Atxuriko geltokiaren etorkizunaren inguruko hausnarketa kolektibo bat proposatzen duen herritar talde anitza da. Lokomotorak taldea, beste hainbesteren artean, Atxuri zein inguruko auzoen bizilagunok, Atxurigorri auzo elkarteak, auzoko eragile sozialek zein eskolako gurasoek, Maestro Garcia Rivero eskolako HIGEk, eta beste hainbat pertsonek osaturiko taldea da.
“Batu gaituena zera izan da: Atxuriko tren geltokia, 2019ko urtean tren zerbitzu gabe geldituko dela eta, auzoa eraberritu eta hobetzeko asmo eta gogoz, prozesu parte hartzaile bat abian jartzea. Ez gara geltokiari bakarrik mugatzen, baina aitzakia ona da auzoaren beharrizanen inguruan hausnartzeko, beharrizanak asko eta askotarikoak baitira. Hausnarketa kolektibo bat proposatzen dugu beraz, norbanako interesen gainetik.
Geltokia auzoaren ikur izan da azken ehun urteotan. Maila sozialean zein komertzialean oso garrantzitsua izan da: milaka pertsonarentzako Bilboko sarrera izan da, motore komertzial izan da, auzoari nortasun propioa eta idiosinkrasia eman dio hamarkadetan zehar… Geltokiak auzoaren ikur garrantzitsua izaten jarraitzea nahiko genuke, baina bestelako era batean. Trenak geltokira gehiago ez heltzeak ez du zertan esan nahi itxi behar denik, eta auzokideoi bizkarra eman behar dionik. Aldiz, tren geltokiak auzoari eman diezaizkiokeen aukerak ikaragarriak dira, izaera publiko, sozial eta kultural batetatik.
Laburbilduz, auzotik, auzoarentzat, eta auzoaren hobekuntza helburua dela. Gaur egun profil pertsonal zein profesional ezberdinak osatzen ditugun pertsonak osatzen dugu lantaldea, eta era finko eta jarraikor batean biltzen gara lana aurrera atera ahal izateko. Bilera orokorrak mahi inguru moduan, era asanblearioan, egiten ditugu gutxienez bi astean behin, eta batzorde ezberdinetan biltzen gara.
Momentu honetan, auzoan egin dugun parte-hartze prozesu zabal baten txostena Bilboko Udaletxeko hirigintzako arduradunei helarazi eta aurkeztekotan gara. Era berean, auzoan ere zabaltzeko asmoa dugu parte-hartze prozesuak eman dituen ondorioak. Horretaz gain, komunikazio kanpaina zabal bat ere gure jomugan dugu”.