Komunitatean eta komunitatearekin zaintzea eta zainduak izatea: guztion erantzukizuna

Erkuden Aldaz
Prestakuntzaz gizarte-langile eta psikologo, bere lan-jarduera zaintzaren eremuan garatu du, bai esku-hartzearen eremutik bai ikerketaren aldetik. Egun, egungo zaintza-eredua ikuspegi komunitarioetara eta pertsonengandik hurbilagokoetara eraldatzeko proiektuetan murgilduta dago, udalerri zaintzaileak eraikitzeari arreta berezia jarriz.

EMAN IZENA ORAIN ERKUDEN ALDAZ-EKIN EGINGO DEN SAIOAN!

Azken urteetan, “komunitatea” eta “zaintzak” elkarrekin agertzen dira esparru eta estrategia anitzetan. “Zaintza komunitarioaz”, “komunitate zaintzaileaz”, “komunitatean zaintzeaz” eta “komunitatearekin zaintzeaz” aritzen gara, horietako bakoitzarekin zer esan nahi dugun oso ongi jakin gabe. Batzuetan, komunitatea aipatzean, esanahiak, ñabardurak eta irismen desberdinak ezkutatzen ditugu. Gauza bera egiten dugu zaintzen inguruan hitz egitean ere.

Zaintza onaren inguruan gizarteak duen iritzia aldatzen ari da pixkanaka. Eguneroko bizitzako oinarrizko jardueren eta jarduera instrumentalen inguruko defizitaren eta beharraren ikuspegia bizimodu onaren ikuspegiarekin ordezkatzen ari da, eta bizimodu horretan, pertsonek, gainera, ongizate pertsonala izan eta laguntza pertsonalizatuak jasotzeko aukera izan behar dute, hautatutako bizitza-proiektu baten arabera eta komunitatean bizi ahal izateko.

Komunitatea, askotan, zaintzei eusteko bidetzat hartzen da, pertsonen ikuspegitik merezi duen garrantzia eman gabe. Zainketen gizarte-antolaketan, komunitateak ez du erantzukizun publikoa edo merkatuaren rola ordezkatu behar. Familia gehienek zaintzen jarraitu nahi dute, baina ez orain arte egin duten moduan. Era horretan, komunitateak testuinguru horretakoa izatearen behar hain gizatiarrari erantzuten dio, testuinguru horretan identitate kolektiboa sortu, harremanak modu naturalean eratu eta parte hartu, lagundu eta gure herritartasun-eskubideak gainerako pertsonekiko aukera-berdintasunean gauzatu baititzakegu. Jakin badakigu bide luzea geratzen dela pertsona guztiek, salbuespenik gabe, beren herritartasun-eskubideak egikaritu ahal izatea lortzeko. Eguneroko bizitzan zaintzak eta laguntzak behar dituzten pertsona askoren errealitatea da, hain zuzen ere.

Asistentzia-kultura errotutik Giza Eskubideetan oinarritutako kulturara bidean urratsak egiten ari gara, baina oraindik ere badira zaintza eta laguntza behar duten pertsonen inguruko estereotipoak eta uste faltsuak. Gure komunitateak ez dira pertsona guztientzat, eta pertsona asko komunitatetik urrun bizi dira. Zaintzeko gure sistemak, askotan, logika zatikatu, zurrun, erreaktibo eta zerbitzuak ematean oinarritutako batetik erantzuten jarraitzen du. Beti koordinatzen ez diren sistemen artean banatzen dira erantzukizunak, eta espero dugu pertsonak eta haien familiak erakunde-egitura konplexu batean orientatzeko gai izatea. Beraz, estrategiaz aldatzeko garaia da.

Horrela, zaintzarako tokiko ekosistemak egoera horri erantzuteko sortu dira. Horietan, arlo indibidualean, komunitarioan eta gobernantzatik lan egiten da, prebentziorako, esku hartzeko eta ebaluatzeko ekintzak garatuz, pertsona guztiek komunitatean bizitza ona izateko baldintza egokiak sortzeko helburuarekin. Modu horretan, modu koordinatuan lan egin behar da gizarte- eta osasun-zerbitzuekin, zaintza-zerbitzuekin, komunitatean dauden aktibo guztiekin eta tokiko eta probintziako administrazio publikoarekin, zaintzak behar dituzten pertsonek eta zaintzaileek etengabe parte hartuz.

Ekosistema horietan, adostutako printzipioak kontuan hartuta bideratzen dira erabakiak eta garatu beharreko ekintzak, printzipio horietan pertsonak eta komunitatea erdigunean izanik. Duintasuna, autonomia, parte-hartzea, zeharkakotasuna edo erantzukidetasuna dira printzipio horietako batzuk. Gainera, deszentralizaziorako nolabaiteko joera sustatzen dute, erabakiak pertsonengandik hurbil hartzea bultzatzeko eta zaintzak eta laguntzak antolatzeko, zorroaren arabera dauden baliabide guztiak eta komunitatean dauden baliabideak erabilita.

Aurrean jada aipatu moduan, komunitateak garrantzi berezia hartzen du udalerri inklusiboak eta zaintzekin konprometitutakoak sortzean. Horietan, komunitateko pertsonak erantzunkideak dira zaintza-prozesuetan, haien generoa edo adina edozein dela ere. Komunitate hori osatzen duten pertsonen zaintzan hainbat modutan parte hartzen dute. Baita laguntza-premia handia denean ere. Horrez gain, udalerri horiek aktibazio komunitarioa sustatzen eta indartzen dute modu askotan. Gobernantza parte-hartzailea sustatzen dute, eta, horrela, zaintzak behar dituzten pertsonek lekua dute eta hainbat ekintzatan inbertitzen dute, portaerak eta jokabideak aldi berean eraldatzen dituzten balioak eta sinesmenak eraldatzeko. Horrela, adostutako balioekin koherenteagoa den kultura sustatzen da.

Ikus daitekeen moduan, hurbilketa horrek zaintzak ulertzeko eta horiek kudeatzeko dugun modua aldatzea eskatzen du. Botton-up (laguntzen kudeaketa) eta top-down (gobernantza parte-hartzailea eta inklusiboa) logikak eskatzen ditu, badakigulako zaintzen iraunkortasun soziala, neurri handi batean, pertsona guztiengan pentsatuz gobernatzeko dugun gaitasunaren mende egongo dela, giza aniztasunean balioa izango duen komunitate inklusibo bat lortzeko bidean aurrera egiteko dugun gaitasunaren mende, aliantzak ehuntzeko eta pertsonak erdigunean jarriko dituzten lankidetza-moduak sortzeko gaitasunaren mende.

Ikuspegi horrek, beraz, pertsona guztientzako inplikazioak ekartzen ditu, zaintzak giza baldintza unibertsala diren heinean. Denok zaindu dugu eta zainduak izan gara, eta berdin izango gara etorkizun hurbilean edo ez hain hurbilean. Eta orain, guztiok imajinatzen dugu gure bizitzan gutako bakoitzak aukeratuko dugula nola, non eta norekin bizi. Gure loturei eusteko eta komunitatean eta guretzat esanguratsuak diren jardueretan parte hartzeko aukera emango digun bizitza. Hori dela-eta, zaintzen etorkizunaz ari garenean, zer baliabide sortu nahi ditugun ez ezik, zer-nolako komunitateak eraiki nahi ditugun ere galdetu behar diogu geure buruari. Izan ere, zaintzen etorkizuna ongizate kolektiboaren erantzunkidetzat hartzeko, loturak berreraikitzeko, parte-hartzea indartzeko eta pertsona bakoitzak duintasunez, helburuz eta gainerakoekiko loturaz bizitzen jarraitu ahal izateko dugun gaitasunaren araberakoa izango da.

Eta hori guztion zeregina da.

IZENA EMAN NAHI DUT!

Gogoratu Prestakuntzako saioak irekiak eta doakoak direla, eta 09:30etik 11:00etara egiten direla. Deialdi bakoitzean, izena emateko esteka ematen dugu. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

bherria
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.