Konektatu elkar ezagutzeko

Bherria KomunitateaMaiatzaren 6an (osteguna), Bherria Komunitatearen lehen saioan bildu ginen. Lehen saioaren funtsezko helburuak hauek izan ziren: ELKAR KONEKTATZEA, EZAGUTZEA ETA ANTOLATZEA; alegia, biltzea praktika-komunitatea abian jartzeko; ezagutzea eta aitortzea deialdiarekin interpelatuta nortzuk sentitzen garen eta geure burua aurkeztea eramandako proiektuetatik eta proiektuekin; eta antolatzeko prozedura-oinarriak ezartzea. 

Saioa lotsati hasi zen, merezi duten istorio luzeak hasi ohi diren moduan. Hala ere, ekintzak, galderak eta elkarrizketa gurutzatuak gertatu ahala, “magia, konexioa, espero zena” agertzen hasi zen (?).

Deialdiari 20 bat pertsonak erantzun zioten, udalerri eta euskal administrazio ezberdinetakoak. Bakoitzak proiektu zehatz bat ekarri zuen, antzeko egoeran zeuden beste pertsona batzuekin prozesatzeko (aztertu, kontrastatu, osatu, garatu). Modu birtualean bildu  ginen Zoom erremintaren bitartez, lanerako premisa erraz batzuen ondoren, saioaren zati/helburu bakoitza eratzen zuen Miroren taula batera joateko. 

Ikasteko komunitate baterako aukerak

Saioaren lan-ibilbidea oso zehatza izan zen. Lehendabizi, bikoteka jarri ginen elkar ezagutzeko; ondoren, soziograma moduko ariketa egin genuen, komunitateko kideen egoera eta kokapena ezagutzeko; eta, azkenik, testuinguruan kokatzen aritu ginen Bherria Komunitateari buruzko aukerak errepasatuaz: 

  • Ikasketa baliagarriak eta praktikoak. 
  • Komunitate anitzean eta iraunkorrean inplikatzea.
  • Logika horizontaletatik, ezagutza partekatutik eta berdinen arteko aholkularitzatik (ikasketa hedatua) jardutea. 
  • Kontzientziaz jokatzea pertsonaletik (ezagutza kokatua), kolektiboan (komunitatea), ikuspegi komunarekin (colab publ-soc).
  • Tresnak partekatzea, esperientziak kontrastatzea eta eragozpen teknologikoak gainditzea. 

Proiektuak, balaztak eta palankak

Modu horretan, gai-zerrendaren puntu nagusira iritsi ginen, oztopoen eta potentzien aldetik proiektuetarako lehen hurbilketa egitea. Balazta eta palanka horiek partekatu genituen talde txikien artean eta, amaitzeko, ondorioak bateratu genituen. Edukien laburpen gisa, hona hemen ekarpen esanguratsuenak biltzen dituen koadroa: 

PALANKAK

Parte hartzeko moduak 

  • Gazteak herritarrak aktibatzeko potentzial gisa, gazteguneetan lan eginda, gazte-ekimena udalerriko elkarte-errealitatearekin lotzeko. Modu horretan, asoziazionismoa berritu egiten da. Elkarteen beharren jarraipena egitea, batzuk besteekin harremanetan jartzeko. Adibidez, kultur erakunde batekin elkarlanean aritzen den kirol kluba. 
  • Parte-hartze sozialaren eta boluntariotzaren (likidoa) egungo errealitatea onartzea, antolaketa-ereduen edo elkarte klasikoen arabera egituratzen ez dena, eta nolabaiteko profesionaltasuna duena. 

Barne-dinamikak 

  • Udal bateko teknikarien barne-taldea osatzea, parte-hartzea zeharka bultzatzeko eta herritarren ekimenaren eta administrazioko zati gogorren arteko zubia izateko. 

 

BALAZTAK 

Parte hartzeko moduak 

  • Udalerri txikietan komunitatea egituratzeko arazorik ez izatearen gaineko pertzepzioa faltsua da, hori ez baita zehazki horrela. Biztanle gutxiagoko udalerrietan ere antzematen dira parte-hartze sozial eta boluntariotzarako zailtasunak. 
  • Elkarteen bidez prozesuak, parte-hartzea eta boluntariotzaren artikulazioa planteatzeko modua konplexua da. Barne-demokratizazioa eta elkarteen ordezkapena. Herritarren parte-hartzea jada ez da asoziazionismoan gertatzen. 
  • Nola eratu gazteen potentzialtasuna? Dena likidoagoa da, azken urteetan gizartea aldatu egin da.

Administrazioak herritarrekin duen harremana

  • Administrazioak egokitu behar du herritarrekin egiteko eta parte hartzeko moduetara. Berritzera ausartu behar du eta ekimenak eguneratu errealitate berrietara egokitzearren. 

Parte-hartzearen higadura 

  • Parte-hartzea hitzak esanahi eta efektu gaiztoa hartzen du. Ziurtzat jotzen dugu parte-hartzea hitzak herritarrak erakartzen dituela, baina baliteke kontrako efektua eragitea. Parte hartzera deitzeak gaitzespena eragin dezake, parte hartuta inpaktu esanguratsuak lortzen ez direla pentsatzen duten herritar nekatuengan. 
  • Erantzun-erritmo motelak ditugu, eta herritarren proposamenak parte hartzeko prozesuetatik urruntzen dituzte. Gainera, parte-hartzeak administrazioaren alderdi gogorrak gainditu behar ditu; hala nola, hirigintza, kontratazioa edo bermea, besteak beste. Administrazio-prozeduraz ahazten bagara, porrot egingo dugu. Proiektu honetan denbora inbertitzeak eguneroko lanetik kentzen du. Gai egokiak aurkitzeko beharra.

Proiektu komunitarioen ikuspegia epe luzera 

  • Parte-hartzean esku-hartze komunitarioa egiteko baliabideak falta dira. Hori prozesuen diseinuarekin lotuta dago, baina baliabide komunitarioak behar ditugu. Kalean esku-hartze komunitario handiagoa egin behar da, sarean lan egin, dimentsio komunitarioari zilegitasun gehiago eman. 

Nola antolatu tentsioari eusteko (sortzailea)

Saioa amaitzen joateko, komunikazio eta konexio arloko erremintak eta komunitatearen baliabideak errepasatu genituen. Kanal horiek komunikazio banatua errazteaz gain, saioen arteko konexioari eusteko aukera emango dute. 

  • Bherria taula MIROn.
    Ikasteko komunitatearentzako lanerako espazioa izango da. Proiektu bakoitzaren aurrerapenak-edukiak jarraitu ahal izateko lekua. Halaber, dokumentazio eta artxiborako espazioa da. 
  • Komunitatearen komunikazioa posta elektronikoaren bidezko talde baten bidez egingo da.  Modu horretan, pertsona guztiekin kanal berean komunikatzea lortuok dugu; erreminta honek elkarrizketak artxibatzeko aukera ematen du, eta, horrela, errazagoa izango da haietara itzuli ahal izatea.
  • Guztion Artxibo Digitalaren espazioa.
    Partekaturiko artxiboak, erreferentziak, txostenak,… izatea espero dugu. Erreferentziazko gune bat prestatuko dugu, elkarren artean eta modu banatuan elikatzeko. 
  • Bherria.eus bloga.
    Komunitateko kideen eskura egongo den espazio digitala da, proiektuak ezagutzera emateko. 

Hurrengo hitzorduak Bherria Komunitatean

Bherria Komunitatearen bigarren hitzordua irailaren 23an  izango da. Saio horretan, proiektuak aurkezten jarraituko dugu, haien premiak artatze aldera, esperientziak eta prozesu bakoitzarekin lotutako ikaskuntzak gurutzatuaz. 

Hala ere, saio horretara bitarte denbora asko dagoenez, ekainaren 17an tarteko saio bat egitea pentsatu dugu. Saio ez-ofiziala proiektu-fitxa bat lantzeko izango da, sistematizazio-ariketa baten bidez aztertzen eta kontrastatzen laguntzeko. Fitxa hori Bherria Egonaldian garatu eta aztertu zen, lanerako gailu bezala. 

Horrez gain, saioan zehar, desoreka bat nabarmendu zen proposaturiko erreminta digitalak erabiltzeko trebetasun eta ezagutzei dagokienean. Hori dela-eta, prestakuntza-topaketa bat egitea proposatu dugu, Bherria Komunitatean erabiliko ditugun erreminta digitalak erabiltzen trebatzeko soilik (Miro, Drive edo Zoom). Saioaren deialdia Komunitatearen posta-taldearen bidez egingo da. 

Gogoratu Bherria Komunitatea Euskal Administrazio Publikoko teknikarientzat dela; hau da, herritarrekin lankidetzan aritzeko jardueraren batean murgilduta daudenentzat. Ikasteko komunitate horretan parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi baduzu, bete ezazu inprimaki hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude