Raul Olivanek badaki zertaz ari den, eta, gainera, grinarekin egiten du. Gertaerek ere hitzekin erakusten duen konfiantza bermatzen dute. Aragoiko Gobernuko Gobernu Irekiaren eta Berrikuntza Sozialaren Zuzendaritza Nagusitik, CVOL atera du; hau da, boluntariotzaren inpaktua sustatzen, aitortzen, egiaztatzen eta neurtzen duen plataforma digitala, zeharkako gaitasunak erabilita eta 2030eko Agendako Garapen Iraunkorreko Helburuetan eraginez. Raulen hitz labur batzuek nahikoa dira Bherria Egonaldian egotearen esentzia transmititzeko, bestela ere interes handia piztu du-eta.
Raúl, zer da CVOL gaitasunak egiaztatzeko plataforma?
Egungo testuinguruan, funtsezkoa da ditugun gaitasun pertsonalak eta profesionalak erakustea. Ingurune ezberdinetan ikasten duzuna gaitasun bilakatzen da, eta pertsona batek bere jakinduria erakusteko modua da. Ildo horretan, Boluntariotzaren Gaitasunen araberako Portafolioa sortzen da, CVOL, Aragoin erakunde sozialen programetan parte hartzen duten boluntarioen gaitasunak egiaztatzeko sistema. Hiru helburu argi ditu: boluntarioen ekintza aitortzea eta lan, hezkuntza eta arlo pertsonalerako balio duen esperientzia moduan egiaztatzea; boluntarioekin lan egiten duten erakundeen ekintza indartzea eta ezagutzera ematea, gizarte-kohesiorako egiten duen ekarpen erabakigarriarengatik; eta Aragoiko boluntariotzaren inpaktua eta GIHekiko ekarpena (Garapen Iraunkorreko Helburuak) eta 2030 Agenda neurtzea.
Portafolioa 2018an sortu zen beta fasean, eta, egun, 245 erakunderen boluntariotzako 247 programa daude. “CVOL Enpresak Kluba” izeneko proiektua hasi berri dugu, portafolio hori erakundeetako giza baliabideen departamentuek kontuan hartu eta onartu dezaten eta boluntariotza korporatiboa ezagutzera ematearren.
Nolakoa izan behar du eta izan da beste departamentuekin jorratutako lankidetza?
Aragoiko Gobernuaren ekimena denez, herritarren parte-hartzean erabateko eskumena dugu Komunitate Autonomoaren luze-zabaleran. Zehazki, lankidetza elkarrekikoa da boluntariotzako erakundeekin eta boluntarioekin; Zaragozako Unibertsitatearen azoketara joateaz gain probintziako hiru hiriburutan, aholkularitzak eta prestakuntza-tailerrak egiten ari gara boluntariotzako erakundeekin CVOL ezagutzera emateko eta Huescan, Zaragozan eta Teruelen plataforman programak erregistratzen eta sortzen laguntzeko.
Zer-nolako baliabideak edo laguntzak ematen dizkie proiektuak lehendik dauden herritarren ekimenei edo ekimen sozialei?
CVOL plataformaren bitartez, boluntariotzako erakundeek eta boluntarioek egiten duten lan sozial ikusezin hori guztia aintzatesten da. Aragoin, hain zuzen ere, loturak sortu eta gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa eraikitzen dute, pertsona guztiak zoriontsuagoak izateko.
Halaber, gizartearen hobekuntzarako denbora eta jakinduria eskaintzen duten adin guztietako milaka pertsonaren ekintza solidarioa sustatzeko, ikusarazteko, konektatzeko eta egiaztatzeko sortutako sare sozial berritzailea da. Portafolioaren bitartez, boluntariotzan parte hartutako programetan garatu ahal izan dituen gaitasunak erakusten ditu pertsona boluntarioak.
Erakunde bakoitzak boluntariotzako programa guztiak sortu eta editatzen ditu, modu horretan ikusgarritasuna emateko; aldi berean, boluntarioek garatutako gaitasunak edo boluntariotza-ekintzan hartutakoak egiaztatzea lortzen dute.
Proiektuari dagokionez, zergatik egin behar du elkarlana herritarrekin? Zer-nolako estrategiak erabili dituzue lankidetza hori bideratzeko?
Une honetan, hazten eta hedatzen ari gara; beraz, Aragoiko boluntariotza-elkarteak batzen dituzten koordinadora, plataforma eta federazioekin etengabe harremanetan eta elkarlanean aritu gara, CVOL plataforma hedatze aldera. Modu horretan, aurkezpen-ekitaldiak, azoketan standak, prestakuntza-tailerrak, aholkularitza teknikoak erakundeen egoitzetan, sare sozialak, e.a. landu ditugu.
Lehentasuna programak argitaratzea izan da, hemendik aurrera era esponentzialean gora egin dezan CVOLen bitartez egiaztatutako pertsonen kopuruak.
SAREAK | WEB: https://raulolivan.com/| Tw: @raulolivan @AragonAbierto | Fb: @ZaragozaActiva