Nahi gabeko bakardadeaz hitz egitea zaintzaz hitz egitea ere bada. Elkarbizitza nola antolatzen dugun eta eguneroko ohiturak aldatzen zaizkienean, harreman-sarea urritzen zaienean edo etxetik ateratzea zailago egiten zaienean pertsonek herriko bizitzan zer leku duten hartzen dugu hizpide. Zerbitzuak bakarrik ez dira aski bakardadeari aurre egiteko, eta ardura hori ezin da familien esku bakarrik utzi. Bakardadeaz ari garenean gure arteko loturez ere ari gara, komunitateko kide sentitzeaz eta bizitzako etapa guztietan herriko bizitzan parte hartzen jarraitzeko aukeraz.
Biasterin, galdera horri erantzuteko sortu da “Biasteri Zurekin – Laguardia Contigo” proiektua. Udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera sustatutako ekimena da, eta udalerriko 65 urtetik gorako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Hauskortasun soziala du abiapuntu, hau da, hauskortasun funtzionalaren eta harremanen arloko hauskortasunaren batura. Ikuspegi horrek aintzat hartzen du ongizatea ez dagoela osasunaren edo autonomia fisikoaren mende soilik. Ongizaterako garrantzitsua da norekin hitz egin izatea, norengana jo izatea eta parte hartzeko aukerak izatea ere.
Esperientzia honetan egiten den lana da aipagarria, baita lan hori antolatzeko modua ere. Hasieratik, Udalak argi izan zuen ezin ziola erronkari bere kabuz aurre egin. Hala sortu zen talde eragilea eta bertan dihardute Udalak, oinarrizko gizarte-zerbitzuetako gizarte-langileek, Osakidetzak, Caritasek, migratzaileei lagun egiten dien elkarte batek, berdintasun-teknikariak eta auzoetako ordezkariek. Komunitatea askotariko kideek osatutako sare gisa ulertzen da hemen: lurralde bereko zerbitzu publikoek, erakundeek, profesionalek eta herritarrek dakitena partekatzen dute.
Sare horren erdigunean Katherine dago, komunitateko lotura-lana egiten duen pertsona eta proiektuaren zutabe nagusia. Herritarren erreferentea da, eta haien eta udalerriko baliabide, zerbitzu eta eragileen arteko zubia ere bada. Katherineren telefono-zenbakia izan zen proiektuaren aurkezpen-gutunaren bidez etxe guztietara iritsi zen lehen argibidea. Harrezkero, Katherine da herritarrentzat proiektuaren aurpegia eta hark laguntzen die behar bati erantzuteko, interes bat lantzeko edo ideia bat gauzatzeko bidea aurkitzen.
Udalerriko 80 herritar inguruk parte hartzen dute ekimenean. Orain arte hauskortasunari buruzko 50 balorazio inguru egin dira; ariketa fisiko egokitua, memoria eta adimen emozionala lantzeko tailerrak antolatu dira; laster izango dira digitalizazio-tailerrak, osasunari eta ongizateari buruzko hitzaldiak eta kultura-bisita bat. Jarduerak ez dira berez helburu, herritarrak elkartzeko aitzakia baizik.
Biasteri, harresiz inguratutako herria, ohiturei sendo eusteagatik da ezaguna. Proiektuari esker herritar batzuk etxetik atera eta beste lagun-talde batzuetako kideekin, beste auzo batzuetako bizilagunekin eta bestelako ideiak dituzten herrikideekin harremanetan hasi dira. Horixe da agian esperientziak utzi duen ikasgai nagusia, eta beste udalerri batzuetan baliatzeko errazena ere bai. Ezin da ziurtzat jo komunitatea berez abian jarriko denik: horretarako bideak sortu behar dira. Eta komunitatea abian jartzen denean, elkar zaintzeko gaitasun handiagoa dugu.
Raúl Garcíak, herriko alkateak, dio herritarrek benetan sinetsi dutela Biasteri haiekin dagoela. Eta komunitate batek hori benetan sinesten duenean, elkar zaintzea eta denok zaintza jasotzea gutxi batzuen kontua izatetik guztion ardura izatera igarotzen da.