Lankidetza publiko-sozialeko bideratzeari buruzko ikaskuntzak eta ondorioak

Duela aste batzuk, Bherria komunitatea udako deskonexioa egin aurretik azken bilera egiteko bildu zen. Bileraren gai-esparrua lankidetza publiko-sozialeko prozesuetako bideratzea izan zen. Gaia ilustratzeko eta elkarrizketa dinamizatzeko, Garbiñe Garamendi izan genuen gurekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Parte-hartze Zuzendaritzak bultzatutako hausnarketa-prozesuaren esperientziaren eta ikaskuntzen berri eman zigun. Prozesu horren helburua da ekintza komunitariorako esparru partekatua zehaztea. Jarraian, elkarrizketan sortutako gogoeta nagusiak azalduko ditugu.

Oraindik ere, bideratzeari eskainitako Prestakuntza-saioko oihartzunak entzuten ziren. Are gehiago, Garbiñek honako honetarako prozesua aurkeztu zuenean: “Gipuzkoako ekintza komunitarioan oinarritutako politika publikoak bultzatzeko esparru kontzeptual eta estrategikoa lantzea“, Susana Molinerrek prestakuntza-testuinguruan egindako proposamenarekin lotuta. Post hau ilustratzen duen bideoan laburbiltzen da prozesua zertan datzan. Prozesuaren diseinuan eta bideratzean kontuan hartu diren zenbait elementu gordeko ditugu kronika honetarako:

  • Foru eta udal teknikarien benetako beharretik abiatzea
    …eta irtenbideak ematen ari diren esperientzia aktiboak aitortzea eta ikusaraztea.

    Tokiko lana sostengatu eta bideratuko duen esparru bat finkatu beharra dago. Badira abian dauden zenbait esperientzia garrantzitsu eta esanguratsu. Horiek ezagutu behar ditugu, ulertu eta kontuan hartu esparru hori eraikitzeko.
  • Prozesurako behar den denbora eskaintzea, segurtasun eta konfiantzaz betetako gune bat sortuaz.
    Zehazki, egokia izan da prozesuari denbora bat eskaintzea, hauteskunde-zikloetatik eta horiek eragiten duten tentsioetatik urrun.
  • Aniztasuna erraztea eta integratzea, esperientziak eta ezagutzak gurutzatu ahal izateko.
    Tailerrak Udal handi, ertain eta txikiekin egin dira. Proiektua horietara egokitzen joan da denbora, espazio, ordutegi, metodologia eta profil teknikoen aldetik. Aniztasunaren ikuspegi horren ondorioz, proiektuaren talde eragilea handitu egin da, beste udalerri txiki batzuk ere sartu baitira.
  • Sortzen ari denari arreta jartzea eta arreta emateko ekintza-espazioa izatea.
    Harrigarria da erakundeen barruan lan egiteko beharra zenbateko indarrarekin sortu zen ikustea, barne-dinamiketan eragiteko, sareen eta departamentuen artean, adibidez, koordinazio handiagoa bilatuta.
  • Alderdi erlazionalak kontzientziatik eta metodotik garatzea.
    Garbiñek, azalpena amaitzeko, erlazionala dena lantzeko metodologia-printzipioekin loturiko zenbait ikaskuntzaren berri eman zuen, datorren irailaren 14an eta 15ean esperientzia eta ondorio horiek aurkeztuko dituzten udako ikastarora gonbidatzearekin batera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Parte-hartze Zuzendaritzatik partekaturiko hausnarketaren ondoren, zenbait alderdi sakon aztertu genituen:

Sinergiak eraikitzea udalen eta erakunde publikoen barnean:

  • Pertsona-talde batek, udalerrietan eta Aldundian duten erantzukizun teknikotik abiatuta, egiteko modu horiek abian jarri nahi ditu. Hala ere, egia da zaila dela erakundeko alde guztiak kutsatzea. Aspalditik ari dira herritarrentzako irekitasun hori sartzearren, eta ez da nahi den erritmoan aurrera egiten. Modu berriak irekitzen doaz eta inpaktuak lortzen dira. Dena den, gurutzatzeko gune gehiago behar dira ekintza-esparruak partekatze aldera.
  • Udaletan zerbitzu batzuk oso erlazionalak dira, eta herritarrekin lan egitera ohituta daude. Beste batzuk urrunago daukate. Gainera, batzuetan, herritarrekin batera lan egiteko proiektu-mota horiek sartu berriak diren pertsonei esleitzen zaizkie; hots, beharrezko prestakuntza jasotzen ez dutenei. Era horretan, horrek pentsarazi dezake erakundeak ez duela benetako apusturik egin nahi.
  • Apustu politikoa argia denean, prozesuek funtzionatu egiten dute. Gipuzkoako Aldundiak bezala egindako apustu batetik esparru partekatu bat eraikitzea, tokiko lana bultzatuz, horren adibide garbia da.

Herritarrekin lankidetza-zubiak eraikitzea, parte hartzeko beste modu batzuetara irekita:

  • Ezinbestekoa da herritarrengana hurbiltzea egokitzeko benetako borondate eta guzti. Erritmoak, denborak eta hizkuntzak ezberdinak dira herritarrekin lotura ezartzeko. Egungo testuinguruan, parte-hartzea likidoagoa da, eta entitate sozialak inplikatzen dituen prozesu luze batean baino konpromiso txikiagoa du. Parte hartzeko modu azkarrago eta berehalako horietara egokitu behar dugu.
  • Txikiagoak diren udalerrietan, herritarrekiko distantzia laburragoa da, pertsonak, baliabideak,… gehiago ezagutzen direlako. Zein izan daiteke estrategia udalerri handiagoetan? Ideien lehiaketak? Hirien barruan beharrezkoa da auzoetara hurbiltzen jarraitzea.
  • ‘Gonbidatzen bagaituzte, joango gara’. Esaldi horrek erakusten du erreferenteak diren kolektiboak detektatzeko estrategia landu behar dela, horiek gainerako herritarren preskribatzaile izan daitezen. Komunitate bat aktiboa denean, jakin badaki non dauden potentzialak eta nola aktibatu behar diren. Zeharkako parte-hartzeak horrelako espazioak behar ditu elkar aurkitzeko.

Digitalizazioaren potentzialak eta mugak

  • Gaur egun, digitalizazioa harresi baten antzera ikusten da parte hartzeko eta administrazioarekin harremanetan jartzeko. Bazirudien aukera bat izango zela, baina batzuetan bereizten eta urruntzen duen eragozpen bat da.
  • Beharrezkoa da oreka digital-presentziala izatea. Presentzialtasuna benetakoa da. Eredu propioak pentsatu behar ditugu, “b@qk-a hortzen artean dugula bizitzea” saihesteko. Erabateko digitalizazioak prozesu oso bat zapuztu dezake.
  • OGPn arrakala digitalaren erronka lantzen ari dira. Kanal anitzeko gakoetan pentsatu behar da (zerbitzuak kanal ezberdinetatik muntatzea). Eta diseinuan herritarren ikuspegia eta pertsonen aniztasuna sartu behar dira.

Arazoak sortzen dira prozesuak amaitzen direnean eta eguneroko errutinara itzultzen garenean

  • Nola aprobetxatu egunerokoa harreman gehiago, konexio gehiago sortzeko lankidetza komunitarioaren ikuspegiarekin? Prozesu batean errazagoa da, baina eguneroko lanean arazo gehiago izaten dira.
  • Normalean, prozesu oso zabalak eta konplexuak planteatzen dira, eta ez dute herritarrak mobilizatzea lortzen (adibidez, HAPO). Komeni da herritarren premiak identifikatzea, gai nagusiak haien interesetara itzultzeko, egokitzeko eta sinplifikatzeko.
  • Topaketarako aitzakiak bilatzea. Premiazkoa da une eta espazio bakoitza aprobetxatzea. Hona hemen zenbait adibide:
    • Etxebarrin uretako baliabideekin prestaturiko espazio berria herritarrek diseinatuta egin da; parte hartu duten pertsonek beren ekarpenak ezagutzen dituzte azken obran. Efektua biderkatzailea da.
    • Bizilagunen argazkiak jasotzea eta tokiko ondare fisiko eta ukiezinari buruzko gogoeta eragitea.
    • Maskotak dituzten pertsonentzako prestakuntza; txakur-elkarte bat sortzen amai dezake.
    • Osasunaren inguruko interesa gero eta handiagoa da. Elkartzeko aukera ederra eskaintzen duen gaia da.

Trebetasun bigunak eta harreman-gaitasunak lan komunitariorako teknikari gisa

  • Teknika moduan, harreman-gakoetan gerturatzea proposatzen da, gertatzen den guztia aprobetxatzearren. Etengabe “seduzitzeko” gogoarekin. Kontuan izan behar da batzuetan gehiago balora daitekeela teknikari bat jai batzuetako herri-bazkarian bazkaltzen geratzea jai horiek antolatzeko aurrez egindako lan guztia baino.
  • Hala ere, inplikazio horren mugak zaindu behar dira. Mugan moldatzen gara, eta garrantzitsua da postuak eta funtzioak definitzea, orduak banatuta eta proposamen argiak eginda lan tekniko horrek zer inplikatzen duen jakiteko, non egon behar dugun, energiak non inbertitu behar ditugun, e.a. Funtzio publikoaren fokua galdu gabe. Egonkortasunak, konpentsazioek eta lan-baldintza egokiek inplikazio horiek orekatzen eta proaktibitatea bultzatzen laguntzen dute.
  • “Trebetasun bigunak” eta erlazionalak nola garatzen dira? Gaur egun, ez dira laneratzeko prozesuetan eskatzen. Aurrez suposatu egiten dira eta, horiek izan ezean, eskatu egiten dira. Nola eraikitzen dira Administrazio Publikoan harremanak sortzen eta mantentzen laguntzen duten trebetasunak?

Hau izan da Komunitatearen topaketaren laburpen-kronika. Ondorioen laburpen moduan, prozesuak bideratzetik definitzen dituzten funtsezko ekintzen zerrenda aipa dezakegu: benetako premietan eta premia kokatuetan oinarritzea, testuingurura eta datorrenera moldatzeko gaitasuna, segurtasun eta konfiantzazko espazioak eraikitzea, auzora hurbiltzea eta preskribatzaileak aurkitzea, trebetasun bigunak eta erlazionalak garatzea eta topaketarako aitzakiak bilatzea.

Topaketa honekin amaitu da bideratzeari eskainitako gaikako zikloa. Hemendik aurrera ziklo berri bati emango diogu hasiera lankidetza publiko-sozialerako atributu berri batekin: ebaluazioa.

Gogoratu Komunitatearen saioak Bherria komunitateko kide diren pertsonentzat direla, Euskal Herriko administrazio publikoetan duten erantzukizun teknikotik abiatuta. Komunitate horretan parte hartu nahi baduzu, jarri zaitez harremanetan gurekin: [email protected].


Esteka interesgarriak:


 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude