Hemen da berriro Bherria proposamen berriarekin

Bherriak, Herri Administrazioaren eta herritarren artean lankidetzarako modu berriak aztertzera eta sustatzera bideratutako ekimenak, Bherria Egonaldia abian jarri du; hots, Euskadin herritarrak aktibatzeko prozesuak indartzeko proposamen berria.

Azken bi edizioetan, 250 lagunen parte-hartzeari esker, lankidetza publiko sozialerako formula berriak landu ditugu Bherriaren Agoren bitartez, eta, era berean, espazio publikoen kudeaketa komunitariorako erronkari aurre egin diogu BherriLab-en bidez (herritarren laborategia).

Orain, formatu berriarekin gatoz. Bherria Egonaldia elkar topatu eta elkarrekin lan egiteko gunea da, udal-administrazioek gidatzen dituzten edo parte hartzen duten proiektuak sakontzeko eta hobetzeko sortua. Proiektu horien helburua pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da, herritarren ekimenekin batera lan eginez, eta parte-hartze sozialaren eta boluntariotzaren baloreei lotuta.

Bizikidetza-espazioa udalerrian proiektu bat abian duten Herri Administrazioko teknikariei zuzenduta dago, eta martxoaren 12an eta 13an burutuko da Bilbon. Bizikidetza oinarri izango duen formatu trinko horrek kontzentrazioa eransten dio jarduerari, eta topaketaren harreman-potentzia handitzen du; bi alderdi horiek funtsezkoak dira proposamen honen helburu espezifikoetarako.

 

Lanerako hiru ardatz

Egonaldiaren asmoa da bizikidetzarako gune  bat izatea. Egun eta erdiko jardunaldian garatuko diren ekintza formalen eta informalen bitartez, parte-hartzaileen proiektu zehatzak sakonduko dira, lanerako esparru egituratuan aztertzeko, egiaztatzeko edo oztopoak bilatzeko. Aholkularitza eta esperientziak trukatzeko aukera eskainiko da, betiere begirada zabal, aske, kritiko, eraikitzaile eta sortzailetik erreparatuta.

Topaketa lanerako hiru ardatzaren inguruan eratu da: erakundeen barneko lankidetza, parte-hartze prozesuak eta boluntarioen sustapena indartzeko; erakunde sozialen eta herritarren ekimenen arteko lankidetza, dinamika horiek bultzatzeko Udalek jarritako laguntza-estrategiei erreparatuta; eta Herri Administrazioaren eta herritarren arteko lankidetza, erronka sozial berriei erantzun eraginkorragoak ematearren.

¡Bherria abian da! Jaitsi dossierra Egonaldiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko. Aurrez izena emateko epea otsailaren 21eko 14:00etan amaitzen da. 

Aurrera egiteko unea da. Abian jartzea erabakitzen baduzu…

 

ZATOZ BHERRIA EGONALDIRA!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude