Hilabete batzuk igaro dira Bherria amaitu zenetik; hots, Euskadin herri-administraziotik parte-hartzearekin eta boluntariotzarekin loturiko balioak indartzeko bide eta proiektu berriak ikertzeko aukera bezala sortutako proiektua. Programa hamabi astekoa izan zen, bizia, eta taldean hausnartu ahal izateaz gain, ezagutza eta esperientzia partekatu ahal izan genituen, berrikuntza sozialean erreferentziazkoak diren ekimenekin harremanetan jarri, sarea eraiki, eta, batik bat, lankidetza publiko-sozialerako formula berriak bilatzen jarraitzeko ilusioa elkarri kutsatu.
Energia hura berriro hartu eta aktibatu egin gara BherriLab izeneko formatu erantsiarekin; hau da, herri-laborategia, izaera ezberdineko erronkak eta horientzako irtenbide berritzaileak jorratzeko, ikertzeko eta, arrakasta izanez gero, eskala handiagora hedatzeko eta/edo beste ingurune batzuetara transferitzeko. Testuinguru horretan, herritarrek politika publikoen subjektu pasibo izateari edo produktu edo zerbitzu desberdinak hartzeari utziko diote, irtenbide propioen protagonista eta ekoizle erantzunkide bilakatze aldera.
Ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioan aurrera egitea
Abiapuntu gisa, BherriLabek ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioa jorratzea proposatzen du, eta, era horretan, Mursegoren Laukia borobilduz gaiarekin konektatu da; alegia, Bherriaren lehen edizioaren dekalogoko zortzigarren puntuaren interpretazio bikaina. Horren helburua da administrazioaren “kode burokratikoa” irekitzea eta prozedura esperimentazioaren zerbitzura jartzea, bermeak mantenduaz.
Ekipamenduak herritarrek kudeatzeko proiektuen ezaugarria da, haien jatorria —lagapena, okupazioa, komunitatearen jabetza— kontuan hartu gabe, baliabide edo ekipamendu baten inguruan antolatutako pertsonen komunitateak izatea, eta horiek zenbait arau egiten dituzte ekipamendu hori gobernatzeko, sarreraren unibertsaltasuna, barne-demokrazia eta kudeaketaren gardentasuna bermatzen dituzte edo bermatu behar dituzte. Baliabide horiek herritarrek kudeatzeko jardueraren itzulera soziala da; hau da, eragin positiboa du horrekin harremana duten pertsonen bizi-kalitatean.
Baina, kudeaketaren egunerokoak, nahiz eta askotan erantzukizun politikoa edo teknikoa duten administrazioko pertsonen onarpena izan, administrazio-sarearekin talka egiten du, publikoa dena instituzionalizatzeko beste eredu batzuk garatzea galarazten duelako. Besteak beste, jarduerak arautzearen inguruko gaiak, erabileratik eratorritako erantzukizunak, ekipamendua egokitzeak eta mantentzeak, elkarrizketak edo iraunkortasun ekonomikoak agerian uzten dute aldeak onartzen dituen eta herritarren eta administrazioaren artean harreman publiko-soziala eratzeko zorua ezartzen duen esparrurik ez dagoela (erregelamendua, ordenantza edo ildoa).
Espero diren emaitzak
Laborategiaren helburua da tartean dauden agente guztien artean proposamenak egitea, udal-politiketan sartu ahal izateko, baliabide publikoen kudeaketa komunitarioko proiektu berriak protokolo eran garatzea erraztearren. Modu horretan, eman beharreko urratsak antolatu behar dira lanerako lau ardatzaren inguruan: esparru juridikoa, lankidetza, esleitzeko/lagatzeko irizpideak eta inpaktu sozialaren adierazleak. Era berean, baliabideen katalogoa egin behar da, izaera administratibokoa, juridikoa eta legezkoa eta arau-emailea, modu horretako gobernantzatik eratorritako premiei eta eskaerei bizkor erantzutearren.
Horrez gain, laborategiak ekipamenduen eta baliabideen kudeaketa komunitarioan interesatutako agente publiko-sozialen sarea eraikitzen laguntzea espero dugu. Askotariko sarea, potentzial handikoa, laguntzeko, kontsultatzeko eta ezagutzak eta esperientziak trukatzeko.
BherriLab abian da! Toki administrazioan erantzukizun teknikoa eta politikoa duen pertsona bazara, kudeaketa komunitarioko proiektuak abian dituena edo abian jartzear dagoena; ondarea, hirigintza, kontratazio edo berme-funtzioa bezalako arloetan erantzukizun teknikoa baduzu —idazkaritzak eta kontu-hartzailetza—; administraziokoa bazara eta administrazio-zuzenbidea ezagutzen baduzu; ekipamendu publikoen gobernantza jada gauzatzen ari den ekimen komunitario batekoa bazara; edo ingurune akademikoan eta ikerketan lan egiten baduzu, zu behar zaitugu!
Deskarga ezazu dossierra BherriLab honi buruzko informazio gehiago eta koordenatuak jasotzearren. Halaber, bete ezazu online eskabide-orri hau zure profila ezagutu dezagun eta, hala izanez gero, zure egitasmoa eta interesak ere bai. Zurekin jarriko gara harremanetan parte-hartzeari buruzko informazio gehiago erraztearren.
Aurreinskripzioen epea azaroaren 22an bukatzen da, 23:59an. Edozein argibiderako, mesedez bidali ezazu mezu bat [email protected] helbidera.