Joan den asteartean, ekainak 29, ikasteko speed dating bat izan nuen Bherria proiektuan parte hartzen ari diren teknikariekin. Luxuzko esperientzia izan zen, bizia, azkarra eta zertxobait laburra.
Oporretan pentsatzen ari bazara edo betarik ez baduzu hari gidari gisa erabili nuen aurkezpena begi kritikoekin ikusteko, ondorengo paragrafoetan utziko dizkizut informazio eta prestakuntza webinarretik ateratako zenbait ideia-indar (ez daude diren guztiak, baina dauden guztiak dira).
Definitu etapak bidean zehar ez galtzeko
Izan buruan garatu nahi duzun ekimenaren zirriborro bat, gutxi gorabehera delineatua. Ziurtatu zure taldeko gainerako kideek ere partekatzen dutela. Hemendik aurrera, banakatu zuen proposamena (arrakastaz) burutu arte igaro beharko dituzuen etapak.
Zure proiektua “zatitzeko” honako “txuleta” hau erabil dezakezu:
- 1. Etapa – Entzute aktiboa eta egoera eta pertsonak ulertzea.
- 2. Etapa – Arazoak edo erronkak definitzea: lehenengoek konnotazio negatiboa dute; bigarrenek, aldiz, izaera positiboa.
- 3. Etapa – Irtenbideak asmatzea: zure taldearekin dibergentziatik konbergentziara igaroko zara.
- 4. Etapa – Prozesua: taldean zer egingo duzuen proiektua aurrera ateratzeko (adib., jarduerak, mugarriak, datak, arduradunak, e.a.). Ez utzi gauzak Zoria jainkosaren esku!
- 5. Etapa – Prototipatzea eta ebaluazioa: hemen forma emango diozue zuen irtenbideari, errealitate egitearekin batera aplikatu eta haren inpaktua baloratzeko.
- 6. Etapa – Komunikazioa: proiektuaren zeharkako fasea da. Informazio garrantzitsuak produzitu eta partekatzerakoan formatu ugari erabiltzeagatik bereizten da.
- 7. Etapa – Itzulera: oso beharrezkoa eskertzeko, hausnartzeko, hurrengo urratsez hitz egiteko eta proiektua zapore onez ixteko.
- Gogoratu aurreko etapak %100 tunea daitezkeela, zure taldearen eta zuen proposamenaren beharren, aukeren, denboren eta beste faktore batzuen arabera.
Zure helburuak beti agerian
Lotu zure taldearekin ezarritako fase bakoitza dagokion helburuarekin. Bakarra nahikoa da, baina, behar izanez gero, hiru ere idatz ditzakezu, lortzeko moduko helburuak eta errealistak, inguruko gorabeherak kontuan hartuta.
Editatu helburu zehatz, egoki eta erabilgarriak (ZEE), eta, zergatik ez, baita SMART direnak ere. Erabili aditz bakar bat infinitiboan zure helburua idazten hastean.
Zentzuzko harremanen aldeko apustu egin
Zure helburuak letra onarekin eta zehatz-mehatz idatzita dituzunean, zure ekintza-hirukotean beste bi elementu sartzeko unea iritsiko da; hau da, dinamikak eta baliabideak, teknologikoak zein analogikoak. Arkatzak, postitek, BIC boligrafoak, e.a. zure proiektuan aliatuak izaten jarrai dezakete, batez ere horrek izaera hibridoa badu, saio presentzialak ez ezik, birtualak ere eginez.
Kontuan hartuta zenbait irizpide, hots, daukagun denbora, parte-hartzaileen profilak, askotariko baliabideak, jarduteko espazioak (adib., birtualak, presentzialak edo erdipresentzialak), e.a., edota haien arteko mendekotasun-harremana, erabaki ahal izango duzu zein dinamikak aukera ematen dizuen proposatutako erronkak lortzeko aurrera egitea, eraginkortasun-indize handiarekin.
Eskura izan dinamika eraginkorrak
Helburuak zure “zertarako” badira, haien arabera hautatu behar izango dituzu bizitza erraztuko dizuten dinamikak, haiek lortu ahal izateko; alegia, zure “nola” zehaztea egokituko zaizu.
Dinamikak egon badaude. Egin bilaketa azkar bat Interneten eta ehunka aurkituko dituzu. Hodeian zehar arakatu gabe, ziurrenik zure lagunen artean edo zure ikaskuntza-sare pertsonalean (personal learning network edo PLN), zure proposamenaren etaparen batean transferitu ditzakezun ekintzak ere aurkitu ahal izango dituzu.
Zure proiektu-taldeak biziko dituen jarduerak behin hautatuta, pentsatu honako gai hauen inguruan:
- Ausazko ekipoak, nahitaez esleitu beharrekoak edo pertsonek sarbide librea izango dutenak behar dituzu?
- Talde bakoitza zenbat pertsonak osatu behar dute?
- Zein espaziotan ezarriko da jarduera?
- Zenbat denbora iraungo du dinamikak?
- Arrakasta izatea ziurtatzeko, aurretiko zein ezagutza edo baliabide behar dira?
- Zein izango da/dira benetako emaitza/k?
- Zer rol beteko dituzte taldeko kideek dinamikan zehar?
Dinamiken kontu honekin nondik hasi ez badakizu, hona hemen hiru esteka gai hori sakondu nahi duzunean eskura izateko:
- Ebook – Facilitación del aprendizaje colaborativo en entornos digitales
- Ebook – Facilitación de procesos de cocreación, hacia una colaboración radical
- Web orrialdea: Hyper Island Toolbox (ingelesez dagoenez, hemen duzu itzultzailea, behar izanez gero).
Ordenatu zure intoxikazioa arintzeko
Zuk nahiz zure taldeko kideek edukiaren sendatzaile bihurtu beharko duzue. Ziurrenik, horretarako, lau eseak aplikatu beharko dituzue: (search) behar dituzuen informazio zehatzak bilatzea, (select) garrantzitsuenak direnak hautatzea, (save) gordetzea Marie Kondok onartutako ordenarekin, eta (share) beharrezkoa denean partekatzea edo jokoan hartzea.
Ondo “sendatu” ahal izateko, bai edo bai, zure taldearekin adostu behar izango duzu “nola egingo duzuen” (adib., etiketak, deskribapen laburrak, hitz giltzarriak, e.a. erabiliz) edota “zein erremintarekin” egingo duzuen (adib., Wakelet, Diigo, Pearltrees, Pinterest, e.a.), zuen interesen edo egokitzat jotzen dituzuen beste elementu batzuen arabera.
Garatu zure IKT kita (presarik gabe baina etenik gabe)
Honaino irakurri baduzu, dagoeneko konturatuko zinen teknologiak zuri eta zure taldeari bizitza errazteko bitartekoak direla zuen helburuak lortzera bideratutako zenbait dinamika ezartzeko unean.
Baina helburua bete ahal izateko, erabili ditzakezun erreminta teknologikoen gordailu bat eskura izatea gomendatzen dizut, ondo antolatuta. Modu horretan, diseina ezazu fitxa birtual bat (nahiago duzun tresnan: Google Drive, Canva eta abarreko aurkezpenak edo dokumentuak), alde batetik, aipatu teknologiari buruzko informazioa jaso ahal izateko (adib., esteka, deskribapen laburra, funtzionaltasun nagusiak, izaera kolaboratiboa, kostua, formatu ezberdinetako tutorialak, e.a.).
Eta, beste aldetik, erabileren inguruko eremuak ere jaso: zein dinamikatan erabili daitekeen eta nola, zein den pertsona hasiberri batentzako ikasketa-kurba, emaitza onak eta ez hain onak izan dituzten esperientziak, e.a.
Mundu ideal batean, IKT kita elkarlanean eratzeko esango nizuke, proposameneko pertsona guztien ekarpenekin, baina, hori egiteko, lehendabizi, denek izan behar dituzte argi zehaztu beharreko itemak.
GARRANTZITSUA! Teknologia berarekin dinamika mordoa burutu dezakezu, baina (orain huts egingo dizut) ez du balio proposatzen duzun guztia egiteko. Beraz, izan adimena zabalik, batzuetan cocktail teknologikoa egitea egokituko baitzaizu, proiektuaren zuen errezeta partikularrean markatuta duzuen guztia zure taldearekin garatu ahal izateko.
Praktikatu, lotsarik gabe!
Teknologiekin esperimentatzeko denborak beharrezkoak dira, edo, hobeto esanda, derrigorrezkoak. Ez izan beldurrik erreminta teknologikoei; beraz, jauzi hirukoitz bat egin besterik ez duzu, bertan murgiltzeko.
Baina, kontuz! Ez izan adoretsua. Lehendabizi, ikusi pare bat bideotutorial labur, teknologien oinarrizko funtzionamendua ulertu ahal izateko. Betarik baduzu, irakurri ideiak argitzen lagunduko dizun eskuliburu labur edo informazio-ondoko bat. Informazio-dutxa horren ondoren, sartu pixkanaka hautatutako baliabide hori frogatzera eramango zaituen korrontean.
Ez izan beldurrik, ez da ezer lehertuko eta teknologia berri baten funtzionalitateak lardaskatzen dituzun bitartean. Gehienez ere baliteke esperimentatzen ari zinen bitartean sortu duzuna galtzea, baina hori kostu txikiko arriskua da, eta zu eta bion artean, horretarako dira probak, ezta? (eta, bestela, Argiñanori galde diezaiotela).
Ah! Irakurri letra txikia teknologiak erabiltzen dituzunean. Horrek esan nahi du arreta eskaini behar diezula doako bertsioaren funtzionalitateei, gero ezustekorik (ziurrenak atsegina ez dena) ez izateko. Behin teknologia bat dastatuta, erabaki beharrezkoa den ordainpeko bertsioaren alde egitea ala ez, garatzen ari zaren lanean erabiltzeko.
Eta honaino XL tamainako sintesi-post hau. Zuretzat elikagarria izatea espero dut.
Erabat entzuteko prest nago iruzkin konstruktiboren bat, zalantza deserosoren bat edo zure lankidetza-proiektu publiko-sozialetan teknologiak sartzetik eratorritako esperientzia profesionalen bat partekatu nahi baduzue nirekin.
Aurrera Bherriarekin!
P.S. Jakin badakizu Bherria ekimenean parte hartzen ari zaren teknikaria bazara, zure eskura nauzula hilabete oso batean, zure IKT kitarekin aurrera nola egiten ari zaren esan diezadazun. Aprobetxatu, klik batean lortuko nauzu-eta!🙂