Bherria egonaldia, lankidetza publiko-sozialeko proiektuak indartzeko topaketa

#Bherriaren edizio berria? Eta egonaldi formatuarekin, gainera? Zenbat albiste on tuit batean! Horrela jaso zen urtarrilaren 23an Bherriaren proposamen berria. Handik aste batzuetara, martxoaren 12an, Bherria Egonaldia iritsi da.

Goizeko zortziak dira ZAWPen Terminalean, ‘Estampaciones y Calderería’ren pabiloi zaharrean; orain balio anitzeko espazioa da, leku esanguratsua, eta gu bertara hurbildu gara Zorrotzaurre auzoa suspertzeko inplikatzen diren pertsonen kezkaren bidez sortu baita. Hemen 30 pertsona baino gehiago bildu gara elkarrekin egoteko egun oso bat eta erdiko denboraldian, formatu trinkoan, Herri Administrazioaren eta herritarren arteko lankidetza-proiektuak sakontzeko eta hobetzeko, parte-hartze soziala eta boluntariotza bezalako balioak aintzat hartuta. Jakin badakigu datozen bi egunetan zalantza-egoera biziko dugula, koronabirusaren inguruko lehen mezuak iristen hasi direlako. Ez dakigu noraino aurrera egiteko aukera izango dugun. Abian jarri gara Bherria Egonaldia iritsi izanaren ilusioarekin, prestatzen eta lan egiten gogor aritu eta gero.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako zuzendari Marian Olabarrietak ongietorria egin eta eskerrak eman dizkie Euskadiko udal-teknikariei nahiz Bartzelonatik, Iruñatik, Manlleutik Zaragozatik edo Sevillatik etorri diren pertsonei, gonbidapena onartu eta haien proiektuak guri aurkezteagatik. “Bherria apustu berritzailea da harreman publiko-sozialeko modu berriak sustatzeko. Deialdi honi emandako erantzunak argi erakusten du lankidetza-harremanak egiteko beharra dagoela administrazioan bertan, herritarren artean eta administrazioaren eta herritarren artean. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Departamentuan ziur gaude erronka garrantzitsuei erantzun ahal izango diegula soilik herritarrekin batera baldin bagoaz”, azaldu du zuzendariak.

Bherria Egonaldia hasi da!

Talde bideratzaileak dagozkion azalpenak eman ondoren, lehen saioari hasiera eman diogu. Egonaldi honen printzipioek elkarrekin eraikitzeko, zehatzera joateko, proaktibitatera irekitzeko eta esperientzia propioan dugun ezagutzatik ekarpenak egiteko eran kokatzera gonbidatzen dute. Modu horretan, lanean hasi gara. Espazioan barneko mugimenduak elkar ezagutzen laguntzen du: Nondik gatoz? Zein arlotan edo departamentutan egiten dugu lan? Nola bizi ditugu proiektuak? Zama edo inspirazio-iturri dira? Helburu argi bat dugu: antzeko proiektuetatik konektatzea eta ikastea erabilgarritasuna eta praktikotasuna bilatuaz.

Terminaleko hormak 18 panel handirekin jantzi ditugu, bat proiektu bakoitzeko; ekintzen ibilbidea eta ikaskuntzak jasotzeko eta ondorioak jartzeko espazioa dituzte. Parte hartzen duten proiektuen banako eta taldeko autodiagnostikoa egin dugu; ondoren, arketipoei buruzko lana egin eta gure proiektuetan inplikaturiko agenteen arteko harremanaz gogoeta egin dugu, aldaketa garrantzitsua ekar dezakeen palanka-puntua bilatzeko —inpaktu handiagoa energia gutxiagorekin—. Nortzuk dira? Zer-nolako jarrera dute? Zer-nolako esaldiak entzuten dizkiezu proiektuan parte hartzen duten edo hartuko duten pertsonei? Nolako tonua erabiltzen dute? Nolakoa da haien gogo-aldartea? Zerbait garrantzitsua dute zuri kontatzeko? Gure proiektuarekiko eta bultzatzen den testuinguruarekiko lehen hurbilketa egin eta gero, beste proiektu batzuk ezagutzeko unea da. Alderatzeko gogo handia dugu, beste pertsonen esperientzia aprobetxatu eta zure zalantzak eta ikasitakoak partekatzeko gogoa.

Ondoren, kafea, fruta eta bizkotxo batzuk hartzeko atseden txiki bat egin eta haien izaera, tamaina, garapena edo inpaktua medio beste distira bat dutela diruditen proiektuak ezagutzeko unea iritsi da. Proiektu horiek baliagarriak dira, geure buruari begiratzeko ispiluak bezala.  Carolina Romero hasi da Decidim aurkezten, Xabier Barandianek bideo honetan azaltzen zuen plataforma, herritarrek parte hartzekoa. Jarraian, Raúl Olivánen txanda izan da: boluntariotzari buruzko ikuspegi berria eta teknologiek CVOL bidez hori ezagutzera emateko eta errekonozitzeko izan dezaketen lekua azaldu ditu. Azkenik, Axel Morenok Iruñategi proiektura hurbildu gaitu; hau da, Iruñeko 1.960 baliabideren datuak biltzen dituen ekimena. Online mapa interaktiboaren eta auzo bakoitzeko 13 planotan kontsulta daitezke horiek. 

Aurkezpenetan galderak sortzen joan direnez, hiru mahaitan banatu gara Carolinarekin, Raulekin eta Axelekin hitz egiteko; aldi berean, garrantzitsua den eta gure proiektuak aberastu ditzakeen guztia idazten joan gara nabigazio-egunkarian. Adimen kolektiboak duen indarra aprobetxatu nahi dugu pertsonen arteko aholkularitza-talde txikiak antolatuta, galderak trukatu, zalantzak partekatu eta proiektu bakoitzari buruzko ekarpenak jasotzeko; dinamika hori ahalik eta gehien aprobetxatzen da. Esan bezala, pertsona horien artean indarra eta energia handia dagoela sumatzen da.

Amaitu dugu saioa panel guztien inguruan; pertsona bakoitzak esperimentatu duen aurrerapenen bat azpimrrtzen du. Ariketa ona da. Jarraian, osoko bilkura bat egingo dugu gertatutakoari buruzko gure iritzia emanez, poztasun sentsazioa nahiko partekatua izan zen. Horrela iritsi gara 18.30etara, eta une horretan lehen egunari amaiera eman diogu. Gure proiektuei buruzko ideiak eta iritziak entzun, landu eta trukatu ditugu.

Egonaldi honetan, harremanak estutzeaz gain, sareak ehundu nahi ditugu lankidetza-logikak jorratzen jarraitu nahi duten pertsona geldiezinen artean. Hori dela-eta, Sarean-era joan gara afaltzera, San Frantzisko auzoan dagoen auzoko espaziora, herritar talde baten (Plaza Espazioa Kultur Elkartea), ostalaritza-ustiategiaren eta Toki Administrazioaren (Bilbo Ekintza) arteko lankidetzaren adibidea den lekura. Bilera ordu askotakoa izan bazitekeen ere, goiz erretiratu gara biharamunean Terminalera goiz itzuli nahi dugu-eta.

Ostirala da, martxoak 13. Lanari heldu diogu Egonaldi honetatik ateratako hura identifikatuaz.  Koronabirusari buruzko albiste berriak iritsi dira, eta, arretaz jokatzeko, saioa bertan behera uztea erabaki dugu. Hala ere, laster argitaratuko ditugun txostenetan osorik ikusi ahal izango diren ikaskuntza batzuk jaso ahal izan genituen, laburpen-bideo batekin, baliabideekin eta Bherria Egoitzaren ebaluazioarekin batera. Ebaluazioa, 1etik 6rako eskalan, 5,36 puntura iritsi da. Hona hemen aurrerapen bat:

  1. Espazioak eta denbora zaintzea distantzia hartu eta prozesuei eta proiektuei buruzko hausnarketa egiteko.
  2. Taldeak, itunak eta zeharkako proiektuetan inplikaturiko pertsonak zaintzea.
  3. Zenbait egitura, ezarritako logikak,… aldatzeko beldurrik ez izatea.
  4. Mugekin borrokatzeari uztea eta energia alda dezakegun hartara bideratzea.
  5. Hizkuntza teknokrata ez erabiltzea eta beste pertsona batzuengana hurbiltzeko aukera ematen duten zubiak eraikitzea.
  6. Geruza digitalari arreta gehiago eskainita eraikitzea. Geruza digitalaren erabilera, hibridazioa eta prozesu presentzialekiko bizikidetza aztertzen jarraitzea.
  7. Parte hartzeko prozesuak hobetzea. Herri Administrazioaren eta herritarren arteko benetako bilgune bilakatu daitezela.
  8. Boluntariotzari, horren errekonozimenduari eta formalizaziori buruzko kontuak argitzea. Proiektuak arlo batetik bestera nola eraman, ekintza solidarioko palankak izan daitezen.
  9. Zeharkako ardatzak probatzea. Proiektu bakoitzean zein beste departamenturekin, erakunderekin eta pertsonarekin gure taldea zabaldu dezakegun pentsatzea.
  10. Parte-hartzea eta gardentasuna konektatzea erakundearen beraren barnean, udalerriarekin eta herritarren interesekin bat etorriz.

Honaino iritsi gara kronika honetan. Lanaldi baliagarriek praktikan jartzeko ikaskuntzak sortzen dituzte, eta, ondorioz, Bherria Egonaldian ikasitakoak energiaz bete zaitzatela eta zuen proiektua hobetzen lagun dezala espero dugu. Ideia eta esperientzia hauek pertsona gehiagorengana iristen jarraitzea nahi genuke, guztion artean gizarte zuzenagoa eta solidarioagoa eraikitzen jarraitzeko eta  administrazioaren eta herritar aktiboen arteko lankidetza jorratuaz.

Bitartean, zaintzea egokitzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude