Nola lortu konfiantza, konpromisoa eta inplikazioa ekintzara igarotzeko?


#LoQueViene: RESET” izeneko hitzaldiak irekiko du urriaren 14ko Bherria topaketa. Antoni Gutiérrez-Rubík artikulu hau helarazi digu, konferentzia horren zertzelada batzuk aurreratuz

Ezkorra nahiz nire adimena medio, baina baikorra nire borondatea dela-eta, Antonio Gramsci

COVID-19aren agerpenak dena suntsitzeaz gain, krisi anizkoitza eta aurretik ikusi ezin zena eragin du, epe labur, ertain eta luzean ere eragina duena, eta, era horretan, orainaldi korapilatsua definitu eta etorkizun erabat zalantzagarria proposatu du. Ziurgabetasun eta konplexutasun testuinguru horretan, pandemia hori behin betiko eta ahalik eta azkarren gainditzeko antsietateak gure emozioak agerian jartzearekin batera, gure pazientzia pertsonala eta kolektiboa proban jarri dira. Baikortasuna bizitzeko eta agertzen diren erronkei aurre egiteko modua da.Etorkizun hobe bat izateko irrika hedatu da aro berri honetan, anabasak eta gehiegizko urduritasunak markatua.

Gizarte urdurietan bizi gara; horrela, William Davis-en saiakera aipatu behar dugu: Egoera urduriak: emozioak nola jabetu diren gizarteaz; bertan azaltzen du eztabaida publikoa izuaz, urduritasunaz eta presaz kutsatu dela. Davis-ek datozen urteetan demokrazia liberalak aurrean izango dituen erronkak aurkeztu dizkigu, eta datuen eta gertaeren zentraltasunaren galera erabaki politikoak hartzerakoan. “Berehalako sentsazioen mundu honetan denbora errealean bizitzeak dakarren arazoa onartu behar dugu. Gauza ez da gezurrak zirkulazioan dabiltzala. Beti egon dira. Kontua da baliabide eta teknologia berriek errealitatearen paisaia nola aldatu duten”, adierazi du.

Errealitate hori egoskorra da, eta lidergo-eredu berriak eskatzen ditu, enpatikoak, eraginkorrak, sentikorrak eta zeharka eta eskuzabaltasunez laguntzeko prest daudenak.

Adimen emozionala duten lidergoak, sortzen doazen emozioak ulertzeko eta kudeatzeko gai direnak, gizartearen aldartea kontuan hartzen dutenak eta premien eta sufrimenduen aniztasuna arta dezaketenak.

Politikak aurrean duen erronkak aginduzkoa baino gehiago inspiratzailea izan behar du, hertsatzailea baino gehiago eredugarria. Eta herritarrak nekatuta egon arren, etorkizun hobe batean sinesten dute. Aspaldiko partez, guztion ongia indarra hartzen ari da, eta duen ahalmena erakusten du. Erresilientziak eta lankidetza eta elkartasun ekintzak banako erresistentziak baino emaitza hobeak ematen ditu.

Elkarrekin berritzea, ikasiaz eta partekatuaz. Horixe da bidea. Ereindako espazio komunetan modu horizontalean lankidetzan aritzea, ekosistema emankorrak sortzeko, eta, bertan, ideiak, proiektuak, harremanak eragiteko. Elkar onartzea errespetuz eta hurrengo eguna gaur dela ulertzea eta —banako eta taldeko ahultasunei aurre egiteko— hobe dela loturak ezartzea, sinergiak sortzea eta konplizitateak batzea.

Aldaketa kulturala eta eredu politiko eta soziala indarrez bultzatu behar dira. Aldaketa aspalditik ereiten eta lantzen ari badira ere, orain inoiz baino gehiago konpromisoa eta erantzukizuna behar dira, finkatzeko balio solidoak eta ahalik eta ahalmen handiena lortzeko trebetasun eta gaitasun zehatzak. Garrantzi handiko aldaketa ezinbestekoa da gaur egun.

Dinamika kolektibo aktiboak bultzatzeko eta mantentzeko antolatzea erabakigarria da, bai berreskuratzeko, bai gainditzeko eta/edo larrialdi-egoerei modu eraginkorragoan erantzuteko (jada ezagunak ala ez). Eta aurretik, entzute aktiboa landu behar da, batzuen eta besteen onarpena “gu” bat eraikitzeko.

Inork ez daki biharko egunak zer ekarriko digun, baina eszenatoki batzuk sumatzen ditugu, eta, zalantzak eta ziurgabetasuna izan arren, erabaki dezakegu nola gerturatu eta nola prestatu. Zuhurtasuna arau moduan hartuta, neurritasuna jarrera gisa, erantzukizuna printzipio gisa, sormena motor bezala, enpatia eta malgutasuna bandera moduan eta lankidetza balio gisa, irtenbide egokiak, globalak eta iraunkorrak aurkitzen ikasi behar da elkarrekin eta partekaturiko espazioetan (on eta offline).

Erronkak konplizitatea, adorea eta ikuspegia eskatzen ditu. Larrialdiko testuinguruan eta testuinguru aldakor eta aurreikusi ezinekoan, praxi politikoa bihozgabea aurkeztu da kasu askotan, eta hemen hasi da zilegitasunaren eta herritarrekiko hurbiltasunaren arteko aldea.

Politikatik herritarrengana zubiak eraiki behar dira, gertaeren ibilbidea aldatu ahal izateko aukerak partekatuz. Norbanakoaren konpromisoaren, gutariko bakoitzaren, ikuspegi morala eta etikoa ematen lagundu behar da, etorkizun kolektiboan. Kontakizun politikoak, halaber, herritarrak pentsatzera eta konpromisoa hartzera eraman behar ditu, inplikazio eta akonpainamendutik. Baina, batez ere, benetako hurbiltasun eta ulermeneko espazio komun batean bildu behar da, publikoa eta herritarra denak indarra eta konpromisoa batu ditzan, epizentro hori aukera bilaka dadin, ekimen birsortzaileak eta eraldatzaileak bultzatzeko eta gizartearen gainerako alderdietara ere zabaltzeko.

Non gaude eta norantz joan nahi dugu? Zer egin dezakegu, norekin eta nola gertaeren norabidea aldatzeko eta aukerak eta irtenbideak proposatzeko? Nola izan koherenteak garenaren, garela esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean? Nola lortu konfiantza, konpromisoa eta inplikazioa ekintzara igarotzeko?

Hitz egitea, entzutea, partekatzea, laguntzea, kontzientzia pertsonala eta kolektiboa hartzea,… abiapuntu itxaropentsua da horretan lan egiteko eta proposaturiko helburuak lortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude