Azpiegitura publiko gisa konfiantza eraikitzea

3. Azpiegitura publiko gisa konfiantza eraikitzea

Azpiegitura publiko gisa konfiantza eraikitzea

Konfiantza ez da gehigarri emozional bat. Lankidetza publiko-komunitarioari eutsi ahal izateko baldintza operatiboa da. Konfiantzarik gabe, harremana defentsibo, motel edo formal hutsa izatera iristen da. Konfiantzarekin, aldiz, oztopoak desagertzen ez diren arren, hitz egin, gainditu eta jorratu daitezke lotura hautsi gabe. Beraz, konfiantza eraikitzea da administrazioak, herritar antolatuek eta beste eragile batzuek esparru partekatu batetik lan egin ahal izateko baldintzak sortzea, baita aldeak, tentsioak edo ziurgabetasunak daudenean ere. 

Konfiantza horrek denbora, argitasuna eta harremanak izateko espazioak eskatzen ditu. Horrez gain, alderdi bakoitzaren beldurrak adieraztea eskatzen du, blokeo bihurtu baino lehen. Administrazioan kontrola galtzeko, ondasun publikoak arriskuan jartzeko, arrisku juridikoak hartzeko edo mantentzeko zailak diren prozesuak irekitzeko beldurra izan daiteke. Herritar antolatuek burokraziarekiko, erakundeen denborarekiko, jarraitutasun politikorik ez izatearekiko edo lankidetza benetako eragin-gaitasunik gabeko zama bihurtzeko aukerarekiko mesfidantza gerta daiteke. Era horretan, beldur horiek esplizitu egiteak aukera ematen du sistemaren informazio gisa eta ez erresistentzia indibidual gisa tratatzeko. 

Dena proiektua erabat martxan jarri aurretik hasten da. Izan ere, beharrezkoa da aurretik harremanak prestatzea: topaketak sortzea, ikuspegiak partekatzea, erantzukizunak argitzea, hizkuntzak itzultzea eta izan daitezkeen tentsioak aurreratzea. Ez da komeni prozesua fase operatiboan sartu arte itxarotea, harremanak funtzionatzen duen egiaztatzeko. Erabakiak, espazioak edo erantzukizunak partekatu behar direnean, konfiantzak berariazko prestakuntza behar du. 

Komunitate-dimentsioko ostatu-baliabideetan, konfiantzak laguntza ematen du pertsonak erabiltzaile indibidual gisa soilik har ez daitezen, eraikitzen ari den “gu” baten zati gisa baizik. Subjektu kolektibo bizilagun hori ez da automatikoki agertzen eraikina edo bizileku-premia partekatzeagatik; izan ere, denbora, elkarrizketa, akonpainamendua eta bizikidetzari, zereginei, zaintzari, espazio komunei eta desadostasunak jorratzeko moduei buruzko gutxieneko akordioak behar ditu. 

Halaber, erakundeen barruan konfiantza izatea garrantzitsua da. Talde juridikoak, ekonomikoak, teknikoak edo kontrolekoak proiektuen amaieran bakarrik agertzen badira, blokeatzeko instantzia moduan har daitezke. Beraz, hasieratik horiek txertatzeak aukera ematen du zalantzak aurreikusteko, proiektuaren zentzua azaltzeko eta segurtasun partekatua eraikitzeko. Kanpoalderako konfiantza sendoagoa izango da ziurgabetasunak aurretik erakundearen barruan bertan landu badira. 

Era berean, herritarrei eta gizarteari dagokienean —erakundeak, auzo-sareak, hirugarren sektoreko mahaiak edo talde bultzatzaileak—, beste lerrokatze batzuk zaindu behar dira, itxaropenak, rolak eta erantzukizunak sakabanatuta edo egokitu gabe gera ez daitezen. 

Konfiantza ez da batera lortzen. Errutina zehatzak jarraitu behar dira: aldizkako bilerak, jarraipen-espazioak, berrikus daitezkeen akordioak, bi norabideko kanalak eta gatazkak eta ikaskuntzak berrikusteko uneak. 

Tresna horiei esker, konfiantza ez dago kidetasun pertsonalen, lidergo informalen edo borondate onaren mende soilik. Desadostasunak, atzerapenak edo erabaki zailak agertzen direnean, prozesuari euts diezaiokeen harreman-azpiegitura bihurtzen dute. 

Konfiantza sendotzen da alderdiek egiaztatzen dutenean adostutakoa betetzen dela, zailtasunei buruz hitz egin daitekeela eta harremana eten gabe prozesua doitzeko espazioak badaudela. Gatazka ez da saihestu behar, baizik eta hori zeharkatzeko oinarri nahikoa eraiki behar da. 

Azkenik, proiektu pilotuak ikaskuntza partekatuaren gune seguru bilaka daitezke, eta, arlo horretan, administrazioak, herritar antolatuek eta beste eragile batzuek egiaztatu behar dute benetan zerk funtzionatzen duen, eta beharrezkoa doitu eta konfiantza eraiki behar dute konpromiso argiak eta emaitza zehatzak kontuan hartuta. 

Hausnarketarako galderak
zer-nolako konfiantza-harremanak ari dira administrazioaren, herritar antolatuen eta beste eragile batzuen arteko lankidetzari eusten? Dagoeneko dauden zein baliabide, denbora edo konpromisok indartu dezakete lankidetza eta zehatzago egin dezakete?

Erreferentzia praktiko eta inspiratzaileak

Lankidetza publiko-komunitarioaren ezaugarrietatik egindako irakurketa.

Gako honek Prozesuak bideratzea eta Komunikazioa ezaugarriekin bat egiten du. 

Ideia garrantzitsu batekin lotzen da: konfiantza izateko, elkarrizketa zailak zaintzeko moduak ere kontuan izan behar dira. Informazioa emateaz gain, zalantzak, erresistentziak eta desadostasunak adierazi ahal izateko uneak sortu behar dira, horiek blokeotzat hartu gabe.

bherria
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.