Lankidetza publiko-soziala pandemia garaian

Elkartasun eta elkarrekiko babesaren erantzun ugari ari dira azaleratzen aste hauetan, herritarren ekimenetik eta lankidetza publiko-sozialetik, larrialdi koronabirikoari erantzuteko. Hasiera-hasieratik, Bherriaren interes, hausnarketa eta jarduera gune izan zen hori, eta orain denbora errealean bizitzen eta esperimentatzen ari gara modu aplikatuan.
Irudi hau Zaragoza Activa-ko blogean argitaratutako ¿Podemos confiar en la inteligencia colectiva? artikulutik aterata dago

Bherriaren lehen edizioa itxi genuenean, 2017ko abendu aldera, Bherria birus berri bat bezala metaforarekin jolas eginaz egin genuen, eta parte-hartzaile bakoitzak transmititu behar zuen inguruneko testuinguruan. Kutsatzeko gonbidapena luzatu genuen! Gaur, gonbidapen hori politikoki okerra izango litzateke pandemia izaten ari den efektu kaltegarrien aurrean. Orain, beste gonbidapen bat egin nahi dugu, hausnartzen jarraitzeko gonbidapena, biralari buruz, jarduteko estrategia bezala (azkar eta era banatuan zabaltzea beste erakundeen bitartez) nahiz egoera honetatik atera ditzakegun beste ikaskuntzei buruz. Berrogeialdia aprobetxa dezakegu geure buruaz pentsatzeko, maila indibidualean eta kolektiboan, gizarte gisa, entzierrotik indartuta ateratzeko, aldaketarako prest izateko, solidarioagoak eta kontzienteagoak, artikulatuagoak eta konprometituagoak izateko sartu ginenean baino. Beraz, txerto medikoa iristen den bitartean, proposatzen dugu gertatzen ari diren inmunizazio sozio-komunitarioko ekintzei erreparatzea eta horien gakoetako batzuk zeintzuk diren adieraztea.

Zenbait ikaskuntza eta galdera asko

Jarraian, gure ingurunean gertatzen ari denetik eratorritako ohar batzuk partekatuko ditugu. Ohar horiek zerikusia dute askotariko agenteek ekimen hibridoetan duten lankidetzarekin eta harreman horiek aurrera egiteko eman beharreko baldintzekin; publikoa denak bere rola birpentsatzeko eta berriz definitzeko beharrarekin, agertoki berri honetan indartuta ateratzeko; dikotomoa fisiko-digitalaren hausturarekin; presente egotearen garrantziarekin, egoeraren eskura jartzearekin; emergentea artatzearekin eta ekintzatik aldatzearekin; antolatzeko modu banatuei eta erantzunkideei arreta eskaintzearekin; edota komuna dena eraikitzearekin logia, protokolo eta estandar aske eta irekien bitartez.

Asmoa ez da ondorio edo baieztapen itxiak izatea, pentsatzeko eta eztabaidatzeko ideiak baizik, zeren, beharbada, COVID ondoren izango dugun gizartean lantzen jarraitzeko lankidetza publiko-sozialeko andui onak izan daitezke.

EKIMEN MUTANTEAK

  • Izaera gero eta hibridoagoa duten ekimenak, arlo publikoaren, herritarraren, sozialaren eta enpresarialaren esparruen artean, komun aldera. Konfiantzako, aitortzako eta elkarrekikotasuneko harremanak sortzeko gaitasunean oinarritzen diren ekimenak, orekak eginez, jokoa eta protagonismoak banatuz, eta tipologien, interesen, rolen, erantzukizunen edo aukeren aniztasuna uztartuz. Nola konbinatu eta balioetsi esparru bakoitzetik eta une bakoitzean eman daitekeen onena? Zer-nolako baldintzak bete behar dira anfibia, transware eta mutante izaerako ekimenak ugaritzen dituzten ekosistema sozialak garatzeko? Nola egin dezakegu ekimen horiek, mugitzen dituen helburu komuna lortzeko eraginkorrak izateaz gain, ohituta ez gauden harreman, konpromiso eta prozesu mota horietarako esperimentazioko eta ikaskuntza partekatuko benetako prozesuak ahalbidetu ditzaten?
  • Eszenatoki horretan, publikoa dena birpentsatu egin behar da indartuta ateratzeko, komun aldera zabalduaz eta funtzioaren eta zerbitzu publikoaren ideia indarrez berreskuratuaz. Erakundeek beren lekua bete behar dute, interes orokorra zaintzeaz gain (osasun-sistemarekin argi eta garbi ikusten ari garen moduan), baina baita ere ikasi behar dute espazioak uzten, bideratzen, errazten, kode burokratikoa irekitzen, laguntzen, legitimatzen, baliabideak jartzen eta subsidiariotasun erantzunkide handiagoa bilatzen herritar antolatutik (kanporatze pribatizatzailea gaindituaz). Indartze hori, irekitzearekin batera, estrategia onena izan daiteke errekurtsoak, gaitasunak, eskumenak, askotariko begiradak, osagarriak eta interdependienteak eskatzen dituzten gero eta konplexutasun handiagoko eszenatokiak jorratzeko. Nola uztartu eta atzeraelikatu sortzen ari den herritarren ekintza eta erakundeen ekintza bermatzaileenarekin eta planifikatuenarekin kokatuta dagoena? Nola lortu instituzionalaren eta herritarraren arteko harremanean kooptazio, burokratizazio eta instituzionalizazio prozesurik ez gertatzea? Erakundeei nola eman malgutasun gehiago, prozeduren behar adinako zehaztasunari eutsita, emergentea dena, esperimentala, konbentzionala ez dena jorratu ahal izateko alarma edo salbuespeneko egoeretatik haratago (gainera, kultura, protokolo eta ohiturak ez izateagatik, erantzun eraginkorrak ematea ere lortzen ez duenean)?
  • Fisikoa eta digitala ez dira banatutako bi mundu, errealitate berean konbina daitezkeen bi geruza baizik. Konfinamenduaren garai honetan, Internetek eta IKTek aukera ematen digute gure komunitate naturalekin harremanetan egoteko, gure egunerokoaren alderdi berria sarera eramanaz. Sare sozialen potentziala aprobetxatu dugu konektatuta egoteko; telelana kasu askotan ez dela hain konplikatua jakin dugu; sarean garatutako ekimen mordoa partekatu eta elkarrekin sortu dugu; elkarri laguntzeko sistemak eratu ditugu, presentziala osatuaz eta sofistikatuaz; eta ohartu gara digitala garrantzitsua dela bizimoduari eusteko elementu gisa. Aldi berean, konturatu gara arrakala digitalaren garrantziaz edota operadore teknologiko pribatu handiez dugun mendekotasunaz. Nola hobetu dezakegu ingurune fisiko eta digitalen arteko interrelazioa eta transferentzia? Zenbat denbora gehiago utziko dugu azpiegitura digitalak bezain garrantzitsua den zerbait interes partikularren esku? Nola arindu Internetera sartzeak edo ez sartzeak eta gero eta digitalizatuagoa dagoen mundu batean herritartasuna egikaritzea ahalbidetuko duen gaikuntza teknologikora sartzeak eragindako desberdintasuna?
  • Bizi garen une arraro hauetan, presente egotearen aukeren garrantzia eta ugaritasuna agerian geratzen ari da, eta hori fisiko presentzialetik haratago doa. Horrek zerikusia du konpromisoa hartzearekin; gorputza jartzearekin (birtuala bada ere); igurtzi eta gurutzatzearekin (orain distantziei eutsita egin arren); une bakoitzean egitea beharrezkoa den hura egitearekin, egoeren zerbitzura jarrita; egoerak bizi izatearekin eta horiek gu maila pertsonalean eta kolektiboan gurutzatzearekin. Denbora presentzialaren kalitatetik haratago doan zerbait da, eta gaudenean egote hori kalitatezkoa izatea eskatzen du. Nola askatu denbora eta baliabideak presente egon ahal izateko? Zein espaziok, ariketak edo egoerak aukera hori erraztu dezakete?

 

EMERGENTEA DENAREN ETA BANATUA DENAREN INDARRA

  • Emergentetik jarduten hastea, denbora errealean gertatzen denari erreparatuta, egokitzeko eta kokatzeko moduan. Txinparta, hasierako bultzada, mobilizatzeko ZERTARAKO batetik dator, enpatizatzeko zerbaitetik, benetako premia batekin, larrialdi batekin, eskaera zehatz batekin konektatzeko zerbaitetik. Partekatutako helburu horretan, pertsonek beren burua islatuta ikusi behar dute, interpelatuta sentitu behar dute, haien parte-hartzeak garrantzia duela nabaritu behar dute. Koronabirusarekin bizi dugun bezalako arrisku handiko egoeretan, gizarte bezala ezagutzen ez dugunari aurre egitea eskatzen digularik, gure muga logistiko nahiz mentalak gaineztuz, beldurra sortzen da, ahulak sentitzen gara, eta, oro har, “salba bedi ahal duena” esalditik haratago, komunitate-sentimendua sortzen da, nonbaitekoa izatearena, elkartasunarena eta elkar babesteko sentimendua. Lankidetza beharrezkoa da bizirik irauteko gutxienez emozio-mailan. Egoera horietan, berehala, jarduteko ekimenak bilatzen ditugu, antolatzen ikasten dugu, akatsak onartzen, garrantzitsua den hartan oinarritzen. Geure buruaren onena ateratzen dugu. Baina, nola aurkitu salbuespenezko, larrialdiko eta/edo muturreko egoera horietatik haratago mobilizatuko gaituzten txinparta horiek?
  • Txinpartak su hartu dezan, beharrezkoa izan daitezke mobilizatzeko, antolatzeko eta/edo komunikatzeko gaitasuna duten pertsonak; eta lehendik dauden konfiantzako sareak, horietan babesteko, nolabaiteko kultura dutenak eta denentzat egiteko moduak lantzen dituztenak, lehen ekintza edo prototipo azkarra egin ahal izatearren. Nola lortu pertsona edo erakunde batzuen lidergoek pisu eta ikusgarritasun gehiegi ez hartzea eta lidergoa banatuta eta modu erantzunkidean mantentzea?
  • Emergentea denaren ondoren, egindakoa, igotakoa, finkatzeko eta aurreikusitakoa gainditzeko unea etor daiteke (hain desiragarria espektatibak gainditzea dakarrelako, baina baita arriskutsua ere arrakastaz hiltzea suposatu dezakeelako). Gerrillaren lehen logikak egituraketa eta plangintza handiagorantz eboluzionatzen du (koordinazioa, lantaldeak, baliabideen kudeaketa, mugarriak markatzea,…). Nola igaro emergentea denetik fase egonkorrago batera denboran balizko segida bat bilatuaz? Komeni da hori egitea edo hobe da emergentea denaren bertutea eta egokitasuna onartzen jakitea egoeraren araberako zerbait bezala? Nola lortu erakunde handiago batek inplikatutako pertsonen dinamismoa, moldagarritasuna, autonomia eta proaktibitatea galtzea ez ekartzea, baizik eta hori guztia indartzea?
  • Ekimen emergente asko antolatzen dira banatuta, tokiko sareei eta/edo sare globalei esker, baliabideak batuaz eta partekatuaz, energiak federatuaz eta modu horizontal eta erantzunkidean lan eginaz. Banatutako egitura horiek ondo funtziona dezaten, arau gutxi baina argiak izan behar dituzte, dena kontrolatu nahiari aurre egiten utzi behar zaio, entzute aktiboa praktikatu eta proposamenen ekarpena egin behar da, eta gauza bat bera ere gainerakoen gainetik ez jartzea lortu behar da, gauza bakoitzari bere espazioa izaten utziaz. Egitura horiek aukera ematen dute pertsona edo erakunde bakoitzak parte hartzeko eta inplikazio eta konpromiso modu eta maila ezberdinetan ekarpenak egiteko, haien gaitasunaren, disponibilitatearen edo nahiaren arabera. Dedikazio zatikatu horiek guztiak aprobetxatzen eta gozatzen jakin behar da, eta hori ez da erraza, ohituta ez gaudelako. Baina lortzen badugu, horrek ekimenak askoz azkarrago garatzea eragiten du, mundu guztia garrantzitsua den komunitate baten parte izatearen sentimendua indartuz. Nola batu inplikazio eta konpromisoaren maila, modu eta erritmo ezberdinak? Beharrezkoak al dira koordinaziorako figura indartsuak taldearen kohesioari eta norabideari eusten laguntzeko edo hobe da sareko autonomia gehituko duten protokoloak eta egiturak garatzearen aldeko apustua egitea? Zein kasu edo unetan gehiago komeni daitezke egitura zentralizatuak, deszentralizatuak edo banatuak?

 

OHIKOA, LIBREA ETA IREKIA DENA

Ekimen prokomunak, adimen kolektiboaren eta gaitasunen batuketaren emaitza. Filosofia ez ezik, nola, egiteko moduak, erremintak eta errazten duten protokoloak ere partekatzen dira. Halaber, egiletasuna partekatzen da, aldi berean denonak diren ekimen horiek inorenak ez direlako.

  • Ezagutza librearen eta kode irekiaren printzipioetan oinarritutako ekimenak (diseinua, garapena, ezarpena eta dokumentazioa kontuan hartuta); ekimen horiek errazago batzeko eta era banatuan lan egiteko aukera ematen dute, horiek hobetzeko, eskalatzeko eta transferitzeko. Eta, horrela, balioa eta inpaktua biderkatzen dira.
  • Nola lortu era honetako ekimenetan norbanakoaren interesak modu legitimoan jokoan jartzea, denon ondasuna eraikitzearen eta mantentzearen menpe? Nola saihestu logotipoen borroka, nola desaktibatu markek pertsonen gainean duten hegemonia, eta nola gainditu hau norena da eta/edo nola lortu beste batzuek beren ekimena abian jarri nahi ez izatea eta dagoeneko martxan dagoen ireki batekin bat egitea? Nola sartu laneko logikak eta estandar irekiak modu natural eta arinean?

 

HAUSNARKETA ELIKATZEKO ZENBAIT ERREFERENTZIA    

Hausnarketa eta galdera hauek erreferentzia askok babesten dituzte, horiek sakontzen, praktikotik zehatzean kokatzen eta hariari tiraka jarraitzen laguntzen baitute. Hona hemen testu hau idazterakoan aintzat hartutako batzuk:

  • BIRPENTSATZEA BERRABIATU BAINO LEHEN. Egun hauetan ekarpen ugari iritsi dira, filosofia eta gizarte-zientzietatik, gertatzen ari dena ulertzen laguntzeko, ez isolatutako gertaera bat bezala, eredu sozio-politiko-ekonomiko-kultural nagusiarekin konektatutako zerbait bezala baizik. Ekarpen horietako bat Bruno Latourrek egin du, eta “Eragozpen-keinuak imajinatzen krisiaren aurreko produkzioara itzultzearen aurka” testuan, aipatzen du, konfinamendua amaitzean, ez dugula presarik izan behar ahalik eta azkarren “normaltasunera” itzultzeko, erritmo erotu hori berreskuratzeko, kaltegarria dela dakigun produkzio-sistema hori berraktibatzea itzultzeko. Testuaren amaieran, norberarentzako galdetegi bat proposatzen du, koronabirusaren ondorengo balizko sistema hori nolakoa izatea gustatuko litzaiguken pentsatzen joateko. Auto-galdetegi hori kontuan hartuta, Amalio Reyk “Pandemiaren ondoren ezberdin bilakatzeko bi ariketa” proposatu ditu, sistema ekonomiko-produktiboaren inguruko gogoera egitera bideratuta: Paralisia eta gero zein jarduera ez lirateke itzuli behar, zergatik eta zer proposatu horietan aritzen ziren pertsonen alternatiba gisa? Zer jarduera itzuli behar lirateke indar gehiagorekin eta hobetuta? Zer-nolako jarduera berriak jarri behar lirateke abian eta nola egin bideragarriak eta iraunkorrak izateko? Gehitu beste batzuk gure praktikei buruzko hausnarketa egiteko maila pertsonalean. Zein ohitura eta praktika pertsonal/profesional aldatu edo utzi behar zenituzke eta zergatik? Zein berri sartu beharko lirateke eta nola egin benetan eta era etengabean egiteko? 
  • Ahaleginak federatzea, ekimenak gehitzea. Frena la curva bezalako plataformak lankidetza publiko-sozialetik sortu dira, ia alarma-egoerarekin batera, ahalegin solidarioak federatuaz osasun-krisiaren eta konfinamenduaren egoera jorratzeko, lehendabizi ekimenen foroaren bitartez, gero mapa geolokalizatu baten bidez, eta beranduago herritarren laborategi banatuaren bidez, dagoeneko hamar herrialde baino gehiagotan erreplikatu dena. Deialdi birtualak egin dira ekimenak garatzeko, hackathon erakoak; esate baterako, #VenceAlVirus edo formatu zabalagoak dituztenak, tartean, #Covid19Challenge, irtenbideak lankidetza-moduan diseinatzeko UX ikuspegitik. Halaber, badira beste adibide batzuk; hala nola, Pienso luego actúo, aurrez ere bazeudenak, eta egoera biriko honetara egokitu direnak.
  • Libreak eta irekiak ez dute batzen, biderkatu baizik. Librearen eta irekiaren logikatik, gertatzen ari den guztiaren pista jarraitzeko, ondorengoan sar gaitezke: “Koronabirusa: baliabideak eta ezagutza irekia pandemiaren erantzunaren aurrean elkarlanean aritzeko”; bertan, honako hauen inguruko adibideak jasotzen dira: mapak eta datuak, zientzia, informazio eta berrikuntza publikoaren plataformak edo lankidetzako lan digitalerako erremintak. Halaber, oso interesgarriak dira Diseinua eta diapora podcast-ak diseinu irekiaren aldetik garatzen diren ekimenei eskaintzen dizkien kapitulu bereziak. Eta adibide horiei guztiei beste asko gehitu dakizkieke; esate baterako, Enreda kooperatibaren Twitter harian agertutakoak, jendearen zerbitzura dagoen teknologiaren inguruan edo Agustin Lossoren beste honetan berrikuntza sozial eta makers proeiktuen gainean azaldutakoak.
  • Lokalaren eta globalaren artean, fisikoaren eta digitalaren artean. Makina bat aukera hurbiltasunean oinarritutakotik digitalaren potentzial guztia ateratzen dueneraino. Sareko ekimen globalak; adibidez, Coronavirus Makers, pantailak-maskarak eta arnasgailuak ekoiztera bideratuak. Euskadiri begiratuta, tartean ditugu Tecnalia bezalako korporazio handiak, Walter Pack bezalako erakundeak, Tunipanean bezalako makerrak edo Hirikilabs edo Espacio Open bezalako herritarren laborategiak eta fablab-ak. Horrez gain, badira Elkartasun Sareak bezalako ekimen ultralokalak; bertan biltzen dira Bilboko auzoei laguntzeko sareak, eta ondo baino hobetu erakusten ditu herritarrak antolatzeko modu berriak, oinarri komunitarioko auzotarren mugimenduen tradizioarekin konektatuak, birusa baino ia azkarrago erreproduzitu direnak estatu osoko udalerrietan. Halaber, erdi bidean dauden ekimenak aipa daitezke; hala nola, ner ekosistemaren inguruan abian jartzen ahalegintzen ari direnak, Harremanen Estilo Berriak antolatzeko eta produzitzeko modu berrien gainean gakoak nola eman ditzakeen pentsatuaz, betiere pertsonak erdian kokatuta. Ekimen horiek, dei erraz batzuen bitartez, aktibo mantentzen gaituzte fisikoki nahiz intelektualki, irudimena gizaki egiten gaituen energia berriztagarria dela erakutsiaz, beti ez baitiogu nahikoa balio ematen, baina inteligentzia kolektibotik ateratzen denean altxor txiki handiak ekoizten ditu; besteak beste, Errondariak birusaren aurka, bertan, Gaztelako folklorea eta 2.0 teknologiak, tradizioa eta berrikuntza, batu egiten dira beldurra borrokatzeko abestuaz; #HAGAMOSCASA, gure etxearen solairuaren marrazkia partekatzeko proposamena egiten diguna, guztion artean denon etxea eraikitzeko; edo COR ON COLLABORATION, COVID-19aren inguruko podcast kolaboratiboa, Telegram-eko kanal batean jasotako audioetatik editatua.

 

Uharteak gara artxipelago bat osatuz; P2P sare ia amaigabe bat osatzen duten pertsonez osatutako artxipelago bat, egunero lanera irteten jarraitzen dutenek osatzen dutena, oinarrizko zerbitzuei eusteko lehen lerroan jarriaz; etxean geratzen direnek osatzen dutena kurba geldiarazten lagunduaz; gaixotu direnek edo bakarrik daudenek osatzen dutena; okerrena gero etorriko dela jada pentsatzen dutenek osatzen dutena; egoera arraro honetan aldaketa eraldatzailerako aukera ikusten dutenek osatzen dutena; umorea ez galtzeko memeak sortzen jarraitzen dutenek osatzen dutena; txalo egitera edo entzunaraztera arratsaldero balkoira irteten direnek osatzen dutena; elkarri laguntzeko era guztietako ekimenetarako konpromisoa hartzen dutenek osatzen dutena,… Pertsona horiek guztiek txalo zaparrada bat merezi dute!


Irudi hau Korapilatzen-eko blogean argitaratutako #desAnudando #korapilatzen #14 Habitando la incertidumbre; coronavirus artikulutik aterata dago

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude