Azaroaren 14a argi eta eguzkitsu argitu du; Bherriaren aurrez aurreko hirugarren topaketa da. Etxebarriko San Antoniora joan gara, Mugarri Gaztegunearen instalazioetara, hain zuzen ere, Bizkaiko udalerri horretako garapen komunitarioko eta herritarrek parte hartzeko eredua bertatik bertara ezagutzeko helburuz. Eta ezagutu dugu, bai horixe!
Auzoaren jatorria ezagutu nahi dugu; horrela, Etxebarriko San Antonio udalerriko parroko Jose Alberto Vicentek zera azaldu digu: “Etxebarriko San Antonio ez zen existitzen duela 60 urte; garai hartan, landak eta baserriak besterik ez zeuden. Gaur egun udalerriko beheko eremua dena, komunitate euskalduna zen”. 50eko hamarraldian, nabarmen hazi zen udalerriko biztanleria kopurua, Estatuko gainerako lekuetatik etorkin asko iritsi baitzen, eta etxolak eraiki zituzten udalerriko goiko eremuan. Ez zegoen kalerik, ezta saneamendurik eta zerbitzurik ere; iritsitako pertsonek eraikitako etxolak besterik ez. “San Antoniora etortzen zen jendeak”, adierazi digu Jose Albertok, “Etxebarrik bazter uzten zuela sentitzen zuen. Hain zuzen ere, bazegoen seinale bat argi eta garbi jartzen zuena “Korearako bidea”, beste leku batzuetatik zetorren jendeari buruz”.
Horrela, hasiera hasieratik elkartasuna presente egon den auzo bat eratzen joan zen. Etxolak eraisteko saiakeren aurrean, irabazitako espazioa defendatzeko herritarren mugimendua izan zen erantzuna; denborarekin, etxolak eraldatu egin ziren eta San Antonio auzoko erdigunean kokatu ziren. “Auzoa hazten joan zen, ez zegoen ez errepiderik ez urbanizazio-planik; San Antonio Etxebarriko beheko zonarekin lotzen zuen harrizko bide bat (Harribide) besterik ez”, jarraitu du parrokoak.
90eko hamarraldi hasieran, auzotarren mugimenduak bultzatutako ‘La Voz del Pueblo’ taldea udal hauteskundeetara aurkeztu zen, eta hauteskundeak irabazi zituen. Horrela, talde horretako lehenengo alkatea eskolako irakasle bat izan zen, hezkuntza-bokazioa zuena, eta ez bokazio politikoa; alkatetza boluntariotzako beste jarduera bat bezala hartu zuten. Hauteskundeetan lehenengo arrakasta hura lortu zuenetik, “La Voz del Pueblo’ taldeak gehiengo osoa lortu du hauteskundez hauteskunde.
Haurrak eta gazteak Etxebarrin
Deigarria da Etxebarriko herritarrek parte-hartzearekiko duten interesa. Interes horren ondorioetako bat Harribide Fundazioa da, udalerriko aisialdiko taldeak batzen dituen erakundea; erakunde horretatik igaro dira San Antonioko biztanleen % 90. Gaur egun, 400 haur eta gazte eta 40 begirale baino gehiagok osatzen duten aisialdiko hezkuntza ez formaleko proiektu hori. Duela 36 urte baino gehiagotik dago abian kolektibo hori; hasieran “komunitate” izena hartu zuen, eta lotura zuzena zuen auzoko elizarekin; aipatzekoa da bertako bizilagunek eraiki zutela eliza, adreiluz adreilu. Ekintzan/hausnarketan oinarritzen da Harribiden egindako lana, era horretan, haurtzarotik bultzatuz herria bertan bizi diren pertsonena delako sentimendua.
Harribide Fundazioko kudeatzaile Ricardo Santamaria da Bherriaren hirugarren topaketa honetara gonbidatutako pertsonetako bat. Ricardok azaldu digunez, “orain dela 20 urte gazteentzako espazio faltari erantzun beharrarekin” lotuta sortu zela gaztegunea. “Alkatearekin eta zinegotziarekin adostasun bat lortu genuen, haiek ere ikusten baitzuten beharra zegoela: gazteok espazioa jarri genuen eta Udalak, berriz, jarduerak antolatzeko beharrezko diruaren erdia. Beste erdia Aldundiari eskatu genion. Horrela sortu zen Harribide, herritarren parte-hartzearekin”.
Horrez gain, helburu sozialak izango zituzten ostalaritzako espazioak kudeatzeko beharra sortu zen, udalerriko gazteak ibiltzen ziren lekuetan –tabernetan, esaterako– eragiteko aukera emango zuten espazioak. Era horretan, Etxebarriko gazteek igerilekuetako taberna kudeatzeko erronkari heldu zioten; proiektu horrek, gaur egun, gizarteratzeko sei lanpostu eta bestelako beste bost lanpostu sortu ditu. Hori gutxi balitz, kirol-kluben inplikazioa lortzen ari da ostalaritzako establezimendu horretako lankidetzako logikan.
Gizarte-bazterketako arriskua duten pertsonekin lan egiten duten udalerriko elkarteek, Melillako lehenengo hesi-jauzia gertatu ondoren (2005ean), gazte migratzaileei harrera egiteko mekanismo bat abian jartzeko beharra zegoela ikusi zuten. Orduan sortu zen Izangai, Harribide Fundazioa eta Etxebarriko parrokiaren arteko lankidetza; Izangai gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arlo sozialean eta hezkuntzaren arloan lagun egiteko elkartea da. Lankidetza horren emaitzetako bat izan da gazteen kolektibo horretarako 16 harrera-etxebizitza abian jartzea.
Etxebarrin, boluntariotzaren indar guztia inbertitzen da udalerrian, udalerrian gai sozialak eta hezkuntza-gaiak lantzen dituzten pertsonei aukera profesionalak eskainiz.
Herritarrak Udalera iristen direnean
Eider Txarteria Etxebarriko Udaleko Kultura eta Gazteria teknikaria da, eta auzotarren mugimenduarekin eta Hirugarren Sektoreko erakundeekin lotuta dago. Udalean duen eginkizuna goizero parte-hartze eskola bat kudeatzeko eginkizunarekin alderatzen du; halaber, Herri Administrazioak, batez ere kontratazio kontuetan, dituen mugez hitz egin digu. “Etxebarriko elkarteak etengabe ari dira ikasten behar bezala idatzi eta justifikatutako proiektuak aurkezten; baina gai honetan ezin da guardia jaitsi, beharrezkoa da elkarteek ondo ezagutzea metodologiak eta berrikuntzaren arloa”, azpimarratu du Eiderrek.
“Etxebarrin”, jarraitu du Kultura eta Gazteria teknikariak”, badago arlo publikoaren eta gizartearen arteko harreman-eredu bat, idatzi gabekoa. Udalerri honetara iristen direnek parte hartu nahi dute, eta modu naturalean ematen da erreleboa parte-hartze espazioetan. Aurten, adibidez, San Esteban auzoko jai-batzordeko kide asko aldatu dira”.
Euskadiko jaiotze-tasa handienetakoa du Etxebarrik; azkar hazten ari da udalerria eta, batzuetan, ez da erraza izaten udalerriko elkarteen sareak sortzen dituen jarduerei espazioa ematea. Orain, ardura da Etxebarri lotarako hirigune ez bilakatzea, Eider Txarteriaren esanetan.
Bisitarekin jarraitzeko, Mugarri Gaztelekuaren instalazioetara joan gara; Bizkaiko udalerri honetako garapen komunitarioa bultzatzen eta azaltzen duten gako ezberdin baina lerrokatuak ezagutu ditugu. Arreta berezia jarri dugu, gure proiektuetara ekar dezakegun guztia jasotzeko.
Danel Marin Etxebarriko Udaleko Jai, Bizikidetza eta Parte-hartze zinegotzia da, Bherria programan parte hartzen du, eta bere ibilbidea kontatu digu: “Katekesian hasi nintzen, komunitateetan, begiralea izan nintzen, musika taldeko kidea, elkarteetako kidea… ‘La Voz del Pueblo’ taldean sartu nintzen eta zinegotzi aukeratua izan nintzen 13. tokian. Etxebarri bezalako leku batean, zaila da herritar eta arduradun publiko rolak bereiztea eta, batzuetan, rol bien arteko interferentziak gertatzen dira”.
Etxebarriko jaiak ate bat dira, udalerrira datozen herritar berriei harrera egiteko aitzakia; batzordeak irekiak dira, eta batzordeetako kideek Udalaren laguntza teknikoa dute, beste sail eta behar batzuekiko koordinazioa errazteko.
Bizikidetza batzordea ere badago, herritarrez eta elkartez osatutakoa; beharrak eta gatazkak antzematen dituzte kideek, eta horiek konpontzen saiatzen dira. Batzorde horrek egiten duen lanaren adibide bat “Kontaidazu” ekimena da; adineko pertsona talde bat ikastetxeetara joan zen, ikasleei azaltzera nolakoa zen Etxabarri iraganean. “Gu Gara” dokumentalean jasotzen dira kontakizun haiek.
Bermeak eta garapen komunitarioa
Behin Etxebarriko parte-hartzearen esperientzia bikaina entzun ondoren, hartutako informazioarekin eta ideiak bor-bor, Bherriako partaideek Toki Administrazioaren egitura garantistaren eta garapen komunitariotik sortzen diren proposamenen arteko tentsioei buruz eztabaidatu dute.
Eztabaida horren inguruan sortzen diren kontuetako batzuk kontu-hartzailetzaren eginkizuna eginkizun sozialera hurbiltzeko beharrarekin lotuta daude. Udaleko kontu-hartzailetzak legezkotasunaren barruan jokatu behar du kontratazioko prozeduretan; eginkizun hori erabat beharrezkoa da, eta gerta daitezkeen egintza arduragabeetatik babesten ditu botere publikoak. Ulertzen ditugu kontu-hartzailetzaren atzean dauden beharrak eta, aldi berean, badakigu gaur egungo lizitazio-eredua zaharkitua dela eta, askotan, herritarrek diseinatutako zerbitzuak abian jartzeko gaitasuna mugatzen duela. Kontu-hartzailetzaren eginkizunak Kontratazio Legea ezagutzen du eta lege hori betetzea bermatzen du, baina ez du garatu gizarte-hitzarmeneko dimentsiorik. Ildo horretan, Hirugarren Sektorearen eta Gizarte Ekonomiaren Legeak kontuan hartu beharko litzatekeen esparru bat eskaintzen du.
Garapen komunitarioak bere ingurunearen beharretara eta errealitatera egokitutako zerbitzu publikoak aurrera eramaten bokazioa eta gaitasuna du. Badago legearekin bat datorren kontratazioa eta herritarrekin batera diseinatu eta garatutako zerbitzu publikoak bermatuko dituzten formulak arakatzeko aukera. Egon daitezke kontratazioko irizpideak ondo betetzen dituzten baina planteatutako helburuak betetzen ez dituzten lizitazioak; baita herritarrengandik datozen, baina haien formulazioan kontrataziorako gutxieneko eskakizunak betetzetik oso urruti geratzen diren proposamenak ere. Nola hurbildu bi behar horiek?
Arakatu beharreko bideak dira udal teknikarien egitekoari leku handiagoa ematen diotenak, haiek baitira kontu-hartzailetzaren eginkizunaren eta herritarrengandik sortutako proposamenen arteko zubia. Haien esku dago prozesuak zaintzea eta zubi horren alde egingo duen legearen interpretazioa egiten laguntzea.
Pertsona hauetariko bat bazara, formulario hau betez izena eman dezakezu. Arrazoi logistikoengatik dela eta, eskatzen dugu gorde dezazun zure plaza ostiral honetan, beranduenez, abenduak 1, 12.00h-ak baino lehen.
Bherriaren helmuga gertu dago Programa hau amaitzeko azkeneko topaketa prestatzen ari gara; abenduaren 5ean izango da hori, Bilbon, Zawp Zorrozaurre instalazioetan. Bien bitartean, eta orain arte egin dugun bezala, irekita jarraituko du elkarrizketak eta eztabaidak, blogaren, sare sozialen eta #Bherria etiketaren bitartez. Arlo publikoaren eta gizartearen arteko harremanei eta boluntariotzarekin lotutako gaiei dagozkien esperientzia berritzaileak zabaltzen eta ezagutarazten jarraituko dugu.