitzeko gure alfonbra gorria zen. Lana “Bherriaren 5 urte ulertzeko mapa” izeneko koadernoan ere islatu zen; bertan, urte horietan egindako bidaia jasotzeaz gain, etorkizunaz hausnartzen laguntzen diguten zenbait galdera planteatzen dira.

5. urteurren honetarako konpromisoa hirukoitza zen: pertsonak konektatzea, ikasitakoak partekatzea eta etorkizunak bizitzea proposatu genion geure buruari.

Nerea Melgosak (@nmelg) ongietorria eman zigun, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu gisa proiektuarekin izandako lehen harremanean. Melgosak honela azpimarratu zuen: “urte hauetan zehar, Bherria teknikarien eta lankidetza-proiektuak zuzentzen dituzten pertsonen azalean jarri da. Era horretan, erronka sozialei irtenbideak bilatzeko herritarrekin batera egindako bidean, aurrean agertzen zaizkizuen zailtasunak ezagutu ahal izan ditugu. Hori dela-eta, Bherriak zuek bezalako pertsonen ekintza indartzeko gunea izan behar du, zerbitzu publikoak garatzeko moduak etengabe berritzen ari baitzarete, herritarrekin eta herritarrentzat”.

Alfonbra bera eta han jasotako galderak Gala Pin (@galapita) eta Xabier Barandiarani (@xabarandi) elkarrizketa egiteko abiapuntua izan ziren. Pertsonek honako hauen inguruko ñabardura guztiekin konektatu zuten: herritartasun berria, berrikuntza publikoa, kode burokratikoa irekitzeko beharra, herritarrek parte hartzearen egokitasuna eta erronkak eta irekitzen diren aukerak.

Azken aste hauetan diseinatu eta egiaztatutako atributuei buruzko karta-jokoa erabili genuen. Hori jada deskargatzeko formatuan aurkitzen da, eta ahalik eta azkarren partekatzeko argitaratzen ari garen gainerako bideoak ere laster egongo dira.

Hori izan zen letra; musika, berriz, “Amoranteren” esku egon zen, Iban Urizar (@amorantenaiz) musikariaren ezizena, eta sintonizatzera, entzutera eta urrats bat harago egitera gonbidatu gintuen. Beharrezko osagaia izan zen, topaketa amaitzean zenbait pertsonak aipatu zigun moduan, “beste denboraldi baterako pilak kargatuta joateko”.

Hau da Bherriaren magia eta eragina: lankidetzaren eta mugan bizitzearen aldeko apustuan indartzeko elkartzea, batzuetan apustu horri eustea zaila bada ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude