Bokazio publikoko parte-hartzea edo administrazioaren eta herritarren arteko muga bigunak

Gala Pinek filosofia ikasi zuen, 2003tik hirirako eskubidearen aldeko aktibista izan da Bartzelonako auzo-mugimenduan, eta (PAH) Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako kide ere izan zen. Sareko askatasun eta eskubideen aldeko borroketan inplikatua, 15M mugimenduko partaide aktiboa izan zen. 2015etik 2019ra bitartean, Ciutat Vella barrutiko zinegotzigoa izan zen Bartzelonako gobernuan, eta Herritarren Partaidetzakoa; egun, teknologiaren, giza eskubideen eta gobernantza demokratikoaren gaiak lantzen ditu, eta hainbat komunikabidetan laguntzen du.

Pandemiak mende-aldaketa markatu du erabat. XXI. mende honetan, ziklo politikoak gero eta azkarragoak dira, eta Administrazio Publikoak kudeatu beharreko gizarteak ere gero eta konplexuagoak dira: aldaketa bizkorragoak (eta iheskorragoak) dituzte, aniztasuna handiagoa da osatzen dutenen artean, egitura-mailan eragin handiagoa duten aurrerapen teknologikoak daude, eta, aldi berean, subjektibotasun-mota eta harremanak izateko moduak aurreikusten dituzte. Horren aurrean, administrazioek aldaketak motel gauzatzen dituzte, makineria burokratikoak erraldoi gisa mugitzen dira baina kamera motelean, eta herritarrek erakunde publikoarekiko gero eta konfiantza gutxiago dute. Askotan, mesfidantza hori ez da soilik klase politikoarekiko, baizik eta baita langile publikoekiko ere; izan ere, horiek ezarri behar baitituzte parte hartzeko prozesuak eta mekanismoak, batzuetan zaharkituak eta askotan eskasak diren tresnak erabiliz.

Testuinguru horretan, publikoa dena ez da alde batera utzi behar, indartu baizik, eta, kontraesana dagoela ematen badu ere, hori gertatzen da irekitzeko gaitasunarengatik eta arlo publikoaren, komunitarioaren eta sozialaren arteko mugak eremu jakinetan gero eta gehiago desagertzeagatik. Beraz, herritarren parte-hartzea funtsezkoa da. Funtsezkoa da erakundeekiko konfiantza hobetu ahal izateko boterea birbanatzeko mekanismo gisa; eta funtsezkoa da, baita ere, administrazioak berriz diseinatze aldera. Herritarrek ez dute parte-hartzerik behar, baizik eta administrazioak behar ditu herritarrak, eta horretarako duen tresnetako bat parte-hartzea da.

Zaila da imajinatzea administrazioa erabat aldatzeko aukera bat, egungo garaietara egokitzeko; herritarren eskutik egin behar dira aldaketak, porotsuagoa izan dadin, herritarren eta administrazio publikoen arteko mugak itxuragabetzeko.

Parte-hartzea hainbat modutara uler daiteke, baina hemen zenbait bakarrik aipatuko ditugu, erakundea birpentsatzeko orduan lagun dezaketela uste dugulako, baita horrekin lotutako politika publikoak egunero ezartzerakoan ere.

Administrazioak herritarren gero eta behar handiagoa du krisi-egoerei eusteko. COVID-19aren pandemia eta auzo-sareak adibide oso ona izan dira. Horretarako, arau-esparru jakin batzuk birplanteatu behar dira espazioen lagapenean, politika publikoen ebaluazio eta ezarpenean, herritarrek erabakiak hartzerakoan eragina izateko gaitasunean, zerbitzu edo ekipamendu publikoen kudeaketan edo agenda publikoan eragiterakoan. Legeak herritarrekiko konfiantzatik egin behar dira, ez alderantziz; halaber, beharrezkoa da parte-hartzea desburokratizatzea. Burokrazia kolesterolaren antzekoa da: ona eta txarra daude. Prozesu arbitrarioak saihesten duena mantendu dezakegu, ekintzaren unibertsaltasuna bermatzen duena, baina administrazioaren hizkuntza pribatuari soilik erantzuten diona ezabatu behar dugu, bere buruarekin bakarrik hitz egiten duelako.

Legeak egiteko ahalmena ez dago beti gure esku, baina hor ez da agortzen herritarrek erabaki politikoetan duten eragina berriz planteatzeko aukera. Beharrezkoa da entzuteko mekanismoak ezartzea, erakundeetatik kanpo sortzen ari diren desadostasunei erreparatzeko; parte-hartzea ez da erabili behar administrazioan hartutako erabakiak legitimatzeko modu gisa, baizik eta boterea birbanatzeko aukera ematen duen eragin-tresna gisa gaitu behar da. Halaber, ekintza publikoan funtzio bat betetzen duten aktoreen mapa zabaltzeko modu bat da. Lurreratzeko, adibide bat jarriko dugu: demokrazia zuzeneko mekanismoak, sinadurak edo herritarren abalak aurretik dituztenak, interes oroko bati erantzuten diotela ziurtatzeko. Herritarren parte-hartzean, ondo ulertzen badugu, tentsioan sartzen dira demokrazia ordezkatzailea eta demokrazia parte-hartzailea edo demokrazia zuzena. Desadostasun horren josturak tenkatzeak administrazioa leku irekiago baterantz biratzen laguntzen du, entzuteko gaitasun handiago bat izanik. Zuzeneko demokraziaren mekanismo horiek, jakina, trazabilitate-moduak eta kontuak emateko jarrera izan behar dituzte.

Entzutea da aldatzen uzteko lehen urratsa, kanpotik eragiten uztea, eta beste prozedura errazago batzuk ere izan ditzake, gaur egungo erakundeetan egon daitezkeen demokrazia parte-hartzaileen aztarnen helburu publikoa zabaltzen laguntzeko, tartean honako hauek: kanal ezberdinak irekitzea (whatsapp edo telegram bat, bulego bat, bilera bat, mail bat, telefono bat, plataforma digital bat, batzar bat..); offline eta online parte hartzeko eredu hibridoak (ikus hemen Decidim plataformaren atzean dagoen filosofia, Bartzelonako Udalak bultzatu); itzultzaileak edo kultur arteko bitartekariak izateko aukera; prozesuen hitzordu-lekua aldatzea, iritsi nahi dugun komunitateak dauden lekuetan egiteko; eragile ekonomikoak parte hartzeko prozesuetara gonbidatzea, eta abar. Administrazioaren eta herritarren arteko mugak biguntzeko moduak dira. Administrazioa adimen kolektiboaz elika dezakete herritarrek administrazioaren arkitekturak berak baino gehiago, hori zaila baita ate barnean garatzea. Hori dela-eta, Bherriatik eraikitzen diren bezalako guneak sortzea administrazioak hazteko eta zerbitzu publikoaren bokazioa hobetzeko behar duen lankidetza-motaren adibide bat da.

Izan ere, parte-hartzea, herritarrengan eragina izateko gaitasuna, baterako gobernantza, osoagoa da interes orokorra betetzera bideratzen bada eta bokazio publikoa ere badu.

Izena eman

    Inskripzioarekin zerikusia duen edozein gorabehera izanez gero [email protected] helbidera jo dezakezu.

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude