“Ura irakiten hasitakoan, sua itzaltzeak ez du jada batere balio”.
Nelson Mandela
Hegakortasunak, ziurgabetasunak, konplexutasunak eta anbiguotasunak markatutako garaiak bizi izan genituen jada 2019an. VUCA garaiak, ingelesezko akronimoarengatik. Ikusi dugu iraganeko gertaerak jada ez direla etorkizunaren iragarle, eta horrek zaildu egiten duela aurreikustea eta erabakiak hartzea, etengabe berrasmatzera behartzearekin batera. Atzoko irtenbideak ez dira baliagarriak gaurko eta biharko erronketarako. Arazoen konplexutasun-maila eta erantzun posibleen aldakortasuna areagotzen dira.
Pandemia medio, mesfidantza, ziurgabetasuna eta iraganarekiko nostalgia handitu dira. Etorkizuna aurrerapenaren uste sendoa ez denean, amesgaizto bilakatzen da eta nostalgia nagusitu antsietateak eta beldurrak baretzeko. Beldur horiek globalizatu egiteaz gain, egoera sozialak zehazten dituzte. Martha Nussbaum-en hitzetan: “Beldurrak zentzuzko deliberamendua blokeatu ohi du, itxaropena pozoitu eta lankidetza eraikitzailea galarazi etorkizun hobe baten alde, […] geure burua gainditzera eta modu berekoian, zuhurtziagabean eta antisozialean jokatzera eramaten gaitu”.
Testuinguru horretan, gizarte urduriak azaleratzen dira, eta alderdi politikoa eta soziala zein giro emozionaletan garatzen diren ulertzen jakitea funtsezkoa da gure oraina interpretatu ahal izateko. Orainaldi honek bere tirania inposatzen du, eta berehalakoak, laburrak eta azkarrak trinkoari eta motelari irabazten dio; hots, kantitateak kalitateari.
Etorkizunaren ideiaren gainean oraina gailentzen da. Ideia hori gizarte-aldaketarako estimulu indartsua izan ohi zen, aurrera egiteko lekua, denborazko espazio baten helmuga eta konkista, gure helburuak, ekintza politikoa medio erronka bilakatuta, lorpen eta eskubide bihur zitezkeen espazioa.
Gaur egun, beharrezkoa da etorkizuna berreskuratzea herritarren ilusioa berreskuratu nahi badugu. Berriro pentsatu behar dugu, imajinatu eta eraiki edozein proiektu politiko eta sozialerako energiak dinamizatzeko eta sortzeko espazio gisa.
Ez da helburu erraza; izan ere, erakundeekiko eta lider sozialekiko deskonfiantza orokorra areagotzen ari da mundu osoan, eta ahultasun demokratikoko eta aginte moral, politiko eta instituzionalaren pitzadurako egoera iraunkor batera eramaten du. Ezegonkortasuna gero eta handiagoa da kezka gisa, eta elementu ezegonkortzaileen uztartze leherkorra gertatzen da pandemiaren ondorengo egoera honetan krisi ekonomikoak, sozialak eta politikoak marrazten duten perimetroarekin.
Funtsezkoa da irtenbideak eskaintzea eta itxaropenik gabeko aldarte bat, etorkizunean konfiantzarik ez duena, bideratzea, modu honetan:
-
- Lidergo-eredu berriak landuta, sentikorragoak, enpatikoagoak, eskuzabalagoak, lankidetza handiagokoak, zeharkakoagoak, eraginkorragoak,…
- Harremanetarako dinamika berriak aztertuta, benetako garrantzia duten ekimen kolektiboetara eramanaz.
- Entzute aktiboa aplikatuaz, batzuen eta besteen zeregin erabakigarria ezagutzeko, “gu” bat eraiki aurretik.
- Harreman iraunkorrak eta irismen handikoak ehunaz, partekaturiko interesetatik abiatuta komunitateak sortuaz.
- “Kaxatik kanpo” pentsatuaz, sormena eta berrikuntza bultzatzeko.
- Asmo argi bat definituta.
- Dimentsio sozialari inoiz baino gehiago balioa emanaz eta partekaturiko alderdi publikoaren espazioa definituta, talentua, sinergiak eta eraginkortasuna gehitzeko.
#LoQueViene-ri (datorrena) aurre egin eta benetan reset bat burutzeko, ezinbestekoa da interes orokorraren aldeko itun bat egitea, benetako errentagarritasun iraunkorra guztion onura baita. Ezin zaie erronka handiei aurre egin inplikazio eta konpromiso kolektiborik gabe. Eta politikatik herritarrengana zubiak eraikitzea bezain beharrezkoa da konpromisoa eta horren indarra batzea, gizartean eginkizun politiko handiagoa gure gain hartuta.
Gizarteak, oro har, jokatu egiten du: hamar urte baino gutxiago gure ekoizpen- eta energia-eredua aldatzeko eta trantsizio ekonomiko, sozial eta ekologiko hirukoitza egiteko. Eta erronkak asko dira: politikan herritarren konfiantza berreskuratzea eta erakundeak birlegitimatzea; kontratu sozial barneratzaile eta solidario berri baterantz aurrera egitea, aurkezten zaizkigun erronkei aurre egiteko gai dena; eta aldaketa kulturala eta eredu politikoaren eta sozialaren aldaketa bultzatzea, mikrotik makrora, nitik gura.
Aurrerapenaren aldaketa horiek hobeto iristea eta pertsona guztiengana heltzea nahi badugu, adostasun eta parte-hartze kolektiborako espazioak behar ditugu. Espazio zabalak, abegikorrak, gainditzaileak,… elkarrekin gogoeta egin eta zein puntutan gauden eta norantz joan nahi dugun ikusteko.
Lankidetza, ongi ulertutako elkarlana, ez da soilik adierazpen bat; atmosfera bat da, jarrera bat, gaitasun bat. Eta Bherria bezalako proiektuek arlo publikoaren eta sozialaren arteko elkarguneak diseinatzeko potentziala ez ezik, antolaketa-ereduak aldatu ahal izateko gaitasuna ere badute.