Adi, prest, ekin! Datorren ostegunean, maiatzak 6, 9:30etik 12:00etara bitartean, Bherria Komunitatearen lehen hitzordua izango dugu. Ikasteko komunitate horretan, dagoeneko izena eman dute Euskal Administrazio Publikoko 22 teknikarik; hots, lankidetza publiko-sozialeko ekintzetan sartuta daudenek. Interesatzen bazaizu, oraindik ere zure plaza erreserba dezakezu.
Komunitate hau pentsatu da osatzen duten pertsonek ikaskuntza praktiko eta baliagarriak lortzeko aukera izan dezaten. Bherria Egonaldian erabilitako erreminta metodologikoekin abiatuko gara, pareen arteko kontrastetik premiak eta esperientziak lantzeko eta proposamenarekin bat egiten duten pertsonek eskaintzen dituzten ekintza, ekimen eta/edo proiektuak hobetzeko eta indartzeko.
Komunitatean, saio digitalak egingo dira hiru hilez behin, Bherria taldeak bultzatuta eta dinamizatuta. Saioen 2021eko egutegia ondorengoa da: lehen eguna, maiatzak 6; bigarren eguna, irailak 23; hirugarren eguna, azaroak 25.
Lehen saioa eta ibilbidea
Ziur zure buruan darabilzun hurrengo galdera honako hau dela: zein da saio hauetarako plana?
Lehen saioan, maiatzaren 6an, komunitate bat eratzeko alderdi orokorretan oinarrituko gara:
- Komunitatearen helburuak eta abiapuntu izango dugun funtzionamendu-proposamena aurkeztea eta azaltzea, parte-hartzaileen aukera eta premietara egokitu ahal izateko.
- Geure burua aurkeztea eta onartzea komunitateko parte-hartzaile gisa eta proiekturako lehen hurbilketa bat egitea, pertsona bakoitzak proiektuaren bitartez lagunduko baitu komunitatean ikasten.
- Komunitatearen eta behar partikularren gaineko banako aukerak partekatzea, bertako partaide izan ahal izateko.
- (Auto)antolakuntzarako zenbait akordio ezartzea.
Jakin badakigu lehen saiotik aurrera edukien plangintza alda daitekeela; hala ere, 2021erako ibilbide bat egin dugu, eta lehen saioan baliozkotuko dugu:
- Bigarren saioan (irailak 23), parte-hartzaileen proiektuak sakonduko ditugu: ezagutu, aztertu eta abar, arrakastak eta hobetzeko eremuak identifikatzen zehazki oinarrituta.
- Hirugarren eta azken saioan (azaroak 25), proiektuekin lanean jarraitzeaz gain, lehen hiru saioen balantzea egingo dugu eta 2022rako lehentasunak ezarri.
Eta saioen artean zer?
Komunitateak saioen artean konexioa izateko formulak eta bideak hitzartzeko gaietako bat da. Gainera, saio osagarriak proposatuko ditugu komunitatea osatzen duten pertsonak lan digitala egiteko teknikoki trebatzeko.
Bherria Komunitatearen saio guztiek deialdi bat eta itzulera-kronika bat izango dituzte. Orain, garrantzitsuena da komunitatearen parte izateko izena ematea.
Beste foro batzuetan eta gure web orrialdean ere aipatu dugun moduan, Bherria Komunitatean parte hartzeko gonbidapenak, beraz, nolabaiteko konpromisoa eta inplikazioa izatea eskatzen du, hori positiboa baita taldean sortzen den konfiantzan eta elkarrekin ikasteko saio bakoitzari zukua ateratzeko gaitasunean.