6. Gobernantza kokatua: autonomia, erantzukidetasuna eta berme publikoa
Lankidetza publiko-komunitarioa ez da amaitzen etxebizitza bat esleitzean edo eraikin bat ematean. Une horretan, bizitegi-arlokoa ez ezik, soziala, erlazionala eta komunitarioa ere baden azpiegitura bati eusteko erronka hasten da. Arrazoizko egoitza-erantzunek gobernantza-modu batzuk behar dituzte, baliabidearen funtzionamendua denboran erabaki, berrikusi, zaindu eta doitzeko, berme-esparru publikoa galdu gabe.
Ez da existitzen gobernantza partekatuaren eredu bakar bat. Kasu batzuetan, komunitate egoiliarrak aktiboki parte hartzen du bizikidetzan, erabakiak hartzean edo espazio komunen zaintzan. Beste batzuetan, berriz, kudeaketak gizarte-erakundeen, kooperatiben, fundazioen edo bestelako zubi-erakunde batzuen bitartekaritza eskatzen du, eta horiek laguntza, gaitasun teknikoa, eguneroko kudeaketa eta administrazioarekiko elkarrizketa eskaintzen dituzte. Halaber, beste formula batzuen bidez, herritar antolatuek hasiera-hasieratik parte hartzen dute, talde sustatzaile gisa, laguntza teknikoa, argitasun juridikoa eta babes publikoa emanez.
Gakoa da gobernantza-eredua proiektuaren eskalara, bizilagunen profilera, konplexutasun teknikora, ahal den autonomia-mailara eta alde bakoitzak izan ditzakeen erantzukizunetara egokitzea. Autokudeaketak edo autonomiak beti ez du esan nahi egoiliarrak zeregin guztiak egin behar dituztenik, eta kudeaketa profesionalizatuan, berriz, parte-hartzea ere beharrezkoa da. Bi alderdi horien artean, batzarrak, batzordeak, lantaldeak, jarraipen-guneak, entzuteko bideak, berrikus daitezkeen akordioak edo eguneroko zaintzak eta ekarpenak ezagutzeko mekanismoak egon daitezke.
Proiektua bizikidetza- edo komunitate-arlokoa bada, komunitatea ezin da egintzat eman. Denbora, akonpainamendua eta elkartzeko espazioak behar ditu, esleipendun izatetik komunitate biztanle izatera igarotzeko, edo talde bultzatzaile batetik itxaropenak, hasierako arauak eta erantzukizun partekatuak dituen subjektu kolektibo batera igarotzeko. Aurretiko lan horrek aukera ematen du tentsioei aurre hartzeko, premiak ikusteko eta lehen konfiantza-oinarri bat eraikitzeko, baliabidea erabat martxan jarri aurretik.
Nolanahi ere, gobernantza partekatuak arau biziak eta administrazioarekiko harreman garbia behar ditu. Hasieratik dena ezin da itxi, eguneroko praktikak informazio berria ematen baitu beti. Hori dela-eta, garrantzitsua da adostu, probatu, berrikusi eta doitu ahal izatea. Aldi berean, autonomia komunitarioak edo sozialak ez du arlo publikoarekiko isolamendua esan nahi, segimendua, bermeak, irizpide argiak eta interes orokorrarekiko etengabeko lotura behar baititu.
Gobernantza-partekatu bat kalitatezkoa izateko, eredu bakoitzak erantzukizunak modu egokian banatzeaz gain, eguneroko bizitzari eutsi, loturak zaindu eta egoiliarrei, erakundeei eta administrazioei aukera eman behar die modu egoki eta bideragarrian parte hartzeko, bizitegi-erantzun erantzukideagoak, malguagoak eta errotuagoak sor ditzaten.
Erreferentzia praktiko eta inspiratzaileak
Gako honek Irekiera-maila eta Prozesuak bideratzea ezaugarriekin bat egiten du.
Ezaugarri horietatik ideia baliagarri bat agertzen da: gobernantzak parte-hartzea neurtzea eskatzen du. Erabaki guztiak ez dira modu berean eta une berean partekatzen; komeni da zer informazio ematen den, zer galdetzen den, batera zer erabakitzen den eta zer eskuordetzen den bereiztea.