Bherria Prestakuntzaren hurrengo saioan, bizitegi-larrialdiari buruz eta horri lankidetza publiko-komunitariotik erantzuteko aukeraz arituko gara, eta gurekin izango da Javier Buron. Saioa maiatzaren 29an izango da, 9:30etik 11:00etara bitartean.

Javier Burón
NASUVINSA Nafarroako Gobernuaren lurzoru industrialeko, etxebizitzako eta lurralde-kohesioko enpresa publikoa da, eta Javier Buron zuzendari kudeatzailea da 2023ko azaroaz geroztik. Bartzelonako Etxebizitzako kudeatzailea izan zen (2015–2023), eta aurretik politika publikoetako aholkularia, zuzenbide publikoan espezializatutako abokatua (Cuatrecasas), Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordea eta Plangintzako zuzendaria (2003–2009) eta Eusko Legebiltzarreko eta Diputatuen Kongresuko aholkularia.Espainiako Gobernuko Etxebizitzaren Aholku Batzordeko eta Etxebizitza Duinaren Behatokiko (ESADE) kidea da, eta Housing Europe, AVS edo Eurocities bezalako sareekin lankidetzan aritu da. Nazioarteko proiektuetan parte hartzeaz gain, Europako eta Latinoamerikako administrazioei aholkuak ematen dizkie. “El problema de la vivienda” (ARPA, 2025) liburuaren egilea ere bada.
EMAN IZENA ORAIN JAVIER BURONEKIN EGINGO DEN SAIORAKO!
Etxebizitza bat bilatzea esperientzia frustragarrienetako bat izatera iritsi da gaur egun. Bizitoki-larrialdia egiturazko erronka bat da. Krisi honek ez die soilik kolektibo ahulenei eragiten, baizik eta gizarte baten oinarriak ukitzen ditu, zeinak ikusten baitu haien etxebizitza eskubidea gainbehera doala.
Krisi hori ez da tokiko pasadizo bat, Europa osoan partekaturiko urgentzia baizik. Horren barruan faktore ugari daude: jabetzan oinarritutako eredu baten pisu historikoa, higiezinen burbuilaren ondorioak, turismoaren presioa, inbertitzaile handiak agertzea, eraikuntza garestitzea edo aldaketa demografikoak. Eta ez gara espekulatzaile handiez bakarrik ari, beren etxebizitzan bermea ikusten duten jabe txikien sare zabal batez baizik. Dinamika horiek berrelikatu egiten dira, eta, ondorioz, gero eta zailagoa da etxebizitza bat eskuratzeko aukera bermatzea.
Bestalde, aldaketa bat ere sumatzen hasi da: herritarren presioak eta urteak mahai gainean zeramatzaten proposamenei (etxebizitza-kooperatibak, parke hutsen mobilizazioa edo etxebizitza kolaboratiboak) begiradak beste horizonte bat irekitzen dute. Gero eta interes handiagoa dago, bai herritarren artean, bai langile teknikoen artean, frustraziotik ekintzara pasatzeko eta benetako irtenbideak aktibatzeko.
Funtsezkoa da estrategiak konbinatzea: batetik, narratiba bat, erakusten duena etxebizitza eskuragarria ez dela soilik gizarte-ondasun bat, erresilientzia ekonomikoaren iturri bat ere badela; eta, bestetik, elkarrizketa-guneak sortzea, herritarrek, erakundeek eta korporazio txikiek parte har dezaten birdiseinuan. Aldaketa geldoa da, baina ez ezinezkoa.
Egoera horren aurrean, beharrezkoa da diagnostiko sinplifikatuetatik harago joatea eta galdera berriak egitea: Lankidetza publiko-komunitarioko zer-nolako esperientziak ari dira benetan funtzionatzen etxebizitza-arloan? Nola eraiki daitezke lankidetza-guneak? Nolako ikaskuntzak uzten dizkigute kooperatibak bezalako ereduek? Zer-nolako politikek errazten dituzte gazteen emantzipazioa edo adinekoentzako bizitoki-alternatibak? Administrazioak nola aktibatu eta eutsi diezaioke gizarte-energiari, bizitegi-larrialdiari erantzuteko?
Saio horretan, gai horiek landuko ditugu, aukerei erreparatuz. Politika publikoek duten zeregina eta esku-hartze irmo baten beharra aztertuko ditugu, baina administrazioen eta herritar antolatuen arteko lankidetzaren potentziala ere bai.
Alokairu babestuaren eta azalera-eskubideko alokairuaren aldeko apustua, erabilera-lagapeneko kooperatibak, sustapen publikoa gizarte-erakundeekin lankidetzan, etxegabetzeen aurkako babes-gailuak edo cohousing ereduak —bereziki, adineko pertsonei eta gazteei lotuak— ditugu, eta horiei esker, etxebizitza-eskubidea bermatzeko beste modu batzuk imajina eta saia ditzakegu, eskuragarriagoak, iraunkorragoak eta komunitateko bizitzarekin lotuagoak.
Oraingoz, jada eman dezakezu izena Javier Buronekin maiatzaren 29an egingo den hurrengo hitzorduan. Gogoratu Prestakuntza saioak irekiak eta doakoak direla, eta 09:30etik 11:00etara egingo direla. Deialdi bakoitzean, izena emateko esteka emango dugu.