Zaintzei buruz hitz egitea elkarbizitza antolatzeko moduari buruz hitz egitea da

Bherria Prestakuntzaren hurrengo saioa urriaren 15ean izango da, 9:30etik 11:00etara, eta, bertan, zainketen gizarte-antolaketaren inguruko egungo erronkak jorratuko ditugu, lankidetza publiko-komunitariotik zer erantzun eraiki daitezkeen aztertzearekin batera. Horretarako, Erkuden Aldaz izango dugu gure artean. 

Erkuden Aldaz
Prestakuntzaz gizarte-langile eta psikologo, bere lan-jarduera zaintzaren eremuan garatu du, bai esku-hartzearen eremutik bai ikerketaren aldetik. Egun, egungo zaintza-eredua ikuspegi komunitarioetara eta pertsonengandik hurbilagokoetara eraldatzeko proiektuetan murgilduta dago, udalerri zaintzaileak eraikitzeari arreta berezia jarriz.

EMAN IZENA ORAIN ERKUDEN ALDAZ-EKIN EGINGO DEN SAIOAN!

Abiapuntu horrek zaintza jasotzen duten pertsonak erdigunean jartzen ditu eta eskubide osoko herritar gisa aitortzen ditu, beren bizitzari buruz erabakitzeko eta behar dituzten laguntzen diseinuan parte hartzeko gaitasuna dutenak. Zaintzea ez da soilik mendekotasun- edo ahultasun-egoerei erantzutea, baita autonomiarako, parte-hartzerako eta kide izateko baldintzak sortzea ere. Pertsonak beren beharrizanetatik ez ezik, beren gaitasun, lotura zein ekarpenetatik ere aitortzea dakar, baita komunitatearen parte izateko duten eskubidea bermatzea ere.

Ikuspegi horretatik, zaintzak gizartean nola antolatzen ditugun pentsatzeak zera galdetzea ere badakar: zer zeregin duten familiek, profesionalek, zerbitzu publikoek, merkatuak eta komunitate-sareek, eta nola banatzen ditugun eragile horien guztien artean bizitzari eusteko erantzukizunak, erabakiak eta gaitasunak.

Erronka horri aurre egiteko, onartu behar da administrazio, zerbitzu profesional, familia edo komunitate bakar batek ere ez dituela behar diren gaitasun guztiak. Hori dela-eta, erronka ez da soilik zerbitzuak zabaltzea edo gero eta handiagoa den eskaerari hobeto erantzutea. Izan ere, zaintzei eusten dien arkitektura berrikusi behar da: nork hartzen dituen bere  gain erantzukizunak, nola banatzen diren denborak eta baliabideak, zer bermatzen duen publikoa denak, zer eginkizun betetzen duen merkatuak eta zer-nolako gaitasuna duten pertsonek eta komunitateek beren eguneroko bizitzan eragina duten erabakietan esku hartzeko. 

Antolaketa horrek erantzukidetasuna izan dezan —gizonen eta emakumeen artean eta administrazioaren, familiaren eta komunitatearen artean—, dimentsio komunitarioak garrantzi berezia du. Hala ere, zaintzen arloan komunitateaz hitz egiteak ez du esan nahi zerbitzu publikoek bete ezin duten hura betetzeko sare informal batean pentsatu behar denik. Era berean, baliabiderik ez izateagatik, ez da auzotarren borondate on edo boluntariotzara jo behar. Komunitatea bilbe plurala da, eta honako hauek osatzen dute: zerbitzu publikoek, gizarte-erakundeek, profesionalek, elkarteek, ekipamenduek, auzo-sareek, talde informalek, saltokiek, familiek eta herritarrek. Guztiek lurralde bat partekatzen dute.  

Trama hori indartzeko, ez zaizkio arlo publikoari dagozkion erantzukizunak eman behar. Lankidetza publiko-komunitarioa, hobeto esanda, zaintzeko dugun gaitasun kolektiboa handitzeko modu gisa uler daiteke, eta, era horretan, arlo publikoak, eskubideak eta ekitatea bermatu behar dituen bitartean, beste ezagutza batzuk aitortzeko, eragileak konektatzeko, diagnostikoak partekatzeko eta inplikatutako pertsonekin batera erantzunak eraikitzeko espazioak irekitzen ditu. Familiek eguneroko ezagutza metatzen dute; profesionalek zerbitzuen aukerak eta mugak ezagutzen dituzte; eta erakunde eta sare komunitarioek, berriz, askotan radar instituzionaletik kanpo geratzen diren egoerak detekta ditzakete.

Bherriaren ziklo berri honetan, hain zuzen ere, galdera hauetara hurbildu nahi dugu: nola eraikiko dugu familien eta, bereziki, emakumeen gainean oinarrituko ez den zaintza-antolaketa bat? Nola indartuko ditugu komunitateak zerbitzu publikoen ordezko bihurtu gabe? Zer-nolako mekanismoak ari gara aktibatzen zaindutako pertsonek, familiek eta profesionalek zerbitzuen diseinuan, segimenduan eta ebaluazioan parte har dezaten? Herritarrekin benetan zer erabaki partekatuko genituzke, eta zer-nolako baldintzak behar ditugu parte-hartze horrek benetako eragina izan dezan? Nola babes ditzakegu ekimen komunitarioak xurgatu, instrumentalizatu edo haien autonomia murriztu gabe? Eta nola eramango ditugu lankidetza-esperientzia txikien ikaskuntzak politika eta zerbitzu arruntetara, konfiantza, loturak, autonomia edo kide izatearen sentimendua bezalako inpaktuak ere aintzat hartuta? 

Izan ere, zaintzei buruz hitz egitea komunitate-bizitza antolatzeko moduari buruz hitz egitea bada, zaintzak eraldatzeko, erakundeek, profesionalek, familiek eta komunitateek bizitza horri eusteko erantzukizunak, erabakiak eta gaitasunak partekatzeko dugun modua ere eraldatu behar da.

IZENA EMAN NAHI DUT!

Gogoratu Prestakuntzako saioak irekiak eta doakoak direla, eta 09:30etik 11:00etara egiten direla. Deialdi bakoitzean, izena emateko esteka ematen dugu. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

bherria
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.