Nola eragiten du intersekzionalitatearen teoriak eta praktikak lankidetza publiko-sozialean?

Intersekzionalitatearen ikuspegiak eta tresnak aukera ematen du desberdintasunen konplexutasuna eta horiek elkarreragiteko modua sakonago ulertzeko. Hortaz, herritarrekiko lankidetza publikoa ona izateko, ikuspegi hori ezinbestekoa da; izan ere, alde batetik, premia ezberdinak eta, ondorioz, politika publikoen diseinu hobea identifikatzeko aukera ematen du. Bestetik, parte hartzeko guneetan, administrazioek harreman bidezkoagoak eta berdintasunezkoak ezarri ahal izatea bultzatzen du.

Artikulu honen egilea den Jone Otero bideratzailea, aholku-emailea eta ikerlaria da politika publikoetan, berdintasunean, kulturan, ingurumenean edota lankidetzan, besteak beste. Komunikazioan graduatu zen; Ikerketa, Aholkularitza eta Gizarte Berrikuntzan masterra du, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunean gradu-ondokoa. Taldeen coachingean ere prestakuntza badu.


Intersekzionalitatea pertsonek egitura sozialetan zer leku betetzen duten ulertzeko baliabidea den heinean, administrazioen barruan hausnarketa eragiten da, herritarrekiko harremanari dagokionean zer botere-harreman inkontziente erreproduzitzen ari diren ulertzeko.

Zapalkuntza-ardatzak (adibidez, arraza, klasea, sexualitatea, adina, sexua, etnia, jatorria, gaitasuna, generoa,…) pertsona bera aldi berean zapaldua eta zapaltzailea izateko moduan artikulatzen dira. Hori dela-eta, autoanalisi horretan, testuingurua ezinbesteko elementua da, horrek gure jarrera beste pertsona batzuei dagokienean nola aldatzen duen ikusteko.

Tresna boteretsua da zapalkuntza-ardatz anitzen arteko interakzioak herritarrei nola eragiten dien administrazio publikoetatik ulertzeko. Horri esker, diagnostiko zehatzagoak egingo dira, ondoren, erantzunak, politikak eta zerbitzuak asmatzearekin batera, prebentziozkoak zein erreaktiboak, pertsona askok jasaten dituzten diskriminazio espezifikoak jorratzeko.

Azkenik, intersekzionalitatea funtsezkoa da, baita ere, parte hartzeko espazioak bermatzeko (diseinua, deialdia, tonuak, kodeak, ordutegiak, hizkuntzak, moderazioa, etab.), modu ekitatiboan eta ikuspegi distantziakideak saihestuz, ahots guztien arteko elkarrizketa eta entzutea ziurtatzeko.

Zuen erakundean, zer-nolako gogoeta egin duzue intersekzionalitatearen inguruan? Nola txertatu duzue diagnostikoetan? Arlo edo sailen artean zer lankidetza-esperientziak izan dira arrakastatsuak? Nolako botere-harreman desberdinak identifikatu dituzue parte hartzeko prozesuak garatzerakoan? Zer-nolako estrategiak aplikatu dituzue parte hartzeko espazioak askotarikoak eta ekitatiboak izan daitezen?

#tipsyclaves

Maria Rodó-Zarateren Interseccionalidad liburuan, ondorengo esperientzia partekatzen da:

“Behin, arrazakeriazko LGTB gazteei eta haiek poliziarekin izandako esperientziei buruzko mintegi batean harrituta geratu nintzen parte-hartze inklusiboa sustatzeko ikusitako borondate handiarekin. Mintegia komunitateekin batera lan egiten duen ikerketa-zentro batek bultzatu zuen, eta parte hartzen zuten gazteei metroko txartelak ematen zizkien mintegira joan zitezen. Asteroko eztabaidetan, dinamika oso inklusiboak erabiltzen zituzten; hala nola, lehendabizi emakume gazteei eta ikasleei hitz egiteko eskatzea, eta talde horietako inork parte hartu nahi ez zuenean soilik, irakasleek hitz egitea. Kontuan hartzen zen emakumeek hitz egitea eta batzorde edo egintza bakoitzean aniztasuna izatea”.

Balio handiko beste esperientzia gehiago ere badira; esate baterako, Terrassako Udalarena, Intersekzionalitatea Tokiko Politiketan Txertatzeko Gisan jasoa. Gainera, jarraian, zenbait tip edo gako proposatzen dira, ikuspegi intersekzionaletik lan egitea laguntzeko:

HASI AURRETIK:

  • Taldearen begiradei, aniztasunari eta ezagutzei buruzko hausnarketa egin da.
  • Eremuen araberako segmentazioa hautsi eta talde hibridoa sortu da, ikuspegien aniztasuna ziurtatzeko.
  • Prestakuntza jasotzeko edo parte hartzeko prozesu ekitatiboa egiteko beharrezkoak diren ikuspegiak emango dituen norbait gonbidatzeko aukera proposatu da.

DIAGNOSTIKOA:

  • Egoeraren inguruko diagnostikoan eta analisian, zapalkuntza-ardatz ezberdinak adierazten dituzten aldagaiak hartu dira kontuan (arraza, klasea, sexualitatea, adina, sexua, etnia, jatorria, gaitasuna, generoa,…).
  • Egoeraren inguruko diagnostikoan eta analisian, kontuan hartu da desberdintasunak nola artikulatzen diren eta nola eragiten dieten herritarrei .
  • Egoeraren inguruko diagnostikoan eta analisian, herritar batzuek (horiekin lan egin nahi da) jasaten dituzten diskriminazio espezifikoak identifikatu dira.

PARTE HARTZEKO PROZESUA PRESTATZEA:

  • Deialdia, baldin eta izanez gero, lan egin nahi den pertsonen errealitateen aniztasunera egokitzen da (iragarkiak supermerkatuetako ilaretan edo bisitak “erretiratuen” etxeetara, adineko emakumeak eta klase ekonomiko ertain/baxuko emakume autoktonoak badira, adibidez).
  • Parte hartzeko prozesua eta espazioa diseinatzerakoan, hainbat alderdi hartu dira kontuan; hala nola, ordutegiak, irisgarritasuna, hizkuntzak, tonuak edo metodologiak.
  • Topaketa erraztuko duten pertsonen profilari buruzko gogoeta egin da, elkarreraginean botere-harremanak ahalik eta gehien murrizteko.

PARTE HARTZEKO PROZESUAN ZEHAR:

  • Parte-hartzaileen parte-hartzea ekitatiboa izateko aurretik diseinatutako estrategiak aktibatu dira.
  • Administrazio-taldeko pertsonek aldez aurretik lan bat egin dute entzutea aktibatzeko, hitza nortzuk hartzen duten kontuan hartuta.
  • Bildutako informazioa aldagai diskriminatzaileen, prozesuaren helburuen eta testuinguruaren arteko artikulazioa kontuan hartuta ordenatu eta interpretatzen da.

Prozesu osoak, gainera, (auto) ebaluazioa egitea eskatuko du etengabe, ikuspegi intersekzionala mantentzen dela ziurtatzeko. Funtsezkoa da parte hartzeko prozesuek bisualki askotarikoak eta inklusiboak (baita, batzuetan, esentzialistak eta estereotipatuak ere) izatetik ihes egitea, eta, horren ordez, eraldaketa txiki sakonak aktibatu ahal izatea, analisi konplexu eta elkarrizketa kokatuen bidez.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude