Bherria-n lankidetza publiko-sozialeko esperientzia interesgarriak partekatzea gustatzen zaigu, beste leku eta proiektu batzuetan palanka gisa balio dezaketen berrikuntza publikoko esperientzia inspiratzaileak. Horietako bat pH Gunea da, elkarlanean parte hartze proiektua. Ekimenaren berri izateko, egitasmoaren arduradunekin hitz egin dugu, eta horixe esan digute.
Zer da pH Gunea? Eta zergatik sortu da?
PH Gunea Donostiako laborategi berritzaile bat da, herritarren parte-hartzeari dagokionez aztertu, sortu, hausnartu, eztabaidatu eta berritzeko aukera emango duen parte hartzeko gune (pH) osasungarriago bat sortu nahi duena. Bi helburu nagusi ditu: Donostian parte hartze politikoaren kultura sustatzea eta elkartegintza, herritar aktiboak eta garapen komunitarioa indartzea.
pH Guneak eraldaketarako bide bat proposatzen du, “zer “ bat baino “nola” bat, praktikan oinarritu eta egitetik ikasteko asmoz. Donostiako pHaren osasuna edo kalitatea hobetzea da proiektua martxan jartzeko arrazoia, pH eskalak neurtzen duen partaidetza kolaboratiboaren osasuna hobetzea.
Besteak beste, administrazio publikoaren eta herritarren arteko harremanetan jartzen da arreta, nolakoa den aztertu eta horien kalitatea hobetzeko ikuspegiarekin, pH osasuntsu baten bila.
Eraldaketarako testuingurua sortu edo espazioa eskaini nahi da. Norabidea finkoa izango duten eta denboran mantenduko diren aldaketa txiki esanguratsuak bilatzen dira, ongi egiten dena indartuz eta sakoneko eraldaketa ekarri dezaketen aldaketa txikiak sustatuz.
Aldi berean hiru ildotan lan egingo da ph osasuntsuagoa bilatzeko bidean:
Konektatzea; sare, ekimen eta ikerketekin saretzea: pH osasuntsuaren / partaidetzaren aldeko ekimen eta ikerketetara proaktiboki gerturatuko gara, harremanak sortu eta hobetuko ditugu eta modu horretara zer egiten den ikusiko dugu, arazoak partekatuko ditugu eta baita irtenbideak elkarrekin landu ere.
Indartzea: Donostiako udalaren eraldaketa sustatuko du, jardunaz eta harremanak izateko moduaz hausnartuko dugu, parte hartze osasuntsuaren ikuspegitik ondo egiten dena balioan jarri eta indartu, hobetu beharrekoak identifikatu eta horretarako moduak diseinatuko ditugu.
Ekintzak inplementatzea: ekintza berriak diseinatu eta martxan jartzea ere bada asmoa. Besteak beste, proiektu pilotoak, ikastaroak, baliabide kitak edota praktika komunitatea aurreikusten dira.
Partaidetza kolaboratiboaz hitz egiten duzue. Nola definitiko zenukete partaidetza mota hau beste partaidetza moten aurrean.
Partaidetza kolaboratiboak erronka partekatuak non dauden identifikatzeko balio behar du eta baita horiei elkarrekin nola erantzun bilatzeko.
Partaidetza kolaboratiboan gaiarekin eraginda dauden eragile guztiak begibistan izan behar dira, inplikatu eta proiektuaren parte izan behar dira, elkarrekintza bilatuz; izan pertsona norbanakoak, elkarteak edo/eta gizarte mugimenduak, udala, beste erakundeak, profesionalak…
Lojika horretan oinarritzen da pH Gunea, Donostian pH osasuntsuagoa lortzeko helburuarekin udaletik “zerbitzuak ematetik” “elkarrekin aukerak eraikitzera” pasa nahian.
Nola lotuko zenuke partaidetza kolaboratiboa lankidetza publiko-sozialarekin?
Partaidetza kolaboratiboaren garapen maila altuenean emango da lankidetza publiko-soziala. Maila horretan erakunde publikoek beste rol bat hartuko dute, herritarren bidelagun izango dira eta erraztasunak emango dizkiete euren ekimenak garatzeko. Horrela, pH eskalaren goi mailan egongo gara, ph orekatua eta osasuntsua izango da, partaidetza betegarria eta iraunkorra, ahalduntzailea eta emantzipatzailea bermatuz.
Horrela, lankidetza publiko-soziala ematen dela esango dugu pH eskalan hainbat ezaugarri betetzen direnean: elkarlanekoa denean, errekonozimendua ematen denean, entzute aktiboa, anitza denean, norabide anitzekoa, eraldatzailea, iraunkorra, malgua, kosortua eta kokudeatua, konfiantza giroan emana, kontzientea eta konektatua, belaunaldiartekoa, inspiratzailea, praktikoa eta funtzionala eta esperimentala.
Zure iritziz, zer irabaziko du hiriak aipatutako partaidetza kolaboratiboren garapenarekin?
Hainbat alderdi dira partaidetza kolaboratiboaren garapenarekin Donostiak eta donostiarrek irabazteko dituztela uste ditugunak:
- Arazo edo erronka beraren aurreran ideia berriak sortzeko aukera gehiago izango dira.
- Herritarren artean eta herritar eta erakunde publikoen arteko elkar ezagutza erraztuko da eta baita elkarrengandik ikastea eta elkarrekintza ere.
- Garrantzitsua den horretan begirada jartzen lagunduko du eta eraginkorragoak izaten, konpondu edo hobetu nahi dugun horretan modu estrategikoan eta modu osagarrian lanean jarriz, bakoitzak eragin dezakeen horretatik.
- Etorkizunean sortu daitezkeen egoeren aurrean oinarri egokia sortuko du, balore komun batzuekin.
Zer espero duzue Bherria bezalako ekimen batetik?
Bherria ekimena bete betean dator pH Gunearen ildo batekin: konektatzearekin. Horrela, Bherriak aukera ematen digu gure inguru hurbilean gure asmo berberekin lanean ari diren hainbatekin: elkar ezagutzeko, azken joerak ezagutzeko, esperientzia inspiragarriak ezagutzeko, elkar elikatzeko eta aberasteko, arazoak partekatzeko eta elkarrekin irtenbideak lantzeko, eta orokorrean “hor kanpoan” zer gertatzen ari den jakiteko partaidetza kolaboratiboaren inguruan.