«Nire ezagutzak martxan jartzea lortu dut», «antzeko jarduerak gauzatu izan dituzten pertsonekin partekatu ahal izan ditut nire esperientziak», «nire proiektua burutu ahal izan dut». Proiektuaren lehen egunean 30 parte-hartzaileei egindako galderari emandako erantzunetako batzuk dira horiek guztiak: zer gertatu da Bherrian denbora honetan zehar, espero genituen gauzak betetzeko?
Urriaren 30a egun garrantzitsua da Bherriarentzat; izan ere, herritar izateko beste bide batzuk esperientziaren bidez ezagutzeko balio duen espazio hau irekitzeko aukeratu dugun eguna da. Hirikilabs hautatu genuen lehen topagune gisa programari ekiteko, gure ustea baita garrantzitsua dela eguneroko dinamika eta errutinetatik irtetea eta gauzak egiteko eta besteekin erlazionatzeko modu berriei bide ematen dieten toki eta esperientzia berriak bilatzea. Hirikilabs teknologien erabilera sozial, kritiko, sormenezko eta lankidetzazkoaren inguruan lan egiten duen laborategia da; gainera, ezagutza libre eta irekiaren bidez inspiratzeko tresna ere bada. Lankidetzaren bidez gauzak beste modu batean egiteko gonbidapen bat da espazioa bera.
Iristen doaz Bherria programan parte hartuko duten pertsonak; aulki, egurrezko banku eta puffetan esertzen goaz. Ikusmiraz betetako aurpegiak ikusten ditugu, espazioa miatuz, irribarrez agur eginez eta, diotenez, gauzak jakiteko eta ibilbideari ekiteko gogoz. Emilio Sola, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren gizarte-zerbitzuetako zuzendariak, proiektuak piztutako ilusioa aipatzen du jardunaldiaren hasieran, saio honen aurretik egindako diseinu-lana nabarmenduz. Dioenez, «herri eta hiriak eremu publiko eta sozialaren arteko lankidetzaren bidez eraikitzeko apustua barneratzeko espazio bilakatu behar da» Bherria.
José Alberto Vicentek, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren presidenteak, zera gogorarazi du: «azken hamarkadotan, baliabide ekonomiko publikoak kudeatzera ohitu gara: batzuk, emanez; beste batzuk, kudeatuz. Kontuan izan behar dugu udalerrien aberastasunik handiena bertan bizi garen pertsonak garela». Jarraian, Diana Francok, Hirikilabs laborategien arduradunak, instalazioak ezagutzeko bisita gidatu bat proposatu du saioa amaitzean. Lehen begi-kolpean ikus daitekeena baino askoz gehiago dago bertan. Eskerrik asko, Diana, abegi egiteagatik, esperientziari buruzko azalpenengatik eta bisitarengatik!
Asier Gallastegik, Bherriako talde teknikoaren koordinatzaileak, aintzatetsi egin du boluntariotzaren eta elkarkidetasunaren historia, azken hamarkadetan kontzeptu horiek ulertzeko moduari helduz betiere. «Hasiera-hasieratik, itxura hartzen doazen etorkizunetara hurreratzeko ikusmiraz beteta eta irekita egon da Bherria. Gure esperientzietan oinarrituta ikastean eta itxura hartzen doanari arreta jartzean datza», esan du amaitzeko.
Aurrera, Bherria!
30 pertsonaz osatutako talde baten aurrean gaude. Erantzukizun tekniko eta politikoak dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta arlo oso ezberdinetan egiten dute lan, tartean: berdintasuna, berrikuntza, boluntariotza, euskara, gazteria, gizarte-ekintza, hezkuntza, kirola, komunikazioa, osasuna eta partaidetza. Espazioan den mugimenduari esker, argi ikus daiteke parte hartzen ari diren pertsonen interesak aniztasunarekin, gizarte-ekintzarekin, gazteriarekin, osasunarekin eta partaidetzaren erlazionatutako gaien inguruan ardazten direla. Oso interesgarria izango litzateke loturak identifikatzea, hots, komunitate honen kideek komunean dituzten interes-arloak; datozen hiletan posible izatea espero dugu.
Hasteko, geure buruak aurkeztu ditugu, ikasi duguna eta ikusmirak pizten dizkigun galderak partekatuz. Gure funtzio, arlo, arrakasta eta porrotak entzunda, argi ikusi dugu nork duen esperientzia gehiago eta nork gutxiago, bai eta gutako bakoitza nondik datorren eta zertan jarduten den ere. Apurka-apurka dinamikan sartzeko modu bat da, elkar ezagutuz, izotzaldia urtuz, harremanak sendotuz…
Galde-erantzunen artean
Galdera gehiago sortarazten dituen dinamika baten inguruan hasi gara lanean, eta galdera horiei aste hauetan zehar erantzuten saiatuko gara. Interesgarria iruditzen zaigu haiek transkribatzea; beharbada, Bherria amaitzean, begiratu bat eman eta erantzunik eman diegun hausnartu ahal izango dugu.
Nola manten dezaket fokua gauza garrantzitsuetan, premiazkoa dena alde batera utzi gabe? Zergatik galtzen dugu erakundeetan jarritako konfiantza partaidetza-prozesuetan? Nola batera daitezke sentipen politiko ezberdinak eta herritarren partaidetza? Nola ekin behar zaio talde-sentimendua sortzeko prozesu bati? Nola kontzientzia daitezke herritarrak parte hartzearen garrantziaren inguruan? Nola erakar daiteke jendea boluntariotza «aktiboa» egitera, nire inguruan ere zaila egiten bazait halakorik aurkitzea? Nola sor daitezke komunitateak? Zenbateraino lagunduko dit Bherriak herritarren partaidetzari buruzko enkargua antolatzen, iparra galdu gabe? Nola igaro gaitezke erronkatik errealitatera? Nola lot daitezke konpromisoak ikasteko beharrarekin? Nola kudea daiteke ziurgabetasuna administrazioak bultzatutako prozesu zailetan? Nola har daiteke boluntariotza gure proiektuen barne? Nola irten gaitezke gure konfort-guneetatik? Nola sor daitezke minimo komunak, biderka daitezen eta aurrerapenak ekar ditzaten? Nola eraiki daitezke zubiak sortzen doazen gizarte-mugimenduen eta administrazioaren artean? Nola manten daiteke taldekako prozesuen jasangarritasuna? Administrazioaren zein aspektu aldatu behar dugu herritarren eskakizun berriei egokitzeko? Nola egokitu edo batera daitezke alderdi teknikoa, politikoa eta herritarrena? Nola bihur gaitezke aldaketen lider? Liderrak izan al gaitezke? Nola aktiba dezaket nire udalerriko gazteria? Nola irits gaitezke herritar gehiagorengana, eta nola bultza daiteke eremu publiko eta sozialaren arteko lankidetza? Nola konekta gaitezke agenteekin? Nola oreka daitezke eremu indibiduala eta kolektiboa; publikoa, pribatua eta komuna? Nola lor daiteke boluntariotza administraziora hurreratzea?
¿Cómo se arranca un proceso generando una colectividad?#Bherria
Preguntar, conversar, reflexionar pic.twitter.com/tVWvS4kP2W— BHerria (@BHerria_) 3 de octubre de 2017
Bherria amaitzean, erdietsitako lorpenak ebaluatzen lagunduko diguten irizpideei buruz pentsatu dugu. Horretxegatik ahalegindu gara Bherriaren lehen edizio honen azken egunera iritsi garela imajinatzen; abenduaren 5era, alegia. Bete egin da espero genuen guztia. Zer gertatu da gure helburuak erdietsi ahal izateko? Jasotako erantzun batzuek gai hauetan jarri dute fokua:
Sare-lana: udalerriaren errealitatetik lanean ari diren agenteak ezagutzea, haiekin konektatzea eta aliantzak sortzea; hurbileko beste udalerri batzuekin sinergiak bilatzea; esperientziak partekatzeko konfiantzazko gune bat sortzea; beste errealitate batzuk aintzatestea.
Esparru juridiko-ekonomikoa: legeak gauza zehatz bihurtzeko baliabideak; administrazio-esparruetako arduradunen arteko elkarrizketa sustatzeko gakoak; administrazio-esparrua desblokeatzea.
Gizartearen sentsibilizazioa: boluntariotzaren garrantziaren inguruan kontzientziatzeko ideiak lortzea; proiektua amaitzean manifestu bat idaztea.
Arkitektura ekonomiko-legala: administrazio-esparrua desblokeatzea; legeak gauza zehatz bihurtzen ikasi dugu.
Emozioak: Bherriatik ilusioz beterik irtetea; emozioa transmititu eta kutsatzea.
Herritarrekin erlazionatzeko modu berriak: herritarrekin erlazionatzeko moduak ikastea; egiten ari garen lana azaltzen jakitea; parte hartzeko moduei zentzu bat ematea.
Zehatzak izateko beharra: Bherrian partekatutako proiektuak gauzatzea, hasieratik amaierara eta modu neurgarrian; ondorio esanguratsuak ateratzea; udal-politikak martxan jartzeko ekintza-planak; tresna berriak erabiltzea; administrazio publikoen eta herritarren arteko partaidetzaren egiazko adibideak ezagutzea.
Eremu politikoa: sustatzen ditugun proiektuetan laguntza politiko argia lortzea, legeak betetzeko beharretik harago; berrikuntzak kargu politikoei helaraztea; Eusko Jaurlaritzak Bherriari emandako laguntzaren ondorioz, zilegitasuna lortzea.
Etiketa-hodei honen bidez, topaketa honetan landutako ekarpen eta ikuspegi guztiak irudikatu ditugu:
Bherria martxan da. Ricando Antónek hasiera eman dio programa osatzen duten hiru agoren lehenari (‘Autogestioa eta ondasun komunalak’), eta irekita egongo da bi astez. Bigarren agora hasi baino bi egun lehenago, urriaren 16an, berriro ikusiko dugu elkar beste herri-esperientzia batean, ikasten jarraitzeko.
Barrurantz lan egiten badugu ere, irekita mantentzen ditugu elkarrizketak eta eztabaidak. Horretarako, Bherria komunitatea dugu; artikuluak, dokumentuak, bideoak, hausnarketak, esperientziak eta galderak argitaratzen ditugu blog honetan, sare sozialetan eta #Bherria hashtagaren bidez. Zuk ere parte hartzea gustatuko litzaiguke. Zure zain gaude!