Lotura mantentzea herritarrekiko elkarlanerako

Sarean ematen den komunikazioaren parte gara. Informazioa lortzeko daukagun modu honek, eta horren bitartez iritzi-emaile nola bilakatzen garen, ez dauka ia atzera bueltarik. Beste behin, gabeziaren logika batetik oparotasunaren logika batera ari gara iragaten; ezagutza sarean dago eta modu sozialean eraikitzen da. Komunikazioaren praktikaren demokratizazioak harreman-estilo berri bat sortu du, hiritarren partaidetza-formetan zuzeneko eragina duena.

Premisa horri jarraiki abiatu dugu Bherriaren Agoraren  hirugarren ekimen hau, ‘Herritarrekin elkartzeko komunikazio digitala’; horretarako, komunikazioa ez dugu soilik gizarte-mobilizaziorako baliabide boteretsu gisa bideratzen, baina baita herritarren eta Administrazio Publikoaren arteko kolaborazio-prozesuetan entzun, konfiantza sortu eta kontakizun bateratu bat sortzeko aukera gisa ere.

Instituzioek egokitzeko beharra dute egun, herritarrei erantzun eta irtenbide berriak eskaintzeko. Osasun publikoaren ondorio badira ospitaleak eta langile sanitarioak, edo hiri-planifikazioak plazak, kaleak eta argiztatzea badakartza berarekin, non dago komunikazioaren balio publikoa? Agora honetan, Internetek ekarri duen paradigma-aldaketaren ezaugarri desberdinduetako batzuk jaso eta hausnartu ditugu:

  • Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek gizarte-partaidetzako formetan izan duten eragina. Herritarrak trebatuak eta informatuak daude egun, informazioaren eta iritzien ekoizpenean aktibo dira, gizarte-komunikaziorako baliabideen erabilerari esker. Partaidetzarako komunikazioa ez da soilik proiektuen abiatzearen eta amaieraren berri emateko baliabide bat, baizik eta emaitzak lortzen laguntzen duen bitartekoa, prozesuaren jaiotzean bertan abiatzen dena.
  • Banatutako komunikazioak desegin egiten ditu informazioaren igorlearen eta hartzailearen rolen arteko mugak; komunikazioa ireki egiten dugu, bere ingurunean eragina duen gaien batean interesa duten edo horietarako interesekoak izan daitezkeen pertsonak gehitzeko. Aldi berean, erdiratu egiten dugu, sarea eraikitzen dugu eta axola zaigun horretan jartzen dugu fokua.
  • Komunikazio publikoa. Sarean ematen diren elkarrizketek gizarte-antolamendurako eta ezagutza partekatzeko forma berriak sortzeko bidea ematen dute. Ahaldundu egiten dira herritarrak; ez dute bilatzen zer egin esango dioten pertsona bat, nahi dutena egiteko pertsona eta baliabideak bilatzen dituzte.
  • Kontakizuna modu partekatuan eraikitzeak ahotsa ematen die Administrazio Publikoarekin kolaborazio-prozesuetan ari diren pertsonei, eta, aldi berean, zilegitasuna ematen die prozesu horiei. Kontakizun partekatu baten eraikitzeak, gainera, norbanakoen posizioetatik ikuspegi kolektiboetara igarotzeko bidea ematen du.
  • Entzute aktibo eta monitorizatua, modu jarraitu eta egiturazkoan, herritarren beharrak hauteman eta, unean-unean, partaidetza-prozesu bakoitza herritarrei jakinarazi eta beraiekin konektatzeko, axola diezaiekeen pertsona eta agenteekin.
  • Balio publikoa duten komunikazio-prozesuen bitartez konfiantza eta lotura lortzea da kolaborazio-proposamenera batuko diren pertsona desberdinak harremanetan jarri baino lehenagoko pausua.
  • Digitala dena presentziala denaren laguntzan; baliabide sozialek, pertsonak hautemateaz gain horiekin konektatzeko bidea ematen dute, erakarri, informatu eta topaketa presentzialetarako espazioak proposatzeko bidea.


Imajinatu eta jolastu banatutako komunikazioa, nodo bat sakatu eta arrastatu

Azken aste hauetan zehar komunikazioaren paradigma berri (ez hain berri) honen ezaugarrien inguruko elkarrizketak izan ditugu eta paradigma horrek izan duen inpaktua izan dugu aztergai, herritarren eta Administrazio Publikoaren arteko elkarlaneko hiru adibide desberdinetan zehaztuz: Lan Irekia, herritarren ekimenen garapenerako proiektu bat, oinarri soziala duena, Eusko Jaurlaritzak sustatua; #GetxoKirolak, kirolarien komunitate bat osatzeko prozesua, hiri osasungarriago baten berri eman eta hori lortzen laguntzen duena, Getxo Kirolak erakundeak (Getxoko Udaletxea) sustatua; eta, azkenik, #BilborockLab, partaidetza-prozesua, Bilboko gazteek esateko dutena entzun eta Bilborock espazioko erabilera- eta jarduera-proposamen berriak sartzeko, Bilboko Udaletxeko Gazteria Sailak sustatua.

Hiru proposamen horietatik, zenbait ikaskuntza sortu ziren. Garrantzitsua da kontuan izatea pertsonok eta erakundeok harremanetarako ingurune lagungarriak behar ditugula, arrakastarako aukerak izango dituzten ekimenak garatu ahal izateko. Marko horren baitan, ezinbestekoa da topaketarako espazioak (presentzialak eta digitalak) erraztu eta mantentzea, non esperientziak partekatuko diren, non elkarlana emango den eta non elkarrekiko laguntza bilatu eta kontrastatuko den, ekintzara pasatzeko palanka gisa. Herritarrak horretan ari dira jada; informazioa bilatu eta partekatzen dute, egiaztatzea eskatzen dute eta esperimentatu egiten dute harreman-formula berrietan. Praktika horietatik ikasteak denboran mantenduko diren espazio berriak sortzen lagunduko luke.

Egitekoa gaitza eta konplexua dela onartuta, hiru kasu horiek (eta jada existitzen diren beste askok) agerian uzten dute posible dela herritarrei dei egin eta herritarrak Administrazio Publikora gertura daitezen lortzea. “Eta, formulak balio duela jakinda, zergatik ez da ohiko praktika gisa jorratzen herritarrengan eragina duten arazoak konpontzen saiatzeko?”, behin eta berriz sortu da galdera hori Agora honetan. Honako deribatu honetara garamatza aurreko galderak: administrazio publikoetatik gero eta gehiago gerturatzen gara herritarrengana, partaidetza-prozesuen bitartez, aldizkako deialdietatik haratago doan erronka bat egon badago: herritarrekin lotura modu egonkorrean mantentzea, publikoa denaren funtzionamenduaren logika batetik. Horrek esan nahi du atera egin behar dela konfort-zonatik, elkarrizketak aktibatu behar direla, jardun-lerroak ezarri behar direla, inpaktuak neurtu eta arrisku jakin batzuk gain hartu.

Herritarrekin kontaktua izateak kolektiboak antzemateko bidea ematen du, interes edo behar komunak dauzkaten pertsona-taldeak; gerturatze hutsak aukera bat irekitzen du, pertsona horiek elkar ezagutu eta harremanean jar daitezen. Pertsonek bat egiten dutenean gauzak gertatzen direla esatea gustatzen zaigu; horiek dira lehen pausuak, antolatzen diren eta beren inguruko gaietan irtenbideak eskaintzen dituzten komunitateak bultzatzeko.

Aztertu ditugun partaidetza-prozesu desberdinetan, eta parte aktiboa izan dugunetan, honakoa baieztatu ahal izan dugu: eskuragarri dauden komunikazio-baliabideak eta komunikazio-egitura egungo eskaerei aurre egiteko oraindik guztiz prest ez badaude ere, ekintzarako arrakalak aurki ditzakegu, egiteko modu berrien inguruko ezagutza ematen dutenak gainera. Mugimendu txikiak dira, zeinetan mugitzen ikas dezakegun.

Herritarrekin elkarlanean aritzeko lotura mantentzeak egungo prozesuen berrikuspena eskatzen du. Gehienetan, paraleloan garatzen diren bi elkarrizketarekin egin ohi dugu topo: bat, Administrazio Publikoaren baitan ematen dena; bestea, herritarren artean ematen dena. Hirugarren elkarrizketa bat lortzea da erronka, aurreko bien batura izango dena, hau da, dial beren konektatuko dituena. Hor lortzen dugu balio publikoa sortzea, eta horrek akordioak eskatzen ditu herritarrekin, elkarrizketarako eta entzute aktiborako espazio komunak erabiltzeko.

Bherrian planteatutako komunikazio digitalerako zein elementu txerta dezakegu tokiko administrazioaren eguneroko jardunean, behin partaidetza-prozesua bukatuta? Zein puntutaraino da posible herritarrekin modu zuzenean lotzen gaituzten sokak askatzea, beraiengandik aldendu gabe?

Arantxa Sainz de Murieta. Komunikatik enpresako bazkide sortzailea eta komunikazio zein marketin digitaleko aholkularia. Kazetaritzan lizentziatu zen Publizitateko Espezialitatean, eta Marketin eta Social Mediako Masterra egin du. Bestetik, EHUko Ekonomia Zientzien Fakultateko Marketin eta Merkataritza Zuzendaritzako Masterreko irakaslea ere bada. Horrez gain, Hamabi Begiradetakoa da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude