Abiapuntua

Ikerketa honetan, lankidetzaren alderdi soziala aztertu dugu bost egoeraren inguruan: ekonomia soziala eta solidarioa, auzo-ehunak, hirugarren sektorea, aktibismo digitala eta maker komunitatea. Analisia egiteko, uste da bilbe komunitarioak funtsezkoak direla tokiko jarduera instituzionalaren eta herritarren ekimen sozialen artean lankidetza-esparru berriak ezartzeko.

Ikerketa Laia Fornék (demokrazian eta ondasun komunetan aditua den soziologoa) eta Mauro Castrok (ikertzailea eta aholkularia herritarren parte-hartzean eta hiri-politiketan) egin dute. Biak La Hidrakoak dira; hots, hirirako eskubidea bermatzeko hiri-eraldaketan aritzen den kataluniar kooperatibakoak.

COVID-19ak bilbe komunitarioek duten garrantzia erakutsi du

Hondamendi naturalen ekologia politikoari buruzko azterketek oinarrizko bi printzipio berretsi dituzte: a) hondamendi beraren aurrean, inpaktuak kaltegarriagoak dira prekarietate handiagoa jasaten duten populazioentzat; b) gihar komunitario handiagoa duten gizarteak arriskuen aurrean erresistienteagoak dira, eta inpaktuaren ondoren berreskuratzeko gaitasun handiagoa dute.
Koronabirusaren pandemiak eragindako larrialdiak bi ideia horiek baieztatzen ditu:

  • Bizitzari eusteko baldintzak larriagotu egin dira, eta gizartea muturreraino eraman dute, lehendik zeuden ahultasunak eta desberdintasunak areagotzearekin batera.
  • Erantzun gisa, elkartasun-ekimenak ugaritu dira, bilbe komunitarioek duten garrantzia agerian utziaz, bizitzari eusteko benetako zutabe moduan. Batzuk indibidualak eta berezkoak izan ziren edo konfinamendutik eratorritako baldintza espezifikoei erantzuteko pertsonak aldi baterako biltzearen emaitza. Esperientzia horien artean, erantzun kolektiboak ere aurkitu ditugu, ekintza kolektibo modu berrietan mamitu daitezkeenak.

Pandemia aukeraren testuinguru gisa

Herritarren elkartasunaren larrialdiak aprobetxatu beharreko aukera-leiho bat ireki du lankidetza-esparru berriak ezartzeko tokiko jarduera instituzionalaren eta herritarren ekimen sozialen artean, boterearen erabilera publiko bertikala eta zentralizatua aldatzeko, dauden ahalmen, ezagutza eta egitura komunitarioak errekonozitu eta kontuan hartzeko aukera ematen duen lankidetza-eredu baterantz bideratze aldera.


Hipotesia

Abiapuntuko hipotesia da ehun sozio-komunitarioa funtsezko elementua izan daitekeela krisia igaro ondoren aukera berriak eraikitzeko; halaber, elkartasun hori eta bilbe komunitarioak ez direla hutsetik sortzen, baizik eta aurretiko ondare kulturalean babesten direla, eusten dioten azpiegitura sozialetan eta denboran zehar irauten duten harreman sozialetan.

Premisa horiek aintzat hartuta, lankidetza publiko-sozialaren alderdi soziala aztertuko dugu, gizarte-mailako adierazpen ezberdinak irudikatzen dituzten bost esperientziatatik abiatuaz.

Zer gertatzen da bilbe komunitarioekin instantzia publikoekiko dituzten loturetan? Zer-nolako aldeak daude alderdi sozialeko aktore ezberdinen arteko lankidetza-esparruetan? Lankidetza-esparruak egokiak al dira azpiegitura sozial hori eta bilbe komunitario horiek sustatzeko? Nola eusten zaio elkartasunari COVID-19tik haratago?


Ikertutako esperientziak

Alimenta proiektua

Bartzelona

Ekimenaren helburua da lankidetza publiko-sozialeko esparru bat eraikitzea, Bartzelonako hirian elikadura sozialaren arloan dauden zerbitzuen inguruko ekintza eta baliabide ezberdinak biltzeko.

Decidim.Barcelona

Bartzelona

Bartzelonako Udalak parte hartzeko duen plataforma digitala da. Kode librean garatuta dago, eta gobernantza publiko-komunitarioa du; bertan, erakundeak, eragile sozialak, profesionalak eta herritarrak biltzen dira. Gaur egun, 100.000 erabiltzaile baino gehiago ditu.

Coronavirus Makers

Espainia

Koronabirusaren aurka babesteko ospitaleetarako, egoitzetarako eta gizarte-zerbitzuetarako materialak fabrikatzeko lankidetza teknologikoa bultzatzeko sortutako herritar ekimena da. Erantzunak itxaropen guztiak gainditu zituen, eta 17.000 erabiltzaile izatera iritsi zen Espainiako estatu osoan.

Red de Mujeres Cosedoras

Bartzelona

Emakumeen (batez ere migratzaileak) josteko talde informalak biltzen dituen sarea da, eta helburu bera partekatu dute: jostearen bidez okupatzeko borondatea. Elkarrik laguntzeko, autoenplegurako eta aktibismorako ekimen komunitarioa da, eta jarduera ekonomiko bilakatu nahi du Ekonomia Sozialaren eta Solidarioaren babesean. Emakume Jostunen Sareak eginkizun solidario handia garatu du, maskarak josi baititu eskura ezin zituzten pertsona eta profesional publikoentzat.

Casales Comunitarios

Bartzelona

Elkartasun-sareak indartu nahi dituen politika publikoa da, haiei baliabideak eta laguntza teknikoa emanaz, hiriko hurbiltasuneko ekipamenduen bitartez.


Ikaskuntzak

Lankidetza publiko-soziala larrialditik haratago orientatzeko bost ikaskuntza nagusi atera ditugu:

  1. Lehen ondorioetako bat da lankidetza publiko-soziala hobeto edo errazago egiten dela ibilbide luzea duten, finkatuta dauden eta entitate juridiko propioa duten proiektu edo erakundeekin. Modu horretan, era horretako proiektuek gaitasun handiagoa dute administrazioarekin erlazionatzeko eta haien ekimenak bultzatzeko baliabide komunak aprobetxatzeko.

    Hain zuzen ere, Hirugarren Sektorearen edo Ekonomia Sozial eta Solidarioaren kasua da. Elkarri laguntzeko sareek, ordea, erakusten dute ekimenak emergenteak izan diren auzoetan eta administrazioarekin aurretik harremanik izan ez dutenetan, batik bat beren baliabideak edo baliabide pribatuak erabiltzea hautatu dutela haien jarduera garatzeko, azpiegitura sozial sendoa zuten haietan ez bezala. Ildo horretan, aurretik bilbe komunitario solidoak izateak lankidetza publiko-komunitarioa errazten du, hori sendotzearekin batera.

  2. Larrialdi-uneek ere erakutsi dute Administrazio Publikoarentzat laborategi bihur daitezkeela, proba-akatsa espazioak irekitzen baitituzte, eta, orduan, administrazioak esperimentatu eta ezusteko aldaketetara egokitzeko aukera hartzen du, irtenbide berriak bilatzeko arintasun handiagoa eta berrikuntza behar duen bitartean.

    Hori ikusi dugu Alimentaren kasuan, aukera eman baitu elikadura sozialeko zerbitzu berri baten sorreran berritzeko, edota Coronavirus Makers-en kasuan, tokiko administrazioaren zerbitzuen barne-kudeaketa egokituta, Ateneoak “funtsezko zerbitzu” aitortu ondoren. Horri esker, kanpoko kontratuak aldatu ahal izan zituen zerbitzua berrantolatzeko eta giza baliabideak berregituratzeko, premiara arin egokitzearren, eta 3D teknologian eta beste sare eta proiektu batzuekin koordinatuta materiala ekoizteko lanean jarriaz.

  3. Proba-akatsa espazioak, halaber, ikasteko espazioak dira, eta erakundeei kudeaketa eta gobernantzako formula berriak probatzen uzten diete, administrazio-kudeaketaren dinamika arruntean pentsa ezin daitezkeenak. Boterearen erabileran toki-administrazioak izandako estilo-aldaketa bilbe komunitarioekiko errespetu eta errekonozimendu handiagoan oinarritu da eta horizontaltasun handiagoko eta sareko gobernantza-egitura batean.

    Administrazioak errespetuzko eta errekonozimenduko papera hartzen duenean, baliabide eta azpiegitura publikoen bideratzaile eta transmititzaile moduan kokatuta eta lidergoa herritarrei utzita, proiektuak finkatu, eskalatu eta bilbe komunitarioak indartzen dira. Coronavirus Makers-en kasuan ikusi dugu, administrazioak ez baitu politizatu bere helburuetarako, herritarren lidergoa, sareko koordinazioa eta kode irekia errespetatuaz ekoizpen-modu gisa.

  4. Gobernantza publiko-sozial berri horretan funtsezkoa izan den beste elementu bat proiektua bultzatzen duen taldearen lidergo hibridoa da. Alimentaren kasuan, zuzendaritzaren irudi polibalentea, administrazioaren eta Hirugarren Sektorearen funtzionamenduaren gaineko ezagutza konbinatu baitu, negoziatzeko eta bitartekaritzan aritzeko rolak bere gain hartuta, eta hori gakoa izan da hurbilketa eta ulermenerako. Era berean, Red Mujeres Cosedoras sarearen adibidea daukagu; aldi baterako enpresa-elkartetik sortu da, Gizarte Ekonomiako teknikari komunitarioen eta emakumeen taldeen artean, eta proiektuari eusteko baliabideak bilatzeko nahiz lan komunitarioaren zati bat, gobernantza, zaintzak eta ekintzailetza garatzeko aukera ematen du.
  5. Baina pandemiatik haratago, badira esparru batzuk, lankidetza publiko-sozialaren finkapena eta iraupena errazten dutenak eta zailtzen duten beste batzuk ere bai. Kudeaketa-esparru publiko-komunitarioa garatzeko arazoetariko bat da tokiko administrazioa Kontratazio Publikoari buruzko Legearen mende dagoela, eta, Lege hori, azken batean, Europako zuzentarauen mende dago, eta bertan aitortzen dira merkatu askea eta lehia “librea” ondasun eta zerbitzu publikoak esleitzeko.Alimenta horren adibide da. Proiektuaren iraunkortasuna arriskuan aurkitzen da Udalak ezin duelako bermatu era horretako toki-erakundeei baliabideak eskualdatzerik. Kontratazio Publikoaren Legeak ez du aurreikusten proiektu horiek egiten duten lanaren errekonozimendurik, eta konkurrentzia publiko bat ezartzera behartzen du beti, zerbitzu bat garatzen ari den tokiko aktore bat dagoenean beti egokitzen ez dena, eta, lurraldearen ezagutzari eta lan komunitarioari dagokienean berezitasun bat duenez, beste enpresa edo erakunde batek ordezkatzea zailtzen du.

    Modu horretan, erakundeak Hirugarren Sektorearekin eta, bereziki, tamaina handiko erakundeekin erlazionatzen badakiela ikusten dugu, hitzarmenen bitartez; zailtasunak ditu, ordea, proiektu komunitario txikiekin lankidetza-esparruak ezartzeko.Lankidetza publiko-komunitarioari eusteko eta hori finkatzeko, Legeak beste kontratazio-tresna batzuk jaso behar lituzke, konkurrentzia publikotik haratago, eta gardentasun- eta ebaluazio-mekanismoak behar lirateke proiektuen inpaktu soziala eta komunitarioa neurtze aldera, esparru juridiko berriak onartzeaz gain, gobernantza publiko-komunitarioaren beste modu batzuk ere posible izateko.

    Ildo horretan, Bartzelonako Udalak jardunbide egokiak garatzen ditu; hala nola, Herritarren Ondarea politikaren kasua edo sozialki arduratsua den erosketa ezartzea (Kontratazio publiko sozialerako gida. 2017). Modu horretan, Bartzelonako Udalak ehungintza iraunkor eta arduratsuaren aldeko apustua egin du, adibidez, maskara eta babesteko materiala erosterakoan diskriminazio positiboak eginez, Red de Mujeres Cosedoras bezalako ekintzailetza komunitarioko esperientziak bultzatzearren. Halaber, ikusi dugu aurrekontu publikoak erabili direla Coronavirus Makers bezalako esperientziak bultzatzeko, zeharkako eta epe luzerako inpaktuak eta onurak aintzat hartuta.

Azken finean, COVID-19ak erakutsi du larrialdi-egoeretan bilbe komunitarioek duten garrantzia eta gihar komunitario handiagoa duten gizarteak erresistienteagoak direla arriskuen aurrean, irtenbideak bilatzerakoan berrikuntza-maila handiagoa dutela, eta inpaktuaren ondoren errekuperatzeko ere gaitasun handiagoa dutela. Halaber, ikusi dugu bilbe sendoago horiek aurretiko ondare sozial eta kultural batean eta horiei eusten dieten azpiegitura sozialetan oinarritzen direla.

Bilbe komunitarioak ezinbestekoak badira larrialdi-egoeretan, administrazioak azpiegitura sozialak sortu eta bultzatu behar ditu, loturak sortzeko eta baliabideak eskuratzeko zubi izateko ekipamendu komunitario eta espazio publikotzat hartzen diren heinean. Alegia, espazio horietan, komunitatea eta ehun soziala eta auzo-ehuna erreproduzitu egiten dira, administrazioarekin gobernantza-espazio bat partekatzearekin batera. Gobernantza hori, beraz, horizontaltasunean, autonomian, errespetuan eta erantzunkidetasunean oinarritzen da.

COVID19ak zenbait ikaskuntza eta erronka agertu ditu Administrazio Publikoarentzat: hurbileko zentro zientifikoak sustatzearen aldeko apustua (Fabrikazioko Ateneoen antzera), tokiko bilbe komunitarioen premiekin eta interesekin konektatuta dauden espazio ireki gisa; azpiegitura sozial digitalak sortzea eta sendotzea espazio publiko hibrido gisa, bertan, konexioak, komunitatea, bertakoa izatearen zentzua, nortasun komuna eta abar eratuaz; edo lankidetza publiko-komunitariorako esparru juridiko solidoak finkatzea, adibidez, Herritarren Ondarea, tokiko komunitateek ekipamenduak eta zerbitzu publikoak utzi eta kudeatzearren.

Horiek dira COVID-19ak utzitako ikaskuntzei aurre egiteko zenbait adibide, eta, beraz, larrialdi-egoeretan bilbe komunitarioak garrantzitsuak direla eta horiek azpiegitura sozialen bitartez indartzen direla argi geratu da. Azpiegitura sozial horiek, aldi berean, administrazio publikoen eta komunitarioa denaren arteko lankidetza-esparru egokia dira, eta, baliabideak eta zerbitzuak hobeto egokitzeko aukera emateaz gain, koiunturako ekintzetatik haratago joaten uzten dute, koprodukzio publiko-sozialeko harreman iraunkorrak sortuz.


Lan-dokumentuak

IzenburuaAzalpenaDokumentu-motaEgileakDataPDFOrriak
La Hidra Kooperatibaren ikerketaren laburpena

Lankidetzaren alderdi soziala aztertuko dugu bost esparruren inguruan: ekonomia soziala eta solidarioa, auzo-ehunak, hirugarren sektorea, aktibismo digitala eta maker komunitatea.

Ikerketaren laburpena14/12/2021

22
Alimenta kasuari buruzko ikerketa

Ekimenaren helburua da lankidetza publiko-sozialeko esparru bat eraikitzea, Bartzelonako hirian elikadura sozialaren arloan dauden zerbitzuen inguruko ekintza eta baliabide ezberdinak biltzeko.

Ikertutako proiektua2021/12/14

14
Decidim.Barcelona kasuari buruzko ikerketa

Bartzelonako Udalak parte hartzeko duen plataforma digitala da. Kode librean garatuta dago, eta gobernantza publiko-komunitarioa du; bertan, erakundeak, eragile sozialak, profesionalak eta herritarrak biltzen dira. Gaur egun, 100.000 erabiltzaile baino gehiago ditu.

Ikertutako proiektua14/12/2021

15
Coronavirus Makers kasuari buruzko ikerketa

Koronabirusaren aurka babesteko ospitaleetarako, egoitzetarako eta gizarte-zerbitzuetarako materialak fabrikatzeko lankidetza teknologikoa bultzatzeko sortutako herritar ekimena da. Erantzunak itxaropen guztiak gainditu zituen, eta 17.000 erabiltzaile izatera iritsi zen Espainiako estatu osoan.

Ikertutako proiektua14/12/2021

16
“Red de Mujeres Cosedoras” kasuari buruzko ikerketa

makumeen (batez ere migratzaileak) josteko talde informalak biltzen dituen sarea da, eta helburu bera partekatu dute: jostearen bidez okupatzeko borondatea. Elkarrik laguntzeko, autoenplegurako eta aktibismorako ekimen komunitarioa da, eta jarduera ekonomiko bilakatu nahi du Ekonomia Sozialaren eta Solidarioaren babesean. Emakume Jostunen Sareak eginkizun solidario handia garatu du, maskarak josi baititu eskura ezin zituzten pertsona eta profesional publikoentzat.

Ikertutako proiektua14/12/2021

15
“Casals Comunitaris” kasuari buruzko ikerketa

Elkartasun-sareak indartu nahi dituen politika publikoa da, haiei baliabideak eta laguntza teknikoa emanaz, hiriko hurbiltasuneko ekipamenduen bitartez.

Ikertutako proiektua14/12/2021

15