Gizarte konektatua. Itxura ederra du eta zenbat dugun eztabaidatzeko!

Aurrera goaz. Miatzen ibiltzetik eta geure buruari galderak egitetik gatoz, galdera asko. Gehiegi? Bada, eztabaidatzen jarraitzea egokitzen zaigu. Zalantzak sortzen dira kontzeptu berrien, potentzialtasun berrien inguruan, instituzioek garatzeko, pertsonen premia eta aukeretatik hurbil egotearren. Trantsizioan egotearen uste osoarekin lan egin dugu, egiteko modu batzuk albo batera utzita eta beste modu batzuk asmatuaz, funtzionatzen duenaren ikuspegia galdu gabe, baina dagoeneko balio ez duten gauzak izatearen gaineko intuizioarekin (edo ziurtasunarekin?).

Trantsizio horretan (hipotesia) funtsezkoa izan da konektaturiko gizartean bizi izatetik eratorritako aldaketa kulturala. Gizarte konektatua termino sinplista bezala hartuta, Internet bizimoduaren ia edozein arlotan izatetik eratorritako aldaketa guztiak irudikatzeko. Horrela ikusten dugu, horrela sentitzen dugu, horrela esperimentatzen dugu egunero. Iraultza izan dela esaten dute, baina, egiaz, hainbat eta hainbat praktika konektatu onartu ditugu pixkanaka eta aspamendu handirik gabe. Gure oporrak antolatzea, informazioa eskuratzea, agiriak distantzian lantzea, ezagutzen ez dugun kalean plaza bat bilatzea, musika entzutea, liburuak irakurtzea,… Hori guztia berehala egiten dugu, modu pertsonalizatuan, autonomoan. Egunerokoak diren praktikak aldatzen dira, beharbada, gure izateko era eta bizitzan egoteko era aldatzen ari direlako.

Teknologia digitala horretan guztian dago, gauzak errazten dizkigun bitartekaria da, eta komenigarritasuna eskaintzen digu. Trukea erraza izan da: Googel-ek (eta gainerako guztiek) doan ematen dizu, eta zuk zure datuak ematen dizkiozu. Badirudi truke irabazlea dela, azken finean, zer axola dute nire datuek ez bainaiz inor eta arriskutsua ere ez banaiz? Ez da hain erraza, ez hain ez kaltegarria. Gure datuen jabeak al gara? Ez etorkin digitalak, ez sorterriko digitalak, agian soilik esklabo digitalak baizik. Modulu honetako lehen zalantza.

Teknologia, egia esan, gutxienekoa da. Bai, ikusgarria da, egunkariek gainezka jartzen gaituzte Applek bere produktu berriak aurkezten dituen bakoitzean. Komenigarritasun horren tresnak gure eskuetan jartzen dituzten xaman berriak dira. Smartphone horiek gure patriketan amaituko dute, gure gau-mahaietan, eta esnatzean begiratuko dugun lehena eta oheratzean begiratuko dugun azkena izango dira. Trasteekin liluratuta bizi gara, eta dena konektatuta izan nahi dugu. Seaskak konektatuta, txupeteak konektatuta, biberoiak konektatuta. Eta ikuskizunetik haratago, ikusten ez dugun hura dago: sortzen ditugun datuak, Estatu Batuetako Ekialdeko Kostan datu-zentro izugarri batean biltegiratzen diren datuak, urpeko kable pribatuen bidez ezinezko abiaduretan zirkulatzen duten datuak, enpresek kudeatzen dituzten datuak, guk haiei ematean aplikazio berri bati esanez terminoak eta baldintzak irakurri ditugula. Badakigu zer darabilgun esku artean? Modulu honetako bigarren zalantza.

Hiri adimentsuak errealitate egiteko aurkezten diren teknologiak. Smart cities delakoak mundu eraginkorra, iraunkorra, parte-hartzailea aurkeztu nahi diguten aspirazio berria dira, edo hori esaten digute batzuetan. Zerbitzu publiko interkonektatuak, administrazio elektronikoa, azpiegiturak kudeatzeko aurreikuspen-sistemak, hiriko informazioa denbora errealean kudeatzea, zerbitzu publikoen pertsonalizazioa, e.a., sentsoreei, datu masiboei (big data), segurtasun-kamerei, kontroleko zentro integratuei,… esker.  Gatazkarik gabeko leku gisa aurkeztutako hiriak, herritarrak erabiltzaileak izanik eta erakunde publikoek eraginkortasuna bermatzen dutelarik. Non geratzen da teknologia digitalen potentzial banatua eta auto-antolakuntzakoa? Modulu honetako hirugarren zalantza.

Baliteke (hasierako hipotesira goaz) teknologia, pantailen mundu liluragarriarekin, gu entretenitzen aritzea. Ez da trasteen aldaketa, egin daitekeenari eta egin ez daitekeenari buruzko aldaketa baizik. Nondik sortzen dira gatazka sozialak eta azken garaietako eskaerak? Beharbada soilik eskatzen dugu betikoa: gardentasuna, parte-hartzea, antolakuntza kolektiboaren autonomia, justizia edo eskubideak, baina gauzak aldatu egin direlako egiten dugu. Informazioa berehala eskuratzeko moduko munduan bizi bagara, nola esango didazu ezin dudala eskuratu informazio publiko jakin bat? Distantziara lan egiteko eta gure bizitza pribatuko kontuak era partekatuan erabakitzeko aukera ematen digun munduan bizi bagara, nola esango didazu gai publikoko erabakietan parte har ez dezakedanik? Hiri adimentsuak herritarrentzako gaitasun gehiago adierazi beharko dizkigu, aktibismoaren modu berriak, antolakuntza kolektiboko bizitza publikoan parte hartzeko erak, baina ez dago batere argi hori soilik entzungorren elkarrizketa denik. Modulu honetako laugarren zalantza.

Sarea agora gisa, eztabaidatzeko tarte irekia bezala, tarte publikoa eta berehalakoa bezala. Horixe da Internet aseptikoaren irudi idealizatua. Demokrazia digitalak hainbeste gauza promesten zituen… eta tekno-politikak gauzak ez direla hain errazak azaltzen digu. Teknologiak ideologia du, eta gizartean sartzen da egin daitekeena eta egin ezin daitekeena baldintzatuaz. Teknologia emandako zerbait bezala aurkezten digute eta erabiltzeko eskuliburuekin eta zehaztapen teknikoekin. Ez al geunden irekiaren munduan? Teknologia irekia izango da, baina iphone madarikatu hau ezin dut ireki eta software madarikatu honek ez dit balio nik nahi dudanerako. Teknologia zibikoen mundua ere hor dago, eta gailuak era irekian eta komunitatean ekoiztera gonbidatzen gaitu, baina klik egitearen aktibismoak oso erraza izaten jarraitzen du. Nola egin daiteke teknologia pertsonen eta komunitateen eskura dagoen erreminta gisa? Zenbat teknologia behar da? Ez al da teknologia betiko arazo sozial beretan aurkitzeko aitzakia? Modulu honetako bostgarren zalantza.

Horiek dira herritartasun digitala aztertzera bideratutako modulu honetan landu nahi ditugun zenbait gako. Nolabait eremu zehatzagoetan trantsizio honetan bizi ditugun kontraesanen lurreratzea izango da: erakunde publikoen rol berriak, herritar banakoek eta antolatuek jada onartu dituzten egiteko modu berriak, gizarte konektatuaren aukera berriak. Datozen bi asteetan zehar, galdera horiek egiteaz gain, proiektuen eta jarduteko moduen aukera berria aurreratzen diguten proiektuak aztertuko ditugu, eta kultura digitalaren aukerak ere jorratuko ditugu. Horixe izango da komunikazio digitala aukera, praktika eta kultura emergenteak gerturatzen ahalegintzeko hizkuntza berria bezala ulertzeko atea.

Entzun-gozatu gaian sartzeko honako musika proposamenak:

Great leap forward (Billy Bragg)

Paranoid android (Radiohead)

The Mercy Seat (Nick Cave & The Bad Seeds)

Space Oddity (David Bowie, Chris Hadfield desde la ISS)

Manu Fernández. EHUko doktorea (2015). Bere tesiaren izenburua “Smart citya, irudi sozio-teknologiko moduan” da. “Descifrar las smart cities. ¿Qué queremos decir cuando hablamos de smart cities?” liburua idatzi du (2016). Gaur egun, hiru arlo hauetako profesional independente moduan lan egiten du bere Human Scale City agentziatik. Ciudades a Escala Humana bloga ere idazten du. Zuzenbide Ekonomikoko lizentziaduna da, eta Ingurumen Kudeaketarako Masterra egin du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude