Maje Reig eta Pascual Perez nazioarteko Civicwise sarekoak dira, eta hortik Civimetro proiektua koordinatzen dute; hau da, herritarren berrikuntza ebaluatzeko metodologia. Datorren urriaren 27an, 9:30etik 11:00etara, haiek entzuteko aukera izango dugu, Bherria Prestakuntzaren hurrengo saioan hizlari bezala parte hartuko baitute. Jarraian, saioaren edukia zentratzeko Majek eta Pascualek bidali dizkiguten aurretiazko zenbait gogoeta partekatuko ditugu:
Ebaluazioa arlo guztietan gero eta gehiago eskatzen den alderdi bat da, eta bereziki herritarrek eskatzen dute. Ekintza jakin batzuk zer-nolako eragina duten ebaluatzeak gure helburuak zenbateraino betetzen ditugun aztertzen laguntzen digu. Eta hori are eta garrantzitsuagoa da Administrazio Publikoak emandako edo sustatuko ekimenak baldin badira, kontuak ematea beharrezkoa ez ezik, saihestezina ere izan beharko bailitzateke.
Hala ere, gaur egun, ebaluazioetan emaitzari begiratzen zaio bereziki, hots, zenbaki absolutuei. Baina azterketa-modu hori, proiektu eta ekoizpen-sektore jakin batzuetarako oso baliagarria izan daitekeen arren, ez da nahikoa politika publikoko prozesuez ari garenean, horien helburuak erakundeen eta herritarren arteko lankidetzan oinarritzen baitira, erronka edo kezka sozialak jorratzeko.
Politika publiko mota horren adibide bat “herritarren laborategiak” dira; hau da, pertsona edo kolektibo batek bere auzoan arazo espezifiko bat lantzea proposatzeko espazioak dira, eta bizilagunak hori modu irekian eta elkarlanean garatzeko batu daitezke. Azken finean, ikaskuntza partekatuko ingurunean esperimentatzeko eta esku hartzeko baliabideak eskaintzen dituen lekua da. Herritarren laborategietako lankidetza-dinamika horiei “herritarren berrikuntza” deitzen diegu.
Baina nola neurtu baliabide publiko horien kudeaketa eta eraginkortasuna prozesu esperimentaletan, testuinguru irekia, inklusiboa eta deliberatiboa sortzeko helburua izanik? Gizartearen zati handi batek ez daki zer-nolako helburuak lortu nahi diren herritarren berrikuntza-prozesuekin, zer-nolako dinamikak sustatzen dituzten eta zer-nolako eragina izan nahi duten. Lankidetza publiko-sozialeko ingurune honetan, ebaluazioak garrantzi berezia hartzen du ezjakintasuna prozesu horiekiko mesfidantza bihur ez dadin.
CivicWise sarean, urteak daramatzagu herritarren berrikuntza-prozesuetako ebaluazioaren eta inpaktu-neurketaren inguruan taldean hausnartzen eta ikertzen, eta, ondorioz, Civimetro proiektua –civimetro.org– sortu da; alegia, gizarte eta herritarren berrikuntza-prozesuak ebaluatzeko gida. Civimetrok ebaluatu beharreko ekimen ezberdinen tokiko baldintzetara egokitu nahi du, ebaluazio-emaitzen bidez ikaskuntzak partekatu ahal izatearen batera.
Datorren urriaren 27an, osteguna, egingo dugun Bherria Prestakuntzaren saioan, parte-hartzaileen kezkak bateratu eta Civimetroa garatuz eta eskala ezberdinetako proiektuetan ezarriz lortu ditugun ikaskuntzak partekatuko ditugu; tartean honako hauek aipatu behar dira: Medialab Prado (Madril), Medialab Tabakalera (Donostia), Mestura Puerto (Fuerteventura) edo BBK Kunaren Ikaskuntza eta Praktikarako Komunitateak (Bilbo).
Elkarrekin aztertuko ditugu ebaluazio-prozesu bati aurre egitean sortzen zaizkigun gai ezberdinak:
– Zer da ebaluatzea? Eta neurtzea? Lortutako emaitzak baloratzea, hobetzeko eremuak detektatzeko eta ikaskuntzak ateratzeko aukera ematen diguten ondorioak definitzeko.
– Zergatik ebaluatu? Ikuspegi bat partekatzeak ebaluazioan hainbat eragile sartzen eta hori eraginkorra izaten laguntzen du.
– Noiz da garrantzitsua ebaluazioa sartzea? Prozesuari ahalik eta probetxu handiena ateratzeko beharrezko ekintzak aurreikusi behar dira.
– Zein baliabide dira beharrezkoak? Ebaluazioa gure baldintza materialetara, teknikoetara eta ekonomikoetara egokitu behar da eta ez alderantziz, proiektuari laguntzeko eta gehiegi ez kargatzeko.
– Ebaluazioak lagun al dezake programak eta proiektuak diseinatzen? Ebaluazio-plan bat definitzeak aukera ematen dizu helburuak lortzeko gure ahaleginak hausnartzeko, fokalizatzeko eta berriz definitzeko.
– Nola neurtu ikusezina dena? Ebaluazioa egiteko, proiektura egokitutako metodologia bat hautatzea funtsezkoa da lortutako emaitzen garrantzia detektatu eta erakusteko, horiek ukaezinak badira ere.
Azken finean, ebaluazioa “nire prozesuan zer egon da ondo/gaizki” galdetzea baino askoz ere gehiago da. Inplikazioak sakonagoak dira. Proiektu baten diseinuari erantzuteko eta diseinu hori aberasteko paradigma desberdina da. Eta ausartzen bagara, merezi duela ikusiko dugu.
Bherriaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu Maje Reig eta Pascual Perezi saio honetan parte hartzeagatik. Maje arkitektoa da, eta hiri-proiektuak, berrikuntzakoak eta herritarrek parte hartzekoak asmatu eta ezartzen ditu. Pascual arkitektoa eta diseinatzaile zibikoa da eta hiriaren eta lurraldearen plangintzan, diseinuan eta eraikuntzan parte-hartzearen kultura sustatzen duten elkarrizketa-prozesuak eskaintzen espezializatua.
Artikulu hau irakurtzen ari bazara, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan lan egiten baduzu eta lankidetza publiko-sozialeko prozesuetako ebaluazioaren gakoak ezagutu nahi badituzu, eman ezazu izena inprimaki honen bitartez.
Bherriaren jarduera batean lehen aldiz parte hartzen baduzu, jakinaraz iezaguzu, programari eta jarduerei buruzko testuinguru apur bat emateko.
Lagundu Bherriari deialdi hau zabaltzen! Prestakuntza honetan interesatuta egon daitekeen norbait ezagutzen baduzu, mesedez, helarazi esteka.